→Zeberio

Auto istripua Zeberioko Arbildun: “Uhalagatik ez balitz, auskalo non egongo nintzatekeen orain”

Auto gidari batek istripua izan zuen joan den igandean 10:00ak inguruan Zeberioko Arbildu auzotik igarotzen den Bi-3524 errepideko bihurgune batean: “Kurbara iritsi baino lehen, atzeko bi gurpilak patinatzen hasi ziren, errepidea berde eta heze zegoen, ibilgailuaren kontrola galdu eta bihurgunearen eskumako hormaren kontra jo eta autoa irailu egin zen”, azaldu dio kaltetuak GEURIA komunikabideari.

Autoa, errepide erdian // Utzitakoa

Zeberioko auto gidari batek istripua izan zuen joan den igandean 10:00ak inguruan Zeberioko Arbildu auzotik igarotzen den Bi-3524 foru-errepideko bihurgune batean, Ugao noranzkoan: “Bihurgunera iritsi baino lehen, atzeko bi gurpilak patinatzen hasi ziren. Errepidea berde eta heze zegoen, ibilgailuaren kontrola galdu eta bihurgunearen eskumako hormaren kontra jo eta autoa irauli egin zen”, azaldu dio kaltetuak GEURIA komunikabideari. Zaurituak azaldu du abiadura “motelean” joan bazen ere, ezin izan ziola ibilgailuaren kontrolari eutsi “errepidea oso labangarri zegoelako”.

Kolpea hartu ostean, autoan harrapatuta gelditu zen gidaria, segurtasun uhalari lotuta: “Uhalagatik ez balitz, auskalo non egongo nintzatekeen orain”, azaldu du gidariak kolpea hartu eta egun bi pasa direla. Istripua gertatu eta gutxira, beste auto bateko gidari batek eta bertatik zebilen txirrindulari batek autotik irteten lagundu eta emergentzia zerbitzuekin kontaktuan jarri ziren. Minutu batzutan Ertzaintzako patruila bat, anbulantzia bat eta suhiltzaile kamioi bat gerturatu ziren ezbeharra geratu zen lekura. Gidariak azaldu du “zorionez” ondo dagoela eta lanean baja hartu behar izan duela: “Ezkerreko trapezioan kontraktura daukat eta lepokoa jarri behar izan didate. Hasieran ondo sentitzen banintzen ere, zorabioak jasaten hasi naiz egun hauetan”.

Zonalde hezea

Zeberioztarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute lekuaren arriskua: Ugao eta Zeberio komunikatzen dituen Bi-3524 errepidea bereziki labangarria da zati horretan, errepidea ibaiaren ibilgutik gertu igarotzen baita eta zonalde hori bereziki iluna baita zuhaitzek sortutako gereizpeagatik. Bertatik igarotzen diren ibilgailuak (autoak, autobusak eta egurra garraiatzen duten kamioiak gehienbat) abiadura nabarmenki moteldu behar dute kurbara iritsi baino lehen: “Neguan zehar gatza bota ohi dute Foru Aldundiko langileek errepide honetan, eta istripua izan nuen egunean ez zegoen gatz arrastorik bertan, gidatzeko orduan nabari egiten delako”. Egun hauetan atsedena hartuko du zaurituak.

Kolpearen arrastoak, errepidean // Utzitakoa

Txirrindularia, ezbeharraren lekuan // Utzitakoa

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak