→Zeberio

Zangarik gabeko hodien konponketa egin dute Zubialden

Konponketaren momentua / Zeberioko Udala

Zubialdeko eskola zaharren atzeko plazan, umeen jolastokiaren parean saneamendu-lanak egin ditu Udalak ihes-puntu bat estaltzeko. “Udaletxe azpiko hodiak nahiko zaharrak dira, eta lurpean kamerak sartu ostean hainbat fuga genituela ikusi genuen” adierazi du Karlos Idirin alkateak. Obrak egiteko atzerako hondeamakinarekin zanga egin beharrean estalki ekologikoa erabili du oraingo honetan Zeberioko Udalak: “Hodiaren barnealdean estalkia jarri diote putzutik sartuz, erretxinaz bustitako mahuka baten bidez” azaldu du Karlos Idirin alkateak. “Laparoskopia egitea bezalakoa izan da” azaldu du alkateak. Erretxina honen bidez hodi barnealdearen berreskuratze osoa lortzen da, ihes puntuak eztaliz eta hodiaren ahalmen hidraulikoa hobetuz, saneamendu sarea behar bezala funtzionatzen mantenduz. Horrez gainera, Idirinek azaldu du sistema honen bidez errazago aurre egin ahal zaiela betiko arazoei: hodien arteko junturak, sustraiak…

Idirinek adierazi du zangarik gabeko konponketa hauek emaitza ezinhobeak eskaintzen dutela denbora gutxian: “Hilabeteko lanak hiru egunetara mugatu dugu, lurra hankaz gora jarri barik. Pentsaezina”. Lan hauek egiteko 17.000 euro bideratu ditu Udalak: “Konponketa hauek 40.000 euroko inbertsioa eskatzen dute betiko sistemarekin”, azaldu du alkateak. Eztaldura ekologikoak bestelako eragozpen klasikoak ekiditen ditu gainera: zangaren irekiera, zoladuraren berrezarpena, sortutako hondakina eta auzotarrei eragindako ondoezak, bereziki.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak