→Zeberio

Jardueraz betetako Abendu Kulturala antolatu du Zeberiok

Euskararen Nazioarteko Egunetik hasita eta urte amaiera arte askotariko jarduerak prestatu ditu Zeberioko Udalak Austarri Kultur Elkartea eta Mendi Taldeagaz, Gure Indarra, Iturripegaz eta Txubelasu Guraso Elkarteagaz, elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz.

Haurrak, Olentzerori harrera egin ostean, frontoitik irteten // Geuria

Euskararen Nazioarteko Egunetik hasita eta urte amaiera arte askotariko jarduerak prestatu ditu Zeberioko Udalak Austarri Kultur Elkartea eta Mendi Taldeagaz, Gure Indarra, Iturripegaz eta Txubelasu Guraso Elkarteagaz, elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Pasa den hilabete amaieran, Zeberioko Udalak Abendu Kulturaleko jarduerak ‘airean’ zeudela azaldu zuen, eta dagoeneko, Osasun sailaren azaroaren 29ko azken datuen arabera, Zeberioko eragin-tasa 922,51koa da eta azken astean hiru positibo antzeman dituzte herrian. Baina egoera epidemiologikoak hala uzten badu, hitzaldiak, ipuin kontalariak, umeentzako jolasak eta kontzertuak izango dira Zeberion, besteak beste, abenduaren 3tik 31ra.

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan Egurrezko Jolasak antolatu dituzte aterpean, 18:00etan. 18:30ak aldera, Juan Manuel Etxebarria etnolinguista eta filologian doktoreak ‘Zeberioko euskerak ekin eta jarrai’ hitzaldia eskainiko du udaletxeko hitzaldi aretoan.

Juan Manuel Etxebarria, Galdakaon // Geuria

Hurrengo barikuan, hilaren 10ean ‘Albiste Faltsuak’ deituriko hitzaldia eskainiko du Xabier Madariaga kazetari zeberioztarrak Hogarrean, 19:00etan.

Abenduaren 15ean ‘Aupa Pou: una vida encordados’ filma proiektatuko dute Hogarrean, 19:30ean.

Hurrengo egunean, hilaren 16an, Paula Kasares soziolinguistak ‘Egin Euskaraz! esatetik haratago, nola motibatu haurrak euskaraz egiteko’ berbaldia eskainiko du udaletxean bertan, 17:30ean. 19:30ean, Juan Ulezuri eleberri historikoa aurkeztuko du Jürgen Lange idazleak Hogarrean, Onakaos kultur elkarteak antolatuta. Aurkezpenean, idazleaz gainera Biken ilustratzailea egongo da.

17an Ballet ikuskizuna egingo dute 18:20an, frontoiko plazan eta 19:00etan ‘Noraren Sekretua’ txotxongilo saioa prestatu dute Txokoan.

Abenduaren 18an Ugaoko koruko abeslariak izango ditugu Ermitabarriko San Antonio ermitan, 19:00etan.

Hilaren 23an ‘Euskal Mitologian Barrena’ko saio bi egingo dituzte kultur etxean, 12:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte. 18:00etan ipuin kontalaria egongo da kultur etxean ere. 20:00etan Swing kontzertua egingo dute Ermitabarriko San Antonion.

Olentzero, iaz, Zeberioko frontoian // Geuria

Gabon Gauan, abenduaren 24an, harrera egingo diote Olentzerori aterpean, 17:30ean.

Hilaren 27an, 11:00etatik 14:00etara umeentzako jolasak prestatu dituzte.

Abenduaren 29an Gazteentzako Robotika saioa antolatu dute Hogarrean eta 31n irteera prestatuko dute Tontorrandira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak