→Zeberio

Maria Rivero: “Jendeak nor naizen uler dezan sortu dut ‘Parentesiak’ lana”

Maria Rivero, Zeberion // Geuria

Maria Rivero zeberiotarrak (Balmaseda, 1979) ‘Parentesiak’ izeneko diskoa kaleratu zuen koronabirusak gure etxeetan gordetzera behartu gintuenean, pasa den martxoan. Gainontzeko kontzertu eta disko aurkezpenekin gertatu zen bezala, Riverok plataforma digitalak erabili ditu bere lana Zeberiotik mundura ezagutarazteko, eta ekaitz honetan barrena, ostarte ederra eskaini dio Ugaoko Udazken Musikatua zikloak hilaren 28an bere tribuarekin batera oholtzara igotzeko.

Zelako egoera bizi duzue musikariok gaur egun zuen emanaldiak prestatzeko?
Musikariok bizi dugun prekarietatea ez da pandemiaren kontua; aurretik datorren kontua da honako hau. Entsegu profesionalak baimenduta daudela dio gobernuak, baina gure kasuan profesionaltasun hori ez da existitzen: ez daukagu sindikaturik, gure lan arloa zein den ez dakigu… egoera txarra da orokorrean, baina are txarragoa musika eta kultura mailan. Den-dena okertu egin da, aldez aurretiko prekarietate hori areagotuz.

Zure kasuan, musikaz gain beste arlo batean egiten duzu lan
Berez, nik lan nominala daukat (barreak). Euskaltzaleen Topaguneko aisialdia eta kultura batzordean egiten dut lan kultura teknikaria bezala, hainbat proiektu kudeatuz. Nire lana kulturarekin lotuta dago, baina bestaldean, antolakuntzaren aldean.

Hala ere musika-ikasketak dauzkazu
Balmasedan denok solfeora joan ohi ginen eta ikasketak bukatu bezain pronto pianoarekin hasi nintzen. Duela urte batzuk, musika-ikasketak modu bakarrean irakasten ziren: partiturak irakurtzen eta berauek interpretatzen irakasten zitzaien ikasleei. Hau da, hezkuntza ez zegoen sormenerako prestatuta. Niri inork ez zidan nire abesti propioak idazten irakatsi, eta nire ustez jakintza hori oso beharrezkoa da. Umeak sortzera animatu behar ditugu. Mundu berri bat sortzeko aukera izan behar dute. Gauza asko aldatu direla badakit, baina asko dago egiteko oraindik.

Maria Rivero, Zeberioko basoetan // Geuria

Nola hasi zinen musikaren munduan?
Proiektu puntual batzuk egin ostean Apurka taldearekin hasi nintzen nire ibilbide propioa jorratzen, lagun eta senideekin batera sortutako proiektuarekin.

Nolako garapena izan duzu lehen diskotik azkenekora?
Era oso natural batean gauzak egitera ausartzen joan naiz. Apurka-apurka hasi nintzen Apurkarekin. Hasiera batean asko kostatu zitzaidan eszenatokietara igotzea, eta beldur hori nire gauza zela pentsatu nuen hasiera batean. Baina aurrerago sistema eta matxismoari berari lotutako kontua zela konturatu nintzen. Lan handia eman zidan baina azkenik pausoa eman nuen eta orduz geroztik proiektu askotan egin dut lan: Siroka proiektuarekin aurrera jarraitzen dugu, Hutsa bikote akustikoarekin ere bai…

Eta azkenean zure izena daraman proiektua kaleratu duzu
Aurpegia emateko garaia zela erabaki nuen. Proiektu guztietan erdialdean egon naiz, baina oraingo honetan ardura hori nire gain hartzea nahi nuen, erronka modura. Gauza asko egin ditut eta berez egiten ari naiz, hainbat proiektuetan parte hartuz, Luis Vil & La Brigada Politico Social kasu. Dena oso era naturalean egin dut pixkanaka murgiltzen… 11 disko argitaratu arte. Hasi nintzenetik ez naiz gelditu. Urte oso oparoak izan dira.

Autogestioaren aldekoa, beti
Ez dut disketxeekin lanik egin; MusikHerria eta Taupaka herri-disketxeekin egin dut lan. Orain arte mantendutako hautua izan da: nik neuk erabaki nahi dut zer, nola eta noiz egin. Azken batean, enpresekin lan egiteak beste mundu batean sartzea dakar, eta nire lana parametro jakin batzuetara mugatzea asko kostatzen zait. Berez, merkatuan egon arren, nire lana merkantilizatzea asko kostatzen zait, nire lanarekin negoziazioak egiteak zeharo nekatzen nauelako. Horregatik ni neure lanaren jabe naiz nire disko propioak sortuz, publikatzen dudan disko bakoitzaren atzean benetako profesionalek lan egiten dutela ahaztu barik.

Balmasedakoa jatorriz, hainbat urte daramatza Zeberion // Geuria

Nolakoa da zure lana diskoak kaleratzeko orduan?
Lan asko dago eta zeure burua asko ikastera behartu behar duzu, nolabait. Gaur egun, musikariok musika baino gehiago egin behar dugu: sortu berri dugun produktu hori saltzen eta promozionatzen jakin behar dugu, sare sozialak eta teknologia berriak menderatuz… Egunero egin behar da lan. Autogestionatutako lanotan, esparru askotan jakintza handia izan behar da eta asko ikasi egiten da. Bestalde, gaur egun musika egitea oso garestia da baina egia esateko nire ustez zorte handia izan dut nire ibileran: orain arte, musikan inbertitu dudan diru guztia zuzeneko kontzertuetan berreskuratu dut, aurrera egiteko aukera izanik.

Martxoan eta itxialdian guztiz murgilduta Parentesiak lana ‘aurkeztu’ zenuen
Idatzi eta liburuetan gertatzen den bezala, parentesietan idazten dena ez da testu printzipala baina testu hori irakurri ezean idatzitakoaren osotasuna ez da ulertzen. Maria Riverorekin antzekoa gertatu da. Parentesiak lanaren bidez aurkeztu naiz Maria Rivero bezala. Maria Rivero entzutean, jendeari Siroka, Hutsa edo bestelako proiektuak etorri ahal zaizkio burura. Beraz, jendeak nire osotasunean nor naizen ulertzeko sortu dut Parentesiak. Jendeak agian ez du espero Parentesiak diskoan topatuko duena, baina hau ere banaiz ni.

Zer kontatu duzu bertan?
Mezuei begira beste mota bateko letrak idatzi ditut eta beste gauza batzuen inguruan hitz egin dut. Aldaketa beste mota batekoa da. Lan hau barrura egindako begirada da, baina ez nork bere zilborrari egindako begirada; nire gauza pertsonalen inguruan hausnarketa egin dut, eta hori, zentzu batean kolektiboa ere bada. Hala ere, ez da nire bizitza pertsonalari buruzko lana, inork ez dezala hori pentsatu! Beste bide batetik joan naiz oraingoan, momentuan gorputzak horrela eskatu didalako eta horren inguruan hitz egin behar nuelako.

Migue de la Rosa, Zuriñe Hidalgo eta Iker Lauroba izan dituzu lagun lan honetan
Kolaborazio guztiak lagunenak dira. Iker eta Zuriñe musikaren mundutik ezagutzen ditut: urte askotatik ezagutzen dugu elkar eta Euskal Herria oso txikia da (barreak). Zuriñeren kasuan, bion artean gauza berezi bat sortu behar genuela argi geneukan eta ‘Parentesiak’ horretarako aprobetxatu dut. Migue, laguna izateaz gainera, musikari kubatarra da eta gure etxean askotan egondakoa. Diskoa grabatzear geundela hemen zebilenez, berarekin aspaldian sortutako kanta bat grabatzeko esan nion. Hiru kolaborazioak bereziak dira. Maria Rivero esaten dudanean ez da nik neuk bakarrik sortutako proiektua; jende asko dago, tribu handiarekin egiten dut lan.

Ugaoko Udazken Musikatua zikloko kontzertua Parentesiak-en oholtzako lehen kontzertu elektriko ofiziala izango da
Nire tribuarekin arituko naiz hilaren 28an, Josean Valle (teklatuak), Gorka Chamorro (perkusioa) eta Eriz Perezekin (gitarra). Ugaon jotzeak ilusio berezia egiten digu, diskoa martxoan kaleratu genuen mundu-mailako pandemia hasi zelako (barreak). Martxoan etxetik aurkeztu genuen diskoa, hainbat plataformatan jarriz, baina ez dugu bandarekin sekula aurkeztu momentuz eta espero dugu jendeari gustatzea.

Denbora asko ematen du Mariak naturarekin kontaktuan // Geuria

Diskoa plataforma digital askotan egon arren formatu fisikoan ere kaleratu duzue. Merkaturik ba al dago?
Jende gutxik erosten ditu diskoak gaur egun, eta musika entzuteko ohiturak asko aldatu dira: jendeak ez ditu abesti guztiak entzuten, abestiak ez ditu osorik entzuten edota disko osoa baino, bideoklipa ikustearekin nahikoa dauka. Hala ere, nire ustez disko fisikoa edukitzeak mesede egiten dio produktuaren promozioari: lan bat atera dut eta berau aurkezten dut.

Kasetak eta biniloak ere modan jarri dira berriro. Zer deritzozu horri?
Polita iruditzen zait, formatu fisikoak asko gustatzen zaizkidalako eta musikariok beti gaudelako etengabe eraberritzeko ahaleginak egiten. Ez dakit binilo gehiago edo gutxiago salduko diren, baina askotan erabaki hori taldearena berarena da eta bere gozamenerako egin ohi dute musikariek.

Badakit garai txarrak direla ezer iragartzeko, baina kontzerturik ba al duzue bistan koronabirusak hala uzten badizue?
Iragartzeak beldurra ematen du. Abenduari begira hitzordua daukagu Durangoko Azokako Ahotsenean, eta baita beste emanaldi bat ere Iruñean. Batek daki posible izango den. Dagoeneko, ez dugu kartelik diseinatzen, egoera nolakoa den ikusita.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak