→Zeberio

Herritarrak Ugaoko osasun zentrora eramateko doako taxi-zerbitzua eskainiko du Zeberioko Udalak

Herritarrek erizaintza zerbitzua izango dute egunero Zeberion bertan, baina mediku hitzorduetarako Ugaoko zentrora joan beharko dute uztailean eta abuztuan zehar.

Taxi-zerbitzua Basaurin // GEURIA

Zeberioko Udalak debaldeko taxi-zerbitzua jarriko du martxan bisita medikuetara joan behar duten herritar guztiak Ugaora eramateko. Astelehenetik ostiralera erabili ahalko da garraioa, 08:00etatik 14:00etara bitartean, telefono zenbaki honetara deituz: 607 90 76 85.

Herritarrek erizaintza zerbitzua izango dute egunero Zeberion bertan, baina mediku hitzorduetarako Ugaoko zentrora joan beharko dute uztailean eta abuztuan zehar. EAEko Osasun Sailak jakinarazi duenez, udako bi hile horietan ezinezkoa izango da Lehen Mailako Arreta Zentro guztietan medikuen presentzia bermatzea. Profesionalen falta jasango duen udalerrietako bat izango da Zeberio, eta horri konponbidea emateko jarri du martxan taxi-zerbitzua Udalak.

Kontzentrazioa, asteazkenean

Zeberioko EH Bilduk osasun zerbitzuaren egoera salatu du komunikatu bidez: “Osakidetzak lau haizetara zabaltzen ari den normalizazioaren aurrean, eguneroko kontsulta barik jarraitzen dugu, kontsulta zabalik zein egunetan egongo den jakin gabe”. Mediku falta horren aurka egiteko eta beste osasun sistema eredu bat aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu dute asteazkenean (ekainak 29), 19:30ean, udaletxe aurrean.

Herrian “jarraipen zehatza, tratu pertsonalizatua eta arreta berezia behar duen adinekoen multzo handi bat” dagoela nabarmendu dute, eta, askotan, “abandonu sentsazioa” dutela jasotzen duten tratuagatik. Biztanleria gero eta zaharragoa den gizartean, arreta komunitarioa indartzearen aldeko apustua egin behar dela diote alderditik: herrietan Lehen Mailako Arretari eta aurrez aurreko kontsultei lehentasuna eman.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak