→Zeberio

Zeberiok aurrekontuak aurkezteko asmoa du hilabete bukaeran

Kultur etxea, obretan // Geuria

Udal gobernu taldearen aurtengo inbertsio indartsuenak aipatu ditu Karlos Idirin alkateak kultur etxeko teilatua, zubialdeko jolastokiko estalkia eta herrian zehar jarriko diren informazio panelak inbertsio garrantzitsuenak izanik: “Garrantzitsuena kultur etxeko teilatua berriztea dugu”, azaldu du Idirinek. “Itoginak agertu dira zabaian eta pasa den urtetik gabiltza arazo honi konponbidea emateko lanetan”. Obrak martxoa eta apirila bitartean hasiko direla adierazi du alkateak eta guztira 42.000 euro bideratuko ditu Udalak. Egun hauetan obretan dago kultur etxea: alde batetik eraikinaren barnealdean margoketa lanak egiten ari dira: “Eraikina margotu beharrean zegoen” aipatu du Karlosek. Bestalde, Biomasako lanak lanak burutzen ari dira, gasoil erregaiaren bidezko galdarak kenduz eta biomasakoak jarriz horien ordez, “jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko pausua emanez”, azaldu zuen alkateak iazko martxoan.

Zubialdeko jolastokia // Geuria

Kultur etxeko mantentze eta berritze lanez gainera, beste 38.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak Zubialdeko jolas parkea estaltzeko: “Lanak udan hasiko ditugu, jolas parkea ikasturte hasierarako eta negurako estalita izateko eta herriko haurrek, eguraldi txarra egin arren, bertan jolasten egon ahal izateko”.

Konponketa horiez gain, Udalak 10 informazio-panel ezarriko ditu Zeberioko auzo nagusietan: “Panel hauetan, Udalaren komunikatuak, iragarkiak eta elkarteen oharrak jarri ahal izango dira”. Zeberioko Udalak 13.000 euro bideratuko ditu 10 panel hauek ezarri ahal izateko eta etorkizunean gehiago ezartzeko aukera egon badagoela azaldu du Idirinek: “Panelak non jarri behar ziren erabakitzeko herritarren iradokizunak kontuan hartu ditugu, ideia nagusia lehendik pentsatuta bageneukan ere”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak