Sareak

☉ Zeberio

Mantentze-lanak egiten hasi dira Zeberioko Bi-3524 errepide nagusian

|

Bi-3524 errepidea, enborrak garraiatzen dituen kamioi batekin / Geuria

Gaur bertan hasi dituzte Ugao eta Zeberio arteko BI-3524 errepideko 15+800 eta 26+060 puntuen arteko bide-zorua sendotzeko lanak, Ugaoko Aresandiaga auzoan. Astelehenean zehar errepideko seinalizazio lanak egiten egongo dira eta hurrengo egunetan mugimendu gehiago ikusiko dela azaldu dute errepideko langileek. Momentuz, errepide nagusiko seinalizazio horizontala gorriz margotu dute Asfaltos Uribeko langileek.

1.219.117 euro bideratu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Ugao eta Zeberio lotzen dituen errepideko 3,8 kilometroko luzeera duen zatiko segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko. Horretarako zorua indartu eta drainatze-sistema hobetuko direla azaldu du Foru Aldundiak. Helburu nagusia Arratia-Nerbioi eskualdeko mugikortasuna hobetzea dela jakinarazi du Aldundiak: “Lan horiek amaitu berri den Zeberio eta Artea arteko zatia  hobetzeko obra osatzen dute, 3.097.020 euroko inbertsioa eginez”. Bi-3524 konpontzeko obra bi hauen artean 4.316.137 euro bideratuko dira guztira.

Obretako tartea / Bizkaiko Foru Aldundia

Zorua indartu eta drainatze-sistema hobetzeaz gainera, seinale horizontalak eta bertikalak eta eusteko eta balizatzeko sistemak hobetzeko jarduketak egingo dira obra hauetan.

Foru Aldundiak azaldu du lan hauek 2021eko udara arteko iraupena izango dutela, errepideko zenbait zatitan erraiak moztuko direla adieraziz: “Eragin horiek behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta obrako semaforoak jarriko dira trafikoa erregulatzeko, ordezko bidea emanez”. Zeberioko Karlos Idirin alkateak adierazi du zortzi hilabeteko lanak espero direla zati honetan, eta negua zein Covidaren eragina kontuan izanik denbora tarte hori luzatu daitekeela.

Errepidea, gertutik

Ugaotik Arteara doan Bi-3524a kurbaz betetako eta trafiko intentsitate txikiko errepide arrunta dugu: galtzadaren zabalera sei metrokoa da eta hainbat zatitan ez dauka bazterbiderik. Bertatik Zeberioko auzoetako auto eta kamioiak igaro ohi dira, Zeberioko zerrategietako ibilgailu astunak bereziki.

☉ Zeberio

Zeberioko ikasleek bertoko bazterrak erakutsiko dizkiete Siziliako umeei

“Gure ikasleek Euskal Herriko naturguneak landu dituzte eta Siziliako umeak bertara datozenean leku horiek ezagutzeko bisita antolatu dute”

|

Zubialde eskolako ikasleak, Sizilian// Zubialde Eskola

Zubialde eskolako 6. mailako 15 ikasle apirilaren 19an itzuliko dira Siziliako Kataniako Guglielmo Marconi zentroan (Lentini, Katania, Sizilia) egiten ari diren egonalditik. Bertako ikasleekin zazpi egunez elkartrukea egiten ari dira egun hauetan. Nuria Korta Zubialde eskolako zuzendariak GEURIAri azaldu moduan, Siziliakoak hilaren 28an etorriko dira Zeberiora bueltan eta harrera egiteko eskola komunitate osoa egongo da herrian: “Gainera, herri afaria antolatu diegu Siziliakoei apirilaren 30ean, igandea”.

“Eskolako hirugarren zikloko ikasleak, seigarren mailakoak bereziki izan ohi dira elkartruke hauetan parte hartzen duten umeak”. Joan den apirilaren 13an abiatu ziren Zubialdeko umeak Siziliara. Bestalde, Kortak ingelesa ikastearen balioa azpimarratu du eta haurrak urtero atzerrira doazenean horixe lantzen dutela gehitu du: “Bidaia prestatzerakoan, harremanetan ipintzen gara atzerriko zentroarekin eta proiektu bat diseinatzen da. Bertako egoera esanguratsu horretan lantzen dute ingelesa”.

Zubialde eskolako ikasleak, Loiuko aireportuan // Zubialde Eskola

Aurtengo gaia naturagaz lotura duen bisita programa bat sortzea izan da: “Gure ikasleek Euskal Herriko naturguneak landu dituzte eta Siziliako umeak bertara datozenean leku horiek ezagutzeko bisita antolatu dute eta zeberioztar gazteak izango dira bisita horien gidariak”. Kortak adibide bat ipini du: “Zumaiako Flyscha bisitatzeko lanketa bat egin dute inglesez, eta egun hauetan gauza bera egiten ari dira Italiako ikasleak, bertako naturguneekin”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Umeen herri kirolak antolatu ditu Zeberioko Txubelasu elkarteak Zubialden

Txapelketa 10:00etan izango da eta herritarrak deitu dituzte umeak animatzeko

|

Haur bat, Etxebarriko Euskal Jaian, 2028an // Geuria

Datorren apirilaren 14an umeentzako herri kirolak antolatu ditu Txubelasu Guraso Elkarteak Zubialdeko frontoian. Txapelketa 10:00etan izango da eta herritarrak deitu dituzte umeak animatzeko.

Kirol probak amaituta, indaba jana prestatu dute frontoiaren alboko aterpean, 14:30ak eta 15:00ak aldera eta indaba platerrak ura, postrea eta kafea izango du ere.

Helduek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta sei urtetik gorako umeek, 10 euro. Txartelak Herriko Tabernan, Amañen, Maribiren dendan eta Taberna Zaharrean lortu ahal direla iragarri dute Txubelasu Guraso Elkartetik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Arantza Perez Etxebarria: «Denok gara bat Mandoia Pelota Klubean; presidenterik ez dago»

Zeberioko pilota eskolak gaur egungoen eta datozen umeen etorkizunean izango duen aztarnaz hitz egin digu, aurten Zubialde auzoan konpondu behar duten pilotalekuan bertan

|

Arantza eta Esku Pilota eskolako kirolari bat / Geuria

Arantza Perez Etxebarria (Zeberio, 1979) Zeberioko Mandoia Pelota Klubeko presidentea da “paperetan”. Zaila egiten zaio bere burua “zuzendari” moduan definitzea eta are gehiago kamera baten aurrean ipintzea. Zeberioztarrak klubaren atzean lan egiten duten herritarren ahalegina azpimarratu du, tartean Beñat García zaratamarraren lan bikaina goraipatu du.

Zeberioko pilota eskolak gaur egungoen eta datozen umeen etorkizunean izango duen aztarnaz hitz egin digu, aurten Zubialde auzoan konpondu behar duten pilotalekuan bertan. Izan ere, neguko hezetasunak eta euriteek umeen entrenamenduak baldintzatu dituzte eta frontoian egin beharreko obra horien garrantzia azpimarratu du.

Klubeko paperetan zuzendari lez agertzen zara, Arantza. Badakigu, hala ere, zuzendari moduan aurkeztea ez duzula gogoko.
‘Presidente’ hitza ez zait batere gustatzen baina egia da esparru administratiboan klubeko zuzendari lez agertzen naizela. Hala da.

Eta nolako erronka da zuretzat, eta klubaren atzean dagoen lantaldearentzat, noski, Zeberioko pilota eskola kudeatzea?
Nik ez nuke erronka lez definituko; zirkunstantziek egoera honetara ekarri ninduten eta presidente lanak egitea proposatu zidaten. Hala ere, klub honen atzean ez dago arduradun bakarra; denok gara bat Zeberioko Mandoia Pelota Klubean. Gauza da klub bezala sortu ahal izateko izenak behar zirela, taldearen egitura modu legalean sortzeko, beste hitz batzuetan azalduta.

2023an hartu zenuen kargu honen ardura zure lantaldearekin. Nolako esperientzia izaten ari da erantzukizun hain handia duen klub honen norabidea zehaztearena?
Pozik nago, egia esateko. Azken batean, esperientzia honen bidez erakusten ari gara emakumeok ere era honetako beharrak egiteko gai garela.

Zeberioko Mandoia Pelota Klubak eskola ugari eta partida dezente antolatu izan ditu. Herritarrek ba al dakite nolako lana dagoen Mandoia bezalako pilota klub baten atzean? Lantaldeak bloke baten modura egiten du lan: Whatsapp talde bat dugu gure artean lana antolatu ahal izateko. Lan gogorrena ikasturte hasieran izan ohi da guretzat. Abuztuko eta iraileko aste horietan Bizkaiko Pilota Federazioarekin harremanetan ipintzen gara haurren izen-emateak, kategorien sailkapena, fitxak eta behar bestekoak burutzeko. Ikasturtea antolatzeko, alegia. Arlo ekonomikotik, gure aurrekontua antolatu eta klubeko dirua zertara bideratuko dugun ere erabaki behar da, eta horrek ere lan handia eta buruhausteak ematen ditu.

Eskualdeko esku-pilotaz berba egiten denean Zaratamo izan ohi da erreferentziazko herria, askotan. Nolako pisua dauka pilotak Zeberion?
Zaratamoren ospea bertatik irten diren pilotari famatuengatik izango da ziurrenik, baina Zeberion ere betidanik izan dugu frontoia eta herritarrek betidanik jokatu dute kirol honetan. Arraroa bada ere eta esku-pilotarekiko pasio handia egon bada ere, esku-pilota taldea izan da faltan izan dugun gauza bakarra.

Arraroa da, gero! Eta zer egiten zuen pilota gustuko zuen Zeberioko jendeak, orduan?
Duela urte asko Zeberiok pilota eskola bazuen, baina desagertu egin zen, eta duela hiruzpalau urte esku-pilota taldea sortu zuten herrian. Ordura arte inguruko herrietara joaten zen jendea esku-pilotan jokatzen ikastera eta praktikatzera: Zaratamora, Igorreko esku-pilota taldera… Orain, aldiz, Zeberion daukagu esku-pilotan jokatzeko aukera.

Arraroa bada ere eta esku-pilotarekiko pasio handia egon bada ere, esku-pilota taldea izan da faltan izan dugun gauza bakarra.

 

Zenbat umek osatzen dute Mandoia Pelota Kluba?
30 inguruk. Egia da badirela noizean behin fitxarik gabe jokatzera datozen umeak, baina kasu puntualak izan ohi dira, normalean kirolarekin lehen kontaktua egitera datozelako, proba modura. 

30 neska-mutil, beraz. Horietatik zenbat neska eta zenbat mutil?
Mutilak dira nagusi Zeberion. Gure eskolan lau neska baino ez ditugu. 

Momentuz kopurua oso urria da, baina historian atzera begiratuta eta feminismoaren ikuspuntutik ikusita betiere, garapenik izan dela esango zenuke nesken partaidetzaren esparruari dagokionez?
Lehen pentsaezina zen emakumeak pilotan jokatzen ikustea. Baina esan beharrekoa da futbola bezalako kirol nagusiek ere emakume asko eraman dituztela, bai Zeberion, baita Euskal Herrian ere. Honekin esan nahi dudana da Zeberion esku-pilotan aritzen ez ziren emakumeak futbolean aritzen zirela, herrian emakumezkoen futbol taldea egon bazegoelako. Esku-pilotak ez zuen zorte hori izan, tamalez, eta ez dakit zein izan zitekeen horren arrazoia, egia esateko. 

Eta pilotan emakume gehiago izateko formula zein izan liteke? Denbora kontua, agian?
Gero eta emakume gehiago dago esku-pilotan: bai entrenatzen, bai modu profesionalean jokatzen. Hori horrela da. Egoerak hobera egingo du, ziur, baina apurka-apurka. Ez da egun batetik bestera gertatuko den egoera izango.

Zu berez zeberioztarra zara, emakumea eta Mandoia Pelota Klubeko zuzendaria. Esku-pilota praktikatu ahal izan duzu inoiz?
Praktikatu berez ez, baina betidanik gustuko izan dut. Herretako eta profesionalen partidak ikustera joan izan naiz beti, baita herriko jaietan ere. Bi seme ditut eta esku-pilotan jo eta su dihardute biek. Azken batean horixe da asmoa, gazteek eta atzetik datozen umeek klub bat izatea maite duten kirol hau praktikatu ahal izateko.

Mandoia Pelota Klubak hiruzpalau urte besterik ez ditu. Nola ikusten duzu hemendik urte batzuetara? Herriko umeek maila profesionalean jokatzera iristeko erreminta modura erabili ahal izango dute?
Hori umeen esku dago. Nabarmendu nahi nuke entrenatzailerik onena dugula Zeberion: Beñat Garcia. Haurrak primeran entrenatzeaz gainera, psikologo modura lan izugarria egiten du haiekin eta umeak zein herritarrak benetan pozik daude berarekin.

Zer esan dezakezu Zubialdeko frontoiaz?
Leku oso onean kokatuta dago eta polita bezain handia da Zeberiokoa. Aukera asko ematen ditu jarduera ezberdinak antolatu ahal izateko: partidak jokatzeko, entrenamendu saioetarako… Frontoi asko laburtxoak dira eta jarduera ezberdinak antolatzeko arazoak izan ohi dituzte.

Hala ere Zeberioko frontoi honek konponketa garrantzitsu batzuk baditu faltan.
Itxura batean ondo dago, baina negu aldera, euria eta hotza datozenean, arazoak izaten hasi gara hezetasunarekin, entrenamendu saio asko bertan behera utzi behar izateraino. Astean zehar euri asko egiten duenean, asteburuko federazioko partidetan eragina du horrek guztiak eta ezin izan dira jokatu; “partxeak” ipini baditugu ere, zorua urez betetzen da. 

Zer dio Udalak honen inguruan?
Udala laguntzeko prest agertu da lehen momentutik eta egoeraren jakitun da. Etengabeko harremanetan gaude udal ordezkariekin eta aurtengo obra nagusia frontoian egingo dutela esan digute. Berez, obrari argi berdea eman diote. Hala ere, era honetako jarduketek denbora behar izaten dute eta guk ez dakigu noiz hasiko diren, ezta zer nolako jarduketa egingo duten ere.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberiora ekarriko dituzte Bizkaia Cupeko finaleko esku pilota partidak asteburuan

Partidak apirilaren 13an jokatuko dituzte, 10:00etatik aurrera, Zubialdeko frontoian

|

Asier Ruiz de Infante eta Zuhaitz Etxebarria // Mandoia Pelota Kluba

Bizkaia Cupeko esku pilotako partidak Lemoan antolatu behar zituzten asteburu honetan, baina bertako kiroldegiko langileen grebaren ondorioz Zeberioko Zubialde auzoko pilotalekuan jokatuko dituzte datorren apirilaren 13an, 10:00etan.

Gazteak C mailan Mandoiatik Zuhaitz Etxebarria eta Asier Ruiz de Infante Olaburu 6ren aurka lehiatuko dira. Bizkaiko banakako txapelketa Mandoiako Zuhaitz Etxebarriak irabazi zuen Adiskideko Aritz Ojedaren aurkako norgehiagokan, joan den urtarrilaren 12an, Zeanuriko frontoian.

Bizkaia Cup | Zeberioko partidak

Apirilak 13, zapatua

10:00
Eskuz binaka emakumezkoak
Lagun Artea EM – Durango

Eskuz binaka Kadeteak C
Lemoa – Durango

Eskuz binaka Gazteak C
Mandoia – Olaburu 6

Eskuz binaka Kadeteak A
Lemoa – Markina 1

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak / Zeberioko Ermitabarrin bukatu da Korrikako 23. edizioa Hego Uribe eskualdean

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ugari igaro dira, Arratiara bidean, eguzkipean

|

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ausart ugari igaro dira aldapan gora, Arratiara bidean, eguzkipean.

Osorik irakurri