→Zeberio

Xabier Madariaga: “Egunotan gauza bat nahi dut: umeen bizitza ahalik eta normalena izatea”

22 urte zituela hasi zen Xabier Madariaga Idirin (Bilbo, 1981) mundu mailako istorioak kamera aurrean erretransmititzen, Jerusalemdik hasita. Kazetariaren lehen lan garrantzitsua izan zen eta helburu nagusia Ekialde Hurbileko gertakarien berri ematea zen. Palestina eta Israelen arteko gatazkaren berri emateaz gainera, Madrilen, Habanan, Haitin, Parisen eta Estatu Batuetan egon da korrespontsal bezala lanean, besteak beste. Gatazka-guneetan egon diren is- torioak gertutik kontatu dizkigu, albiste horietako protagonistak eta testuinguruak gertutik ezagutuz. Ia 20 urte igaro dira kazetaritza lanbidean hasi zenetik, eta lanbidearen bilakaeraz zein bere bizitzaren garapenaz aritu gara, Bilbon bizi baina bihotza Zeberion duen mundu mailako euskal kazetariarekin.

Xabier Madariaga, Bilboko Euskalduna Jauregiaren aldamenean // Geuria

22 urte zituela hasi zen Xabier Madariaga Idirin (Bilbo, 1981) mundu mailako istorioak kamera aurrean erretransmititzen, Jerusalemdik hasita. Kazetariaren lehen lan garrantzitsua izan zen eta helburu nagusia Ekialde Hurbileko gertakarien berri ematea zen. Palestina eta Israelen arteko gatazkaren berri emateaz gainera, Madrilen, Habanan, Haitin, Parisen eta Estatu Batuetan egon da korrespontsal bezala lanean, besteak beste. Gatazka-guneetan egon diren istorioak gertutik kontatu dizkigu, albiste horietako protagonistak eta testuinguruak gertutik ezagutuz. Ia 20 urte igaro dira kazetaritza lanbidean hasi zenetik, eta lanbidearen bilakaeraz zein bere bizitzaren garapenaz aritu gara, Bilbon bizi baina bihotza Zeberion duen mundu mailako euskal kazetariarekin.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen kazetaria izango zinela?
Txikitatik izan nuen argi. Ikastolan nengoela kazetari izan nahi nuela gogoratzen dut. Irakasle batek zioen “gerra korrespontsal” izango nintzela esaten nuela… nik ez dut gogoratzen hori. Amak berriz, kaseteekin “irratia egitera” nola jolasten nuen gogoratzen dit beti. Albistegiak grabatu, transkribatu, eta gero esatari lanetan grabatzen nuen nire burua. Hori hamar bat urterekin izango zen.

Hala izan zen: gune gatazkatsuetan egon zara berriemaile, horrek ekar ditzakeen ondorio guztiekin. Beldurrik izan duzu inoiz lanean ari zinela?
Lanean ari zarenean ez daukazu beldurrik. Bestela ez zenuke egiten duzunaren erdia ere egingo. Beldurra gero datorrela uste dut. Denbora pasa ondoren, egin zenuen horretan pentsatzen duzunean, orduan dator beldurra edo prudentzia. Batez ere pentsatzen duzu zerbait gertatu izan balitz lan zehatz bat egiten, ez zukeela mereziko.

Zer nolako aldea dago zuk zeuk atzerrian bizitako egoeren artean eta telebistan erakusten diren irudien artean?
Telebistan erakusten duguna kronikak dira eta kroniketan guk bizitakoak protagonismo gutxi izan beharko luke. Ezin gara gu izan protagonistak. Atzerriak estimulu asko ematen dizkizu bai profesionalki eta baita pertsonalki ere. Pribilegiatuak izan gara kazetari lana atzerrian egin ahal izan dugunok.

Informaziorik eskuratzeko oztoporik jarri al dizute inoiz atzerrian egonda?
Atzerrian eta atzerria ez den lekuetan ere informazioa lortzeko oztopoak aurkitzen ditugu askotan, baina horretarako gara kazetariak: oztopo horiek gainditzen jakiteko. Zentzu horretan lotsagabeena estatu judua izan da. Israelek askotan blokeatzen ditu kazetariak, leku batera sar ez daitezen eta informaziorik lor ez dezaten.

Gerra inguruko kontaketarik baduzu?
Gazan grabatu genuen lehenengoetariko kronika. Tankeak aurrean genituen, ume palestinar talde batek soldaduak zirikatzen zituen guk dena grabatzen genuen bitartean. Soldaduek tiro egin zuten azkenean eta umeetako bat zauritu zuten. Horrelakoetan konturatzen zara objektibotasuna eta inpartzialtasuna ezin direla helburu nagusi eta bakarra bihurtu. Kasu honetan zein zen informatzeko modurik objektibo eta inpartzialena? Israelgo armadaren bertsioa jasotzea esanez soldaduek ez zutela umeen kontra jo? Barkatu baina ez! Nik neuk ikusi nuen gertatutakoa eta hori zintzotasunez kontatzea da gezurra diren bertsioei lekurik ez ematea gure kroniketan.

Nolakoa zen zure egunerokoa gune gataz- katsuetan behar egiten zenuen garaian?
Argi utzi behar da gatazka egoeran kazetari zaudenean, ez zaudela 24 ordutan gerra frontean. Palestinan, goizean Gazan zaude Israelek nola bonbardatzen dituen ikusten eta arratsaldean Jerusalemgo taberna batean zaude zure lagunekin. Aldaketa horiek bateratzea da zailena. Haitiko lurrikaratik bueltan ere gertatu zitzaidan. Lurrikarak eragindako hildakoen erdian egon ondoren, Parisera itzuli, metrora igo eta bizitzak berdin segitzen zuela ikustea zaila egin zitzaidan.

Xabier Madariaga, Bilbon // Geuria

Zu bezalako kazetari batek posible du inoiz mundutik deskonektatzea?
Bai, noski. Batez ere etxean lau urteko bikiak dituzunean! (barreak).

Momentura arte egindako proiektu guztien artean, zeinekin lotuko zinateke?
Jerusalemgo korrespontsalia martxan jartzea. Batez ere nire lehenengo lana izan zelako. 22 urterekin dena da berria eta polita.

Kazetaria eta aldi berean aita zara. Bateragarriak al dira biak?
Izan beharko… Egia da kazetaritzak askotan kontziliaziorako oso onak ez diren ordutegi eta bidaiak eskatzen dituela. Baina aita izatean, badakizu zerk duen lehentasuna.

Ur handitanen hasi zinenetik lan egiteko erritmoan aldaketarik izan al duzu?
Korrespontsalietan eta Ur Handitan saioan egon naiz ia 20 urte hauetan. Korrespontsaliak guztiz libre egotea eskatzen du… Ur Handitan bezalako saio batean berriz, aurreikuspen handiagoarekin antolatzen da dena. Ondo uztartu ahal izan ditut bi lanak: etxekoa eta telebistakoa.

Hamaika lekutan egondakoa bazara ere, Zeberiok tarte berezia du zure bihotzean.
Amaren eta aitaren familiak bertakoak dira. Gure jatorria bertan dago eta nondik gatozen jakitea beti da garrantzitsua. Oso gaztetan konturatu nintzen horretaz. Estatu Batuetara 15 urterekin bidali ninduten gurasoek ingelesa ikastera. Familia horretara iristean ikusi nuen bakoitza leku ezberdin batekoa zela. Aita, ama, aitite-amamak… Bakoitza ia inoiz bisitatzen ez zuten Estatu Batuetako punta batekoa. Hor ez zegoen argitzerik familiaren jatorria non zegoen, eta noski, ez zuten niretzat Zeberio zena bezalako erreferenterik. Ez dut esaten ez hobea ez okerragoa denik, baina niri deigarria egin zitzaidan gure familia osoarentzat Zeberio delako erreferentzia puntua.

Xabier Madariaga // Geuria

Zer nolako harremana daukazu Zeberiorekin gaur egun?
Bi astero joaten gara amaren etxera edo amamarenera, eta udan gehiago. Familiarekin eta familiako ezagunekin dugu harremana. Gainera umeekin auzoetan barrena paseatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu herriak.

Amama bertan bizi da eta duela hilabete gutxi 100 urte bete zituen. Nolakoa da familarekin daukazun harremana?
Oso ona. Pandemiak gutxiago elkartzeko aukera ematen digu, baina tira, itzuliko dira bazkari handi horiek. Amama Zeberion dagoenean Bilbo eta Zeberio artean bizi da berarekin bizi den osaba Anton sukaldari bikaina da, eta bere espezialitateak probatzera biltzen gaitu askotan.

Itxiera dela eta Bilbon zabiltza egun hauetan. Zer daukazu esku artean koro- nabirusaren garai honetan?
Liburu on batek asko laguntzen du egun hauetan. Bidaia liburu batek adibidez! Nik egunotan batez ere gauza bat nahi dut, umeen bizitza ahalik eta normalena izan dadila. Hori da niretzat lehentasuna. Pandemiari aurre egiteko arauak errespetatuz, umeek ez dezatela euren haurtzaroa “galdu”. Ziurgabetasun egoera honen erdian, haiek ez dezatela ezer arrarorik sumatu.

Nora gustatuko litzaizuke egitea hurren- go bidaia kazetari moduan?
Kazetari moduan, Estatu Batuetara. Eta familiarekin edozein lekutara joanda konformatuko ginateke. Pandemia garaian bidaiatu ahal izatearekin nahikoa, ezta? Familiarekin korrespontsalia batera itzultzea gustatuko litzaidake, guretzat aberasgarria dena umeentzat ere oso esperientzia interesgarria izan daitekeela uste dudalako.

Nolakoa izan da kazetaritzaren bilakaera? Asko aldatu da kazetaria zarenetik?
Asko eta oso azkar aldatzen ari da dena. Inoiz baino informazio gehiago dugun honetan, inoiz baino desinformatuago gaude. Eskuartean mugikor bat izanda badirudi edonor izan daitekeela kazetari, baina ez da horrela: edonork grabatu dezake bere etxe atarian gertatzen ari den liskar bat, sare sozialetara igo eta mundua informatzen ari dela uste du. Baina hori ez da kazetari lana; kazetariak borroka grabatzeaz gain, protagonistak bilatuko ditu, lekukoen kontaketa jasoko du, kale horretan ematen diren liskarren datuak lortuko ditu… Alegia, liskarraren testuingurua emango digu eta denok askoz hobeto ulertuko dugu gertatutakoa. Hori da kazetari-lana, balorean jarri behar duguna, eta egun inoiz baino gehiago ikusle, entzule eta irakurleei gogorarazi behar dieguna gure lana modurik zintzoenean egiten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak