→Zeberio

Bideoa | Aitor Azkueta: “GPSagaz ardiengana goaz, zuzenean”

Ardien artean jaio eta hazi da Aitor Azkueta Buendía (Zeberio, 1991), Olarrekoa baserrian. Familiak ardi esnea ekoizten zuen 120 ardiz osatutako talde bategaz. Oinarrizko hezkuntzako ikasketak bukatu ostean, 2012an Arantzazuko Artzain Eskolan gazta egiteko ikastaroa bukatu zuen Azkuetak eta familiako negozioari buelta bat emango zion erabakia hartu zuen: ardi-esnea ekoizteari utzi, artaldea handitu eta Idiazabal motako gazta egiten hasi. Aitaren laguntzagaz ardiak zaindu, eta ostean kilo bateko gaztak sortzen ditu Saldarianeko auzotarrak, baserrian bertan. Neguan arkumeak zaindu ostean eta belarra auzoko larretan bukatzen den garaian, teknologia berriakaz lagunduta, Gorbeiara eroaten dute 300 ardi latxez osatutako artaldea, uda igarotzera. Zeberioztarrak ez du ardirik gabeko bizitzarik irudikatzen eta bere bizimodua ez luke beste edozergatik aldatuko.

Noiz konturatu zinen bizitza artzaintzan eman nahi zenuela? Betidanik izan doguz ardiak etxean. Txikitan, Zeberioko eskolatik irten eta segidan aitari laguntzen nion baserriko lanak egiten. Egia da lehen ardi gutxiago geneuzkala bertan, baina Arrigorriagako institutuko ikasketak bukatutakoan Arantzazuko Artzain Eskolan gazta egiteko sei hilabeteko ikastaroa egin eta 2012an ni neu etxean ekoizten hasi nintzen. Artaldea handitu behar izan genuen horretarako.

Nolakoa da zure artaldea, Aitor? 300 ardi latx ditut nik. Ardi banda ona. Neguko egunak Saldarianen ematen doguz gaztaia egiten eta arkumeen jaiotzak artatzen. Ondoren, belarra bukatzen denean, uda aldean, Gorbeialdera eramaten doguz ardiak tipi tapa, sei orduko ibilbidean. Uda aldean goizero joan ohi gara Gorbeiara, zainketa lanak egiten.

Saldarianen beste lan dago mendian? Ez hainbeste, baina adi egon behar gara, mendira jende asko doalako eta askotan euren txakurrak aske uzten dituztelako, horrek ekar ditzakeen arazoetan pentsatu barik. Behin baino gehiagotan ardiak zauritu dizkigute txakurrek, eta kontu horietan ez dago arduradunik, antza. Horregatik mastinak eramaten doguz beti.

Nolakoa da zure lanbidea? Denbora asko eskatzen duen ogibidea da artzainarena. Hemen ez dago jairik ezta oporrik ere! Egunero egin behar da lan. Ardi gutxi genituenean eskuz batu ohi genituen aitak eta biok kaiola batzuekaz eta horiegaz esnea batzen genuen. Baina esnearen negozioak okerrera egin zuen, litroagatik ez zutelako euro bat ere ordaintzen. Horregatik gazta ekoiztera egin genuen salto eta hobeto bizi gara orain.

Artzaintza desagertzear dagoela diote askok. Urteek aurrera egin ahala gero eta traba eta kontrol gehiago jartzen doskuez. Nik Idiazabal gazta sortzen dut eta kontrol zorrotz ugari egiten doztie. Urteek aurrera egin ahala artaldea handituz joan gara, eta traba asko egon arren, momentuz aurrera goaz.

Teknologia berriek lekurik ba al dute artzaintzan? Antzina denbora asko galtzen genuen mendian ardien bila. Gaur, ostera. GPSa erabiltzen dogu, eta artez-artez goaz ardiak dauzen lekura, denbora galdu barik. Gaur egun hiru GPS erabiltzen dodaz ardiekin nabilenean: goizean etxetik urten bezain pronto ardiak non dauzen jakin dezaket.

Zure adineko artzain gehiago ezagutzen al dozuz? Eskualdean ez dago beste inor, nik dakidanik. Jende askok esaten dit norbaitek lanbide honen lekukoa hartu behar duela, bestela lanbidea galduko delako. Gaur egun lanbide honetan dihardugunok erreta gaude: gero eta traba eta arau murriztaile gehiago daude gure ofizioan. Berritasun modura, negozioko paper guztiak digitalizatzea eskatzen digute azken urte hauetan. Nik ez dekot denborarik, ez gogorik ezta ordenagailurik be. Ez dakit nola demontre erabiltzen den!

Nolakoak dira zure gaztak eta nolako harrera dute? Idiazabal motakoak ekoizten ditut: 1.000 gramokoa, 1.200 gramokoa, 1.300 gramokoa… Egunean 40 gazta inguru ekoitzi ditzaket eta bezeroak Saldarianen bertan zein eskualdeko merkatuetan dekodaz. Hala ere, salmentak oso ezberdinak izan daitezke merkatuetan, egun onak eta txarrak daude.

Nolakoa da Saldarian, bertan bizitzeko? Behar asko badago ere oso pozik bizi naz bertan eta ez nuke ezergatik aldatuko nire bizitza auzo honetan: pisu batean ezingo nintzateke sekula bizi! (barreak). Ugaora edo Zeberiora bost minututan hel zaitezke, autoz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak