→Zeberio

Elektrotxaranga, kontzertuak eta eskulangintza azoka antolatu dituzte Zeberion

Urriaren bukaeran eta azaroan hainbat jarduera antolatu ditu Zeberioko Jai Batzordeak, Zeberioko Udalaren laguntzagaz. “Osasun-egoera hobetu denez, adin guztietarako jarduerak egitea erabaki da, denak Zubialdeko plazako aterpean”, azaldu du Jon Etxebarria Nieto Eajko zinegotziak.

Urriaren 29an Gau Beltza antolatu dute Txubelasu Guraso elkartekoek 17:30etatik aurrera. Bertan eskulan beldurgarriak, gaztaina erreak eta mozorro lehiaketa izango dute herriko gaztetxoek. 20:00ak aldera Orkresta-elektrotunak ibilaldia egingo du Zubialden Hertzainak, Zarama, RIP eta Eskorbuto taldeen bertsioak jotzen, besteak beste.

Urriaren 30ean, zapatua, kontzertu gaua izango dugu: 21:00etan Dena hirukote ondarrutarraren rock alternatibo, post hardcore eta stoner rock estiloko emanaldia eskainiko du eta 22:30ean Legazpiko John Dealer & the Coconuts taldearen letra angloxajoiko punk makarra nagusituko da herrian (goiko bideoan ikusgai).

Azaroari begira, Domu Santu egunean Perretxiko erakusketa antolatu du Austarri Kultur Elkarteak Eskola Zaharretan, 12:00etatik 15:00ak arte.

Perretxikotan // Geuria

Azaroaren 13an Erruki Jauna talde ugaotarrak hardcore-punk kontzertua eskainiko du 21:00etan, azken disko digitala aurkeztuz. 22:30ean Zero bandaren txanda izango da.

Hilaren 26an Kantu Kolorek haurrentzako kontzertua eskainiko du 18:00etan eta 20:00etan Gorka AguinagaldekEl Regrueso de Patxi‘ bakarrizketa egingo du: momentu batean bada ere, Patxi Arrigagorritxerriberrigoitiabeitia izeneko baserritar burugogor eta harroputzean bihurtuko da Gorka, gastronomiaren eta Errioxako ardoen maitalea eta tabernetan rondak ordaintzea gustuko duena. Halaber, Varadero gustuko du Patxik, baita bertako hondartzak eta neskak ere.

Azaroaren 28an nekazaritza eta eskulangintza azoka prestatu du Zeberioko Udalak. Bertan, nekazaritzako produktuen salmenta eta erakusketa egingo dute baserritarrek.

Intxaurrak, azokan // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak