→Zeberio

Caixabank Masters esku pilota txapelketa Zeberion jokatuko da uztailaren 17an

sailkapen ligaxkako partida bat Zeberioko frontoian jokatuko da uztailaren 17an, larunbatez: Urrutikoetxea-Martija eta Peña II-Rezusta bikoteen artekoa.

Urrutikoetxea-Martija eta Peña II-Rezusta bikoteen arteko partida ikusiko da Zeberioko frontoian // Baiko

Caixabank Masters esku pilota txapelketaren bigarren edizioari hasiera emango diote uztailaren 16an Zaldibarren. Aurreko edizioan bezala, Baikoko eta Aspeko pilotariek bikote mistoak osatuko dituzte. Hauek dira bikoteak: Altuna II-Aranguren, Elezkano II-Mariezkurrena II, Ezkurdia-Imaz, Jaka-Tolosa, Olaizola II-Zabaleta, Peio Etxeberria-Albisu, Peña II-Rezusta, eta Urrutikoetxea-Martija. Eskualdetik Elezkano eta Urrutikoetxea zaratamarrak lehiatuko dira.

Lehenik, sailkapen ligaxka jokatuko dute, denak denen aurka; guztira, bikoteek zazpi partida jokatuko dituzte, eta irabazitako partida bakoitzak puntu bat balioko du. Lehen eta bigarren postua eskuratzen duten bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira zuzenean, eta beste guztiek kanporaketak jokatuko dituzte: ligaxkako hirugarren sailkatuek seigarrenen aurka, eta laugarren sailkatuek bosgarrenen aurka. Kanporaketa horiek irabazten dituztenak finalerdietarako sailkatuko dira. Txapelketa uda osoan zehar jokatuko dute, eta finala irailaren 19an izango da Gasteizko Ogeta frontoian.

Hego Uribe eskualdean txapelketa honetaz gozatzeko aukera egongo da. Izan ere, sailkapen ligaxkako partida bat Zeberioko frontoian jokatuko da uztailaren 17an, larunbatez: Urrutikoetxea-Martija eta Peña II-Rezusta bikoteen artekoa, alegia. Gainera, aurretik Zabala-O.Etxebarria eta Larrazabal-Larunbe bikoteen arteko partida izango da. Zeberioko esku pilota jaialdia 18:00etan hasiko da. Sarrerak dagoeneko salgai daude udaletxean 20 euroan edo entradasfronton.com webgunean 25 euroan (partidaren egunean bertan 25 euroan ordainduko da sarrera frontoiko leihatilan).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak