→Zeberio

Barazki ekologikoak, ortutik platerera

Nadia López eta Iñigo Gallastegi Zeberioko nekazari ‘berriak’ dira: Nadia (Alakant, 1979) erizaintzaren mundutik dator eta Iñigok (Bilbo, 1984) ekonomia ikasketak ditu. Euren lanak bigarren maila batean utzi eta Zeberioko nekazaritza-munduan murgildu ziren lurretik eta baserritik bizi ahal izateko.

Zeberioko bikotea, barazki artean // Geuria

Nadia López eta Iñigo Gallastegi Zeberioko nekazari ‘berriak’ dira: Nadia (Alakant, 1979) erizaintzaren mundutik dator eta Iñigok (Bilbo, 1984) ekonomia ikasketak ditu. Euren lanak bigarren maila batean utzi eta Zeberioko nekazaritza-munduan murgildu ziren lurretik eta baserritik bizi ahal izateko. Horretarako Udaleko Nekazal Gunea ekimenaz baliatu ziren euren bizitzako proiektua martxan jartzeko. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta gaur lursail eta etxe propioa dute Zeberion, Barazkilo enpresako jabeak eta langileak izateaz gainera. Euren helburua argi baino argiagoa dute: eredu agroekologikoaren prozesu osoen arduradunak izanik nekazaritza-produktu jasangarri eta ekologikoak eskualdeko familiei eskaintzea, ortutik etxera, inolako handizkaririk gabe.

Iñigo eta Nadia, ortuan // Geuria

Nondik dator Barazkilo proiektua? Iñigo Gallastegi: Duela hamar urte Zeberiora etorri ginen bizitzera Nadia eta biok, nekazaritzarekin zerikusia zuen proiektu bat martxan jartzeko asmoarekin. Kasualitatez, momentu hartako udal taldeak herrian nekazaritza sustatzeko gazteei bideratutako Nekazal Gunea izeneko ekimena zuen martxan. Aukera paregabea iruditu zitzaigun gure proiektua martxan jartzeko. Hasiera batean talde-lan bezala landu genuen proiektua, beste lagun batzuekin batera. Era honetako proiektuak elkarren artean egiteak lan asko aurrezten du eta errazagoa da gurea bezalako instalazioa aurrera eramatea. 2019an Zeberion daukagun lursaila erosi eta gaur egungo Barazkilo sortu genuen.

Nadia López: Nekazal Guneak hiru ardatz zituen: ekimenak lursail bat eta eraldaketa zentro bat uzten zien nekazaritza-jatorria ez duten gazteei. Bertan, gazteek euren lehengaien soberakinekin kontserba-produktuak egiteko aukera zuten. Nekazal Guneak, gainera, apartamentu batzuk uzten zizkien urte batzuez kanpotik zetozen eta Zeberion nekazaritza proiektua hasi nahi zuten gazteei. Proiektu horri esker jarri ginen martxan gu.

Zer da Barazkilo? I.G: Barazki eta fruitu ekologikoak ekoizteko ekimena da, elikadura burujabean oinarritutakoa eta gure eskualdean kokatutakoa. Gure helburua eskualdeko sasoiko barazkiak eta fruituak ekoiztea da. Horretarako Zeberioko instalazio honetan egiten dugu lan: 1.000 metro karratuko azalerako negutegia, kanpoko ortua, fruitu arbolak…

Zuek ekoiztu, zuek saldu. I.G: Salmenta zuzenaren aldekoak gara. Azken batean, nekazaritzaren alorrean prezioekin arazo handia dago eta horrek bitartekariekin zerikusia duela uste dugu. Hori dela eta, bitartekariak saihestuz salmenta zuzena egiten dugu Barazkilon. Berez ez ditugu ekuaziotik guztiz atera, azken batean gure produktuak herriko denda txikietan topa baitaitezke. Gure arazo handiena handizkariak dira. Hori dela eta, prozesu osoa kontrolatzearen aldekoak garenez, eskualdeko beste proiektu batzuekin Maskilu kontserba-lantegia sortu genuen. Bertako bazkideek eta bazkideak ez direnek ere eskualdeko ekoizleen soberakinak kontserbatzen dituzte, ekoizpen-katearen esparru hori ere geure eginez.

Nola lortu daitezke zuen produktuak? I.G: Barazkiak otarretan sartu eta Zeberion, Ugaon eta Bilbon saltzen ditugu. Kontserbak leku ezberdinetan saltzen ditugu: Bilboko Labore denda-kooperatiban eta Kidekoopen, Amillenan (Atxondo)… eta Zeberioko Amañen. Hala ere, barazkilo.com webgunean harremanetarako telefono kontaktua ageri da eta salmenta zuzena egin dezakegu.

Bikotea, negutegi barruan // Geuria

Zer nolako inbertsioak egin zenituzten hasiera batean? N.L: oinarrizkoak: negutegi txiki bat, bigarren eskuko makinak… Eta den-dena taldeka inbertitu genuen, etorkizunean esparru honetan benetan arituko ote ginen ez baikenekien. Baina tira, urte batzuk igaro zirenean, Iñigok eta biok lursaila eta ondoko baserria erosi genituen, horretatik bizitzea gustatuko litzaigukeelako.

Nolako garapena izan duzue hasi zinenetik gaur egun arte? N.L: Hasi gara, baina esan beharra dago proiektu benetan zaila dela, guk eskualdeko familiekin lan egin nahi dugulako. Kontsumo-otarreak prestatzen dizkiegu astero eta gure asmoa familia-bezero horiek nolabait mantentzea da. Bezero taldetik irteten eta sartzen diren familiak ditugu, eta hori da gure etengabeko ‘borroka’, familia horien konpromisoa berebizikoa delako. Esperientzia honen bidez bezeroen produktu gogokoenak identifikatzen ditugu: azken bi urtetan basoko fruituen aldeko apustua egin dugu, esaterako: masustak, ahabiak… Jendeak gustuko ditu eta, gainera, erraz eraldatzeko aukera ematen dute.

I.G: Azken batean, etengabe gabiltza ustiaketaren errentagarritasuna bilatzen

Nekazaritzak sasoiko produktuak ekoiztera ‘behartzen’ zaituzte, gainera. N.L: Gure produktuak ekologikoak izateaz gainera, sasoikoak dira, noski. Edozein garaitako eta lekutako barazkiak jatera ohitu gara, eta gure otarreak erosten dituzten familiek sasoiko produktuak kontsumitzearen aldeko apustua egin dute. Benetan eskertzekoa da hori.

Zenbat bezero dituzue? N.L: Astean 30-40 otarre banatzen ditugu. Horrez gainera, gure ekoizpenaren alde txiki bat komertzio txikiari luzatzen diogu eta beste zati bat eraldatu egiten dugu, kontserbak eta marmeladak eginez.

Nadia eta Iñigo, baserri kanpoko ortuan // Geuria

Ortuan beti egin behar da lan. N.L: Hala da. Ortu honekin lan egitea hasieratik hastea bezalakoa izan da: lurra ezberdina da, orientazioa… Momentura arte ikasitakoa egoera berri batera moldatu behar izan dugu eta oztopo berriak agertu zaizkigu bidean. Horregatik, orekaren bila gabiltza beti.
I.G: Egunero ari gara ikasten.

Zeuen betidaniko ogibideak bertan behera utzi al dituzue nekazaritzan lan egiteko? N.L: Gaur egun erizaintzarekin uztartzen dut baserriko lana.
I.G: Agian gogorregi hasi ginen proiektu honetan.

Konpetentziarik ba al dago zuen esparruan? N.L: Gure helburuak dituzten antzeko enpresa gehiago badaude, baina ez dira aurkariak; zoragarria litzateke gurea bezalako proiektuak baleude. Gure konpetentzia agroindustria da: horrek dakartza beste lurraldeetako produktuak, lurralde horietako pertsonak esplotatuz eta prezio barregarriekin lehiatuz. Gure sektoreak garai txarrak bizi ditu: zahartzen joan da eta ez da belaunaldi-erreleborik egon. Horregatik esaten da gaur egun bultzatzen ari garen nekazaritza eredu jasangarri honen bidez Euskal Herriko biztanle guztiak ase nahi izango bagenitu ez genukeela behar besteko ekoizpenik izango.

Bideoa | Barazkilo familia-proiektuak Zeberioko produktu ekologikoak ekoizten ditu eskualde osoarentzat

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak