→Ugao

Saldarian auzoko San Pedro eta San Blas ermita konpontzeko kanpaina abiarazi dute

Saldarianeko ermita // Geuria

Bizkaiko Ermiten Lagunek eta Ugao eta Zeberioko parrokiek Ugaotik hiru kilometrora Zeberioko Saldarian auzoan kokatutako ermita konpontzeko kanpaina abian ipini dute. Zeberioko Saldarian auzoan kokatuta badago ere, eklesiastikoki Saldarianeko tenplu hau Ugaoko San Bartolome elizari dagokio, horregatik bi herrien elkarlana benetan garrantzitsua da berrikuntza lanak egin ahal izateko.

San Pedro eta San Blasen tenplu honek egurrezko estaldura bikoitza du eta bi apostoluen irudiak ikus daitezke ermitaren barruan. Eraikinak urte asko daramatza konponketak egiteko zain, eta hainbat saiakera eta auzolan egin badituzte ere, tenpluaren egoerak nabarmenki txarrera egin du 2004tik, eta berebiziko konponketa behar duela adierazi du Iñaki García Uribe Aranzadi erakundeko ikerlari ugaotarrak: “Mendebaldeko kanpoko horma jausi egin da: egoera tamalgarrian zegoelako”, azaldu du. “Eguraldi txarrak eta azken urteetan jasaten ari garen aldaketa klimatikoak guztiz hondatu du tenpluko horma. Bertako harriak buztinez eusten ziren eta eguraldiak sortu ez dituen kalteak bertako telefono linea bien kableen kolpeek egin dute”.

Momentu honetan zazpi pertsonez sortutako lantaldea dabil ermita konpontzeko lanak kudeatzen: auzotar batzuk, Zeberio eta Ugaoko apaizak eta teknikari bi: “Auzotarrek eta Zeberio zein Ugaoko parrokiek 4.000 euro bildu dituzte lanetarako, eta ez da nahikoa”, azaldu du Garcíak. “Konponketak egiteko zero bat gehitu beharko genioke zifra horri, azken batean ez delako horma bakar bat konpondu behar: barruko horma zutik dago, baina hezetasunak kalteak eragiten ari da eta ez dakigu zenbat denbora iraungo duen horrela”, argitu du. “Auzotarren lana eta ekarpena funtsezkoa da eta euren argi berdea barik ezin ditugu erabakiak hartu”, azaldu du ikerlariak. Horrela, Whatsappeko taldea sortu dute proiektuaren nondik norako guztiak eztabaidatzeko.

Ermitaren arkupea // Geuria

Konponketetarako zozketa

Konponketetarako dirua biltzeko kanpaina martxan jartzeko zozketa bat antolatu dute Bizkaiko Ermiten Lagunek eta Ugao eta Zeberioko parrokiek. Zozketan hiru sari banatuko dituzte: asteburu bateko gaua Zeberion, San Pedro eta San Blas ermitaren koadro bat eta pernil eta gazta bat. Boletoak udiarraga@hotmail.com helbidearen bidez edota 634 672 811 telefono zenbakira deituz erosi daitezke, baita Ugaoko Udiarraga kaleko estankoan bertan ere.

Zozketa Saldarianeko arkupean bertan antolatuko dute urtarrilaren 31n, igandea, 12:00etan. Zozketaz gainera, diru-ekarpenak egiteko kontu korronte baten zenbakia jarri dute: ES32 2100 4287 02 2100101042.

Zozketa egin ostean jasotako ekarpenak aztertu eta herri bietako apezpikuekin biltzeko asmoa du lantaldeak, hurrengo pausua eman ahal izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak