→Zeberio

Hogei ekintzatik gora antolatu dituzte Zeberioko abendu kulturalean

Txubelasu Guraso Elkarteak antolatuta, Olentzeroren etorrera jaia ospatuko dute abenduaren 24an, Ermitabarritik plazara / Geuria

Kultura-ekintzaz beteriko hilabetea dute Zeberion. Udalak eta herriko kultura eta kirol elkarteek antolatuta, hogei ekintzatik gora egingo dituzte abenduan zehar Zeberioko auzo ezberdinetan. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, hasiko dute egitaraua. Jürgen Lange zeberioztarrak alemanieratik euskarara itzulitako ‘Peru Tximaluze’ ipuin bildumaren irakurketa jarraitua egingo dute eskolan (15:00), eta arratsaldean, inguruko euskaldunberrien omenezko ekitaldia antolatu dute udaletxean (18:00), euskararen inguruan bizi dituzten esperientziak jendartean partekatu ditzaten. Abenduaren 10ean kontzertua eskainiko du Zeberioko musika eskolak udaletxeko goiko solairuan (19:15), eta hiru egun geroago abesbatzaren txanda izango da, Ermitabarriko San Antonion (19:30).

Abenduaren 15ean Pasaia eta Donostiara irteera egingo du Austarrik, eta Zubialden gaztetxoen pilota partidak izango dira (12:00). Arratsaldez Arratiako tranbiaren inguruko hitzaldia antolatu dute udaletxean (19:00), hura desagertu zenetik 55 urte bete diren honetan. Abenduaren 16a Eusebio Aldekoa zahar egoitzaren eguna izango da. Goizetik hasita, meza (11:30), argazki erakusketa (12:30) eta trikitilariek girotutako luntxa (12:45) izango dira. Bazkalostea kontzertu akustiko batekin igaroko dute. Hilaren 18an doako bisita gidatuak antolatu dituzte Erremintari museoan (18:00-20:00), 20an ballet emanaldia frontoian (18:00) eta 22an euskal dantzen ikuskizuna eguerdian (14:00) eta antzinako musika zeltiarraren kontzertua arratsaldean (19:00).

XABIER MADARIAGAREN HITZALDIA. Xabier Madariaga kazetariak, bestalde, ‘Ur handitan’ saioan landutako gaien inguruko hitzaldia eskainiko du abenduaren 23an, udaletxean (19:30). Gabon egunean ohiko kalejira egingo du Olentzerok, Ermitabarritik plazara (17:30). Hilaren 26an Etxazoko jaiak ospatuko dituzte eta 27an bolo jaurtiketa egingo dute Ermitabarrin (20:30). Biharamunean San Tomas Zaharra jaia ospatuko dute Barbatxaon (12:00). Abenduaren 30ean euskararen transmisioaren inguruan arituko da Juan Manuel Etxebarria herritarra udaletxean (18:30), eta 2019ko azken egunean ohiko igoera egingo dute zeberioztarrek Tontorrandira. Bukatzeko, umeentzako euskarazko film baten proiekzioa iragarri dute urtarrilaren 3rako udaletxean (19:00): “Mona Lisa misioa”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak