→Zeberio

Kronika | Haizeak eraman gaitzala

Xabier Madariaga Ur Handitan saioko aurkezlea, Haizea motxiladun umea eta Nuria irakasle eta bidelaguna agertu dira herritarren aurrean

Ezkerretik eskuma, Xabi, aretoa jendez gainezka, eta Haizea / Jon Villapun

2018ko urtarrilaren 9an ETBk Ur Handitan saioaren ‘Motxiladun umeak’ programa emititu zuen. Ikusmina handia zen: euskal preso politikoen seme-alaben egunerokoaren kontakizuna. 112.000 ikusle izan zituen, %3,1eko rating audientzia, gainontzeko saioen bikoitza. Abizenik gabeko umeak izan ziren protagonistak eta umeen moduko saioa izan zen hura: goxoa, latza, negarrari ezin eustekoa, irribarrez eta arnasestuka irenstekoa. Egindako lana horren garbia eta autentikoa izan zen, orduan jaso zituen kritikek ez baitzuten eusteko aitzakiarik izan, alabantzek gainezka egin zuten nonahi.

Bi urte joan dira ordutik. Gabonetan Zeberiora etorri ohi da Xabier Madariaga Ur Handitan saioko aurkezlea. Bertan bizi baita 89 urteko Bixenta, bere amama. Bide batez, ‘Motxiladun umeak’ saioari buruzko hitzaldia eskaini zuen, udaletxeko aretoa jendez gainezka. “Zaila da kamara aurrean biluzteko prest dauden pertsonak topatzea. Intimitatea kontatzea eskatzen diegu. Eta umeekin beti sorpresak daude, bereziki, ezustekoak. Gari izeneko umea izan zen saioaren ildoa. Irribarretsu, bere aitonarekin eta amonarekin. Buruz buruko elkarrizketan geundela, Gari erori egin zen, lur jota negarrez. Une batean, saioa kolokan egon zen, ez genekien aurrera jarraitzerik izango genuen ala ez”. Grabaketaren zenbait pasarte kontatu zituen Xabierrek, eta horietako baten protagonistak bertatik bertara zituen hitzaldian entzule: Haizea, Zeberioko motxiladun umea, bere izebarekin batera; eta Nuria, herriko ikastetxeko zuzendaria.

Zeberioko Udaleko aretoa jendez gainezka / Jon Villapun

Nuriak hartu zuen hitza: “Nik erabaki bat hartu nuen. Haur hezkuntzan Haizearen irakasle izan nintzen, hiru urte zituela. Gainontzeko gurasoekin egiten nuen moduan, Haizearen gurasoekin ere hezkuntza bilerak egin behar nituen, eta biak kartzelan egonda, Haizearekin batera egiten nituen bisitak”. Hori izan zen abiapuntua. Ordutik Haizeak bere gurasoak bisitatzera egin dituen bidaietan Nuria izan du bidelagun: “Zure gurasoak kartzelatik atera arte zugaz egongo naz”. Horren sinple, horren erraz. Izan ere, bizitza norberak gura duen bezain sinplea eta konplikatua omen da. “Programa egin arte, nik ez nion garrantzi berezirik ematen. Erabaki bat izan zen”, zioen Nuriak. Bere ondoan Nerea zegoen, Haizearen izekoa: “Guk ez genuen espero, gurasoentzat ikaragarria izan zen, oso pozgarria”.

Xabi, Haizea eta Nuria / Jon Villapun

Haizea azken bisitatik heldu berria zen, zuzenean hitzaldira. 1.300 kilometro joan-etorrian. Lehen hezkuntzako seigarren mailan ari da. Hamaika urte bete berri ditu. Kartzelan jaio zen: “Zer da bisita bat ondo aprobetxatzea? Eurekaz denbora luzez egotea”. “Oraingoan eskolako notak esan dizkie, onak direlako!”, zioen barre artean Nuriak. “Ikaskideek ere galderak egin izan dizkidate, kotilleo handia. Nik erantzuten dodaz, baina tira…”. Haizearen adineko alaba dauka Nuriak eta horrek asko gerturatu du bi familien harremana: “Ume guztiak jagon behar dira, hauek ere bai. Kontutan izan behar da kartzelara bidaiek eragiten dietela, gurasoak urrun egonda eta hilabetean behin bakarrik ikusita… gainera, ezin da beti pozik eta umore onez egon!”. 45 minuturako eman zuen hitzaldiak. Bertaratutakoek, herritarrak gehien-gehienak, ez zuten galderarik egin. Agian ez zegoen beharrik. Elkar ezagutzen dute, gertutik bizi dute askok, eta behar beste urteetan elkarren ondoan izango dira, bidelagun.

Bi urteren ondoren, kartzelara bueltatu da Ur Handitan, hilaren 7an emititutako ‘Emakumea bere bakardadean’ saioarekin. Ur handitaneko programa guztiak EITBko nahieranen ikusgai daude.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak