→Zeberio

Amañe jaio da Zeberion, etxekoandreei omenaldia egiten dien taberna berria

Amañeko sarrera // Geuria

Gastro-taberna formatuagaz, Nekane Astondoa zeberioztarrak Amañe izeneko taberna zabaldu du Zeberioko Zubialde auzoko 12. zenbakian, udaletxeko ezkerraldean. Kanpoaldean lau mahai eta itzalkin daude, loraz apaindutako fatxadaren aurrean. Lokalean sartzean espazio bi bereiz ditzakegu: lehen zatiak taberna moderno baten antza du: barra, pintxoak, gozoak eta garagardo sifoiak, jangela txiki bategaz aurrean. Baina barraz haratago bigarren espazio bat bereizten da: bertan, Zeberio eta inguruetako ekoizleen gourmet motako produktuak erosi eta baita kontsumitzeko aukera eskaintzen du Amañek: hestebeteak, eztia, piperrak kontserban, prestatutako janariak, patea, marmelada… baita ardotegi osotu bat ere.

Amañeko sarrera, udaletxeko plazan // Geuria

Zubialdeko plazako lokalizazio apartaz gainera, barrualdea dotore apaindu du zeberioztarrak kolore beroetako argiztapenarekin girotuz eta armairuz, izozkailu eta apalategiez osatutako antolamendu txukun bategaz.

Lokalaren bigarren zatia, barnealdean, bertako produktuegaz // Geuria

Pasa den irailaren 1ean inauguratu zuen Amañe Nekanek: “Lokala non zegoen ikusita, beti galdetu izan diogu gure buruari: a ze pena lokal hau! Taberna, denda, txoko… plaza erdi-erdian, errepide eta udaletxearen ondoan… ez du inork hartuko?”. Nekanek 12 urtez egin du lan gizarte baliabideen arloan eta pandemia hasi baino hilabete lehenago lana utzi zuen: “Aldaketa behar nuen, eta 15 egun langabezian egon ostean Koronabirusa heldu zen gure bizitzetara”. Lan barik eta etxean konfinatuta, buruari bueltak ematen hasi zen Nekane eta hilabete bitan martxan jarri zuen Amañe tabernaren proiektua.

Antzinako Casa Zabala taberna // Nekane Astondoa

“Gerra garaian taberna bat zegoen gaurko Amañe zegoen leku berean”, azaldu du Karlos Idirin alkateak. “1950ean itxi zuten eta lokala gaur egun arte itxita egon da”. Momentu honetan Igorreko lankide batekin dihardu Nekanek Amañen, bata goizean behar egiten eta bestea, arratsaldean. Lokalaren jatorrizko izena ‘Casa Zabala’ zen, senar-emazte eta lau seme-alabek osatutako familia batena: “Eusebia alargun paratu zen arren, negozioa aurrera eraman zuen seme-alabakaz, alabak ezkondu arte”, azaldu du Astondoak. “Amañe izena zergaitik, nik ez dot entzun nire etxean. Baina Etxazora biziten etorri orduen, auzokoek amamari buruz berba egiten daurienean, L’ Amañe diñodie”. Amañe hitza Nekaneren buruan geratu zen, eta izen horregaz etxekoandreei omenaldia egin nahi diela azaldu du zeberioztarrak.

Amañe Zubialdeko hirugarren taberna dugu: Batzokiaz eta udaletxeko atzekaldeko Herriko tabernaz gainera, Amañek modernotasun kutsua gehituko dio auzoari.

Hamaiketakoa // Geuria

 

Ardotegia // Geuria

 

Kafesnea, pintxoa eta Zeberion bertan produzitutako saltsa braba // Geuria

 

Eztia // Geuria

 

Pikilo piper potoak // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak