→Zeberio

Amaia Estiballes: “Aldarrikapenik egin behar ez dugunean, orduan lortuko dugu berdintasuna”

Amaia Estiballes eta bere itzala Zeberioko emakumeek margotutako muralaren aurrean daude zutik, kamerara begira. Zeberioko berdintasun egoeraz eta Martxoaren 8ra begira antolatuko diren jarduerez aritu gara.

Amaia Estiballes eta bere itzala Zeberioko emakumeek margotutako muralaren aurrean // Geuria

2016an heldu zen Amaia Estiballes Garai (Bilbo, 1961) Zeberioko Udalean lan egitera, berdintasunaren inguruko formakuntza baten praktikak burutzeko proiektuarekin. Zeberioztarra indartsu hasi zen beharrean eta lehen proiektua Udaleko Lehen Berdintasun Plana martxan jartzea izan zen. Berdintasun teknikari lez eta emakume bezala, berdintasunaren aldeko kanpoko zein barruko ekintzetan parte hartu du Estiballesek eta Martxoaren 8a heltzear dagoelarik eta Udaleko Bigarren Berdintasun Plana argitaratzear dagoelarik berarekin aritu gara Zeberioko berdintasunaren egoeraz. Horretarako urtero itxuraz eta kolorez aldatzen den herriko lehen mural feministara hurbildu gara, herriko emakumeen ekimenaren ondorioz berdintasunari eskainitako Zubialde eta Ermitabarri arteko erakusleihora.

Nolakoa da Zeberiorekin daukazun lotura?
Aita Zeberiokoa da eta ni Bilbon jaio banintzen ere, herrian hazi eta bizitakoa naiz. Hasiera batean nire izekoaren baserrian bizi izan nintzen eta gero nire kabuz.

Zer nolako ikasketak dituzu?
UNEDeko Berdintasun inguruko masterreko ikasketak burutu nituen eta Lanbideko urtebeteko formakuntza espezifikoa jaso nuen. Horiez gain, biolentziaren inguruko hainbat ikastaro egin ditut leku askotan. 

Nola heldu zinen Zeberioko Udalera?
Duela urte asko Gipuzkoa aldean emakumeei zuzendutako ikastaroak ematen hasi nintzen. Europatik zetorren diru-laguntza baten bidez, rolak aldatzeko ikastaroak antolatzen ziren, emakumeek gizonek betidanik izan dituzten estereotipoak aldatzeko, nolabait. Ikasketak bukatu bezain pronto emakumeen inguruko gaiak tratatzen ibili naiz, nola edo hala, ikastaroak eskaintzen edo formakuntzak jasotzen. Gipuzkoan tailerrak ematen nenbilela, berdintasunaren inguruko formakuntza egitea erabaki nuen, eta ikasten bukatu nuenean praktikak egin behar nituen. Praktika horiek Zeberioko udaletxean egin nituen eta nire proiektua Udaleko Berdintasun Plana sortzea izan zen. Plan honen helburuak oso orokorrak ziren eta berdintasuneranzko lehen hastapenak landu genituen bertan.

Nolakoa da Zeberio bezalako herri batean berdintasun teknikari bezala lan egitea?
Herri txikia izanik, Zeberioko egoera geografikoa nahiko bitxia da eta jendea sakabanatuta bizi da. Polita egiten zait nire herriarentzat lan egitea, Zeberio eta bertako jendea ondo baino hobeto ezagutzen dudalako. Aldi berean, lan zaila da bertako emakumeak erakartzea, mugimendu asko daudelako, baina bakoitza bere kasa dabil. Euren arteko elkarlana badago, baina bakoitzak bere moduan egiten du lan. Hain sakabanatuta gaudenez, feministak ere hiriburuetan batzen gara sarritan. Hala ere, berdintasunaren aldeko jarduerarik egin behar denean, bertako emakumeak parte hartzeko eta herrian presentzia izateko prest daude beti.

Zer nolako lana dago Zeberion berdintasunari dagokionez?
Edozein herritan topa daitekeen lan beretsua. Gero eta normalagoa da kaleetan berdintasuna lortu dugula, bide oso gogorra egin dugula eta aurrerapauso handiak eman ditugula entzutea… baina errealitateari begiratzen badiogu gauzak ez dira horrela. Herri guztietan egoera berdinean gaude eta lan handia egin behar dugu, eskolan, gazteen eta jende guztiaren artean, oro har, sentsibilizazio lan izugarria eginez. Ugaoko institutuan duela aste batzuk muralean egindako pintadak hori guztiaren seinale argia da. Harritu egiten bagara ere, gure gizartearen seinalea da bertan gertatutakoa. Gauza asko egin behar dira oraindik berdintasuna erdietsi duen gizarte batean bizi ahal izateko.

Nolakoak dira Zeberioko emakumeak?
Denetarik dago eta feminismoaren esparruan tendentzia asko daude herrian: Zeberion, leku guztietan bezala, emakume bakoitzaren ikuspuntuak feminismo marka berezia du. Batzuk besteak baino transgresoreagoak, baina guztiak behar-beharrezkoak. Emakume bakoitzak bere esparruan feminismoa landu eta defendatu egiten du eta horiek dira bota beharreko mezuak, aldarrikapenak edo kanpainak egiteko helburuak. Era askotan feministak ditugu herrian: norberak lanean, familian, lagunen artean, sindikatuetan, eta bizitzan feminismoa defendatu behar dugunok.

2016an Berdintasun Teknikari lanpostuan hasi zinenetik, zein izan da egin duzun proiekturik esanguratsuena?
Udaletxetik berdintasunaren presentzia kaleratzea eta berdintasunaren falta ezagutaraztea. Gure eginkizun esanguratsuenak jaietan zehar egin ditugun kanpainak  izan dira. 

Nolakoak izan dira kanpaina horiek?
Udaletxera heldu nintzen lehen momentutik, emakumeen presentzia nabarmenki handitu da jaien egitarauan, esaterako. Eraso sexisten aurkako hainbat kanpaina landu ditugu ere eta berdintasun agenda antolatu eta urtero mantentzen dugu: martxoaren 8a, Emakume Ruralen Eguna, Ekainaren 28ko LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna, azaroaren 25eko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna… Horiez gain, urtean zehar ekintza asko lantzen ditugu: eskolako ikasleen artean, formakuntzak eskaintzen ditugu udal langileen artean, zeharkakotasuna lortzeko.

Udalean hasi zinenetik, garapenik sumatu duzu berdintasunaren esparruan?
Bai, noski, eta dagoeneko uste dut jendeak kanpotik ere nabaritu duela. Herriko elkarte guztiekin harremana mantentzen dugu Berdintasun arloa sortu zenetik eta gure jarduera guztiak elkarteen bidez zabaldu daitezkeela uste dut. Eskolarekin bizpahiru jarduera egiten ditugu urtero. Gakoa presentzia edukitzea da. Oraindik lan handia dago egiteko eta gaur egun astean zazpi ordu ematen ditut udaletxeko bulegoan.

Zazpi ordurekin nahikoa al da herri bateko berdintasun saila aurrera eramateko?
Beti behar da gehiago. Hori edozein herritako udaletxean esango dizute: ordu gehiago, teknikari gehiago…

Zer nolako hobekuntzak egin behar dira Zeberion berdintasunari dagokionez?
Lehen berdintasun plana beteta egonik, bigarren Berdintasun Plana bukatzea eta berdintasuna jende guztiarengana helaraztea: udaletxeko langileak, herritarrak… Berdintasuna lortuko dugu aldarrikapenik egin behar ez dugunean. Epe luzerako lan handia da.

Zeintzuk dira Bigarren Berdintasun Planeko ardatz nagusiak?
Emakumeak ahalduntzea eta emakumeen taldeak bultzatzea, berdintasun-gobernantzaren alde egitea: kontratazio-klausulak, lengoaia inklusiboaren erabilera, berdintasuna zerbitzu guztietan aplikatuz, biolentziaren aurkako kanpainen aldeko aldarrikapenak jo eta su defendatu, biolentziaren aurkako protokoloak landu, pasadan urtean egin genuen bezalaxe… Protokoloari dagokionez, koordinazio maila osatuko dugu teknikari bat, eskola, Osakidetza, Gizarte langile bat eta Berdintasun langile baten bidezko elkarlanarekin. Herrian biolentzia matxista kasu bat egonez gero, behar bezala jarduteko.

Zer prestatu duzue Martxoaren 8rako?
Hainbat gauza prestatzen ari gara. Koronabirusak eragindako egoera nolakoa den kontuan izanda, Udalaren partetik antzerki bat antolatuko dugu, Zeberioko emakumeek Mundu Martxak emandako ildoak jarraituko dituzte eta Emakumeen Katea osatuko dute. Elkarteen aldetik ere jarduerak prestatzen ari dira, baina ekitaldiak prestatzeko hainbat arazo izaten ari dira, jarduera guztiek edukiera txikia izan behar dutelako eta Zeberion ez dago berauek hartzeko leku asko, aire zabalean ez bada.

Gaztetan pentsatzen al zenuen etorkizunean berdintasun teknikari bezala arituko zinenik?
Betidanik gustatu zait estereotipoak haustea eta berdintasunaren gai hau gaztetatik defendatu dut eta bizitzan zehar egin ditudan gauzak normaltasunaren aurkakoak izan ohi dira: Zeberion bertan erosi nuen baserri bat bertan bizitzeko. Bada, eraikinaren konponketak nik neuk egin nituen zortzi urteetan zehar, gai horren inguruan ezer jakin barik. Nire jarrera gizonen pribilegio horien kontra egitea izan da gaztetatik, emakumea izateagatik edozer gauza egin dezakedalako: baserri bat konpondu edo rol-aldaketako klaseak mutilei emanez, zergatik ez? Matxismoa gertutik bizi izan duten emakume horietan loratzen da feminismoa inoiz baino indartsuago. Azken batean, berdintasuna lehen momentutik bizi izan duten familia horietan ez da berdintasun horren falta hainbestekoa nabari izan.

Janire Markina: “Galdakaon Emakumeon Etxea eraiki behar da, bertan gure espazioa izateko”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak