→Zeberio

Aritza Orue Bilbao: “Arratiko Zekorrak berpiztu nahi dugu”

Aritza Orue Bilbao errugbi jokalariak (Zeberio, 2002) Igorreko San Txisme zelaira eraman gaitu, bere kirol maitatuaren barrenak erakusteko. Errugbiagaz lehen kontaktua izan zuenetik ez du burutik kendu eta eguneroko bizitza Arratian egiten du zeberioztarrak. Errugbiaren xehetasunez, jokalariez, jokoaren egituraz eta zaletasunaz aritu gara solasean Igorreko zelaian. 2019an lur hartu zuen Oruek Arratiko Zekorrak Rugby Taldean, eta taldekideakaz batera bigarren mailako taldea berpizteko lanetan dabil: talde indartsua berreskuratzeko helburuagaz, adiskidetasunetik eta bizipozetik.

Eta zeintzuk izan ziren zure hastapenak errugbian? Kirola egiten zuten lagun nagusiagoak dauzkat. Betidanik gustatu izan zait errugbia. Garai hartan hamazazpi urte nituen eta errugbian aritzeko gorputza eta gogoa nuela esaten zidaten, baina hamazortzi urte izan arte ezin da jokatu Euskadiko errugbi mailan. Hortaz, hilabete batzuk zain eman nituen, gogotsu, baina itxaroten. Orduan etorri nintzen Igorrera, eta harrezkeroztik pozik eta gogotsu nabil errugbian.

Errugbya aukeratu zenuen, ez futbola. Zergatik hartzen du gazte batek erabaki hori? Nire ustez futbola aspergarriagoa da eta errugbiak mugimendu askatasun gehiago ematen dizkio gorputzari. Oso eroso sentitzen naiz beste hamabost jokalarirekin batera, esaterako. Gainera, kirol oso ikusgarria da errugbia!

Familian ba al dago errugbian jokatutako seniderik? Ez, ni naiz lehena. Arratiko Zekorrak taldeko batzuen kasuan hala izan ohi da, eta errugbian aritutako senideak dituzte, baina ez da nire kasua; lagunek esan zidaten hona etortzeko, eta heldu nintzenetik zoriontsu naiz bertan.

Errugbiaz gain, bestelako zaletasunik duzu? Geldi egotea ez zait batere gustatzen. Kirola maite dut: mendira joatea, lagunakaz taldean egotea… Ez naiz bakarrik egotekoa ni! Duela urte batzuk kickboxingean aritu nintzen, baina taldeko kirolak gustukoagoak ditut eta hemen 15 pertsona baino gehiagoko talde sanoa topatu nuen. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da eta ezin hobeto egokitzen ari naiz errugbira.

Eta ikasketak? Igorreko institutuko ikasketak bukatu ostean, Zeanuriko Zulaibar lanbide-ikastegira joan nintzen. Bertan erdi eta goi-mailako ikasketak egin nituen, eta baita errugbiaren munduko jendea ezagutu be! Momentu honetan lan-praktikak egiten ari naiz. Egia esan, egun osoa Arratian ematen dut.

Baina, bizi, zentzu literalean, Zeberion bizi zara. Hori da. Eguneroko bizitza Arratian egin arren, Zeberion bizi naiz, bai, baina lagun taldea eta kirola Igorren ditut.

Kirolera bueltatuta, zelako taldea da Arratiko Zekorrak? Arratiko Zekorrak Errugbi Taldea 1990ean sortu zen. Ez da oso zaharra; berria ere ez. Denborak aurrera egin ahala gorabeherak izan ditu: duela urte batzuk talde sendoa zeukan, baina denborak aurrera egin ahala, jendea joan eta taldea nolabait ahultzen hasi zen. Jokalari berriok proiektu lez hartu dogu taldea eta gorantza goaz, astiro-astiro. Gure asmoa talde sendo hori berreskuratzea da. Horretan gabiltza.

Informatzen saiatu naiz, baina ez da erraza izan. Zenbat kategoria daude Arratiko Zekorrak taldean? Talde nagusi bakarra daukagu. Bertan, 18 urtetik 40 urte ingurura arteko jokalariak daude. Eta talde horrez gain, 16 eta 14 urtetik beherakoen taldeak ditugu, baita umetxoena ere.

Eta txapelketak? Euskadiko Errugbi Liga. Bertan lehenengo eta bigarren maila daude. Arratiko Zekorrak taldeak bigarren mailan jokatzen du gaur egun, aspaldian lehen mailan aritu bazen ere. Gazteagoek bestelako taldeen aurka lehiatzen dira, txapelketa horretatik kanpo: Elorrion, Gernikan…

Hirugarren lerroko jokalaria zaitugu. Zein da zure rola taldean? Errugbian jende ‘lodia’ edo ‘oso indartsua’ bakarrik dagoela pentsa daitekeen arren, ez da horrela, ezta gutxiago ere! Egoera fisiko ezberdina duten jokalariak daude. Orokorrean, jokalari pisutsuenak aurrean jarri ohi dira, eta arinenak, atzekaldean. Ni hirugarren lerroko jokalaria naiz eta meleean jokatzen dut. Hitz gutxitan, meleean talde bateko eta besteko jokalariak aurrez aurre jartzen dira, multzoa sortuz. Multzo horretatik, posizioaren arabera, lerro ezberdinak irteten dira. Bada, ni hirugarren lerroan nago. Lerro horretan hiru pertsona topa daitezke: flanker bi, alboetan, eta 8a. Ni 7a naiz, forward posizioan. Nire betebeharra baloiagaz erasoa egin eta defentsan aurkariak plakatzea da. Meleeko rol bizkorrenetarikoa da.

Nolakoak dira zure espektatibak Arratiko taldean? 2019ra arte aurreko belaunaldikoak izan ziren taldean, eta ni bezalako jokalariek erreleboa hartzera etorri gara. 2021ean berritu nuen eta taldea berpizten ari gara harrezkeroztik, Eusko Ligan sartuz. Jokatzeaz gainera, taldea indartzea da gure helburu nagusia: zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto.

Kolpeak hartu arren, errugbia kirol noblea dela diote. Egia da? Bai, noski! Kanpotik ikusita, errugbia kirol agresiboa dela eman dezake, baina ez da horrela. Partidetan kolpeak hartzen ditugu, bai, baina gure ikuspegia ez da hori: kontaktuzko kirola da. Ez da gauza bera. Helburua ez da aurkaria mintzea. Errugbian ez dago eztabaidarik, arbitroarekiko errespetua erabateakoa da eta laguntasuna nagusi da, lehiaren gainetik.

Errugbi-arautegiko lehen eta bigarren denboraz gainera, inon jasota ez dagoen urrezko ‘hirugarren denbora’ daukazue. Errugbiaren berezitasun nabarmenetakoa da hirugarren denbora, bai. Idatzita ez badago ere, oso famatua da mundu osoan: 40 minutuko lehen zatia eta beste 40 minutuko bigarren zatiaren ostean, jokalariak aldageletara doaz. Behin kanpoan, talde biak elkartu, aurkari izateari uzten diote eta elkarren artean jan eta edaten dute. Helburua gozatzea da.

Iñigo Ahedo arrigorriagarra daukazue taldean ere, Utility Back postuan. Bai! Ni bezala, bizitza Arratian egiten du Iñigok. Zeanurin ikasitakoa da. Bere lagunak be hemengoak dira eta ni bezalako lotura dauka taldeagaz: jokatzera etorri zen bertara eta kirolaz harago doan taldea dela ikusi zuen berak ere.

Eta harmailetan zelakoa da giroa? Futbola famatua da eta jarraitzaileak askotarikoak izan daitezke. Errugbia ikustera datozenak kirola benetan gustuko dutenak direla esango nuke, edo kirola ezagutu nahi duten pertsonak izan ohi dira. Errugbian ez dago futbolean besteko lehiakortasunik eta zaleak elkarren artean nahastuta daude harmailetan, taldeetako jarraitzaileak banatzeko hesi barik. Partidak amaitzean denak elkartu ohi dira eta talde bietako jokalariak zoriontzen dituzte.

Loreak ikusi ditugu San Txismeko berdegunean, hau da, zuen zelaian. Bai, San Txismekoa, agerikoa denez, landa naturala dugu errugbi zelaia baino. Mantentze-lana, edozein zelai bezala, eduki badauka. Arratiko lehen errugbi partidak landetan egiten zituzten. Denborak aurrera egin ahala itxura eman zioten zelaiari: belar egokia jarri, posteak ipini… Errugbi zelai bat mantentzeak lana ematen du, baina jokatzeko gogoa badago, dena da posible.

Adibidez, holako errugbi zelai bat Zeberion edo Zaratamon jarriko balute, uste duzu beste kirolekin lehiatuko luekeela errugbiak? Bai, zergatik ez? (barreak) Kontua probatzea da. Beldurrak alde batera utzi eta kirola ezagutu behar da. Gauza bera gertatuko litzateke tenis kantxa bat jarriko balute. Garrantzitsuena lehen pausua ematean datza, ezbairik gabe.

Eta aurrera begira, zein helburu dauzkazu? Arratiko Zekorrak taldeagaz konpromiso handia daukat, eta bertan errugbi jokalari lez modu indibidualean eta talde bezala haztea, talde indartsua osatuz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak