→Zeberio

Eguzki-panelak jarri dituzte Zeberioko udaletxeko eta kultur etxeko teilatuetan

Zeberioko Udalak eguzki panelak ipini ditu udaletxeko eta kultur etxeko teilatuan, isurialde biak konpondu ostean. Iazko irailean obra hauen berri eman zuen Karlos Idirin Zeberioko alkateak.

Modulu biak, udaletxeko bi isurialdetan // Geuria

Zeberioko Udalak eguzki panelak ipini ditu udaletxe eta kultur etxeko teilatuan, isurialdeak konpondu ostean. Iazko irailean obra hauen berri eman zuen Karlos Idirin Zeberioko alkateak: “Proiektu honen helburua energia elektrikoa erostea saihestea da”. Lanak 2021eko bukaeran hasteko eta 2022ko martxoan bukatzeko asmoa zuen Udalak eta dagoeneko ipinita daude.

Guztira 38.800 euroko inbertsioa egingo du Zeberiok udaletxe eta kultur etxeko teilatuetan burutuko den energia berriztagarriaren aldeko proiektu honetan eta herriko alkateak “proiektu oso interesgarri” bezala definitu zuen iaz. Dagoeneko, instalazio horien ezaugarri nagusia gehieneko sorkuntza-puntua KW orduko kostua garestiagoa den ordu-tartearekin bat datorrela da. Gainera, instalazio hauen bidez KWak eta panelek sortutako potentzia zuzenean monitorizatu daiteke, sare elektrikoko kontsumoa ezagutuz. Horrela, azken denbora-tarteko fakturaren zenbatekoa iragarri daiteke.

Udaletxe atzeko zonaldeko isurialdeko panel blokea // Geuria

 

39.200 euroko inbertsioa

Instalazio hauen zenbatekoa 47.810,86 eurokoa izan da (BEZa barne) baina 39.203,17 eurotan esleitu zen eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEEk) 26.631,80 euroko dirulaguntza eman du.

15,80 kwko potentzia produzituko duten 40 panel jarri dituzte guztira udaletxeko teilatuan (20 paneleko instalazio bi), “Udal eraikineko beharrizanak asetzeko behar besteko energia”, argitu zuen Zeberioko alkateak 2021eko irailean. Udalaren arabera, inbertsio honen amortizazioa 7 urtekoa izango da eta urtean 15.785KWko energia garbia produzituko dituzte panelek. Adibide bezala, energia horregaz, auto elektriko batek 116.926km egin ahalko lituzke. Gainera, urtean 4.643 Co2 kilo eta 726 zuhaitzen mozketa saihestuko dituzte urtero, Idirinen hitzetan.

Kultur etxean 9,48kwko potentzia sortuko duten 24 eguzki-panel jarri dituzte. Guztira 13.776 euroko inbertsioa egin du Zeberioko Udalak eraikin honetan. Urtean 1.238 eguzki-orduko energia jaso ahal izango dituzte panel hauek, 9.127kwko energia garbia sortuko dute urtean eta panel hauen amortizazioa 8 urtekoa izango da. Zeberioko Udalak egin duen ikerketa baten arabera, panel hauen erabilerak 2.684 kilo Co2 emisio saihestuko dute urtean atmosferan.

Hurrengoak, eskolan

Udaletxekoak eta kultur etxekoak jarrita, eman beharreko hurrengo pausua Zubialde eskolan jartzearena dugu eta alkateak proiektu hori etorkizunean egiteko asmoa iragarri du.

64 eguzki-panel jarriko dituzte Zeberioko udaletxe eta kultur etxeko teilatuetan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak