→Zeberio

Bideoa | Elsa Garcia Lizundia: “Musikaren garai loriatsua bizi izan dut”

18 urtegaz, “berandu”, bere hitzetan, musika ikasten hasi zen Elsa eta piano eta saxofoi instrumentu klasikoetan trebatu zen. Zuzeneko musikaren garai oparoena bizi duela dio zeberioztarrak eta garai berrietara egokitu da

Elsa García Lizundia (Trapaga, 1967) Gorositu auzoan bizi den jazz musikaria dugu, naturarekin kontaktuan. Musikan eman zituen lehen hastapenak bere kabuz egin zituen eta adin nagusitasunera heldu zenean nozio horiek solfeoa eta musika klasikoko ikasketekin trinkotu zituen, jomuga musika modernoa izanik. Musikari bezala zuzenekoak eginez irabazi zituen lehen soldatak, eta teknologia berriek ekarri duten eraldaketara egokitzen jakin izan du. Gaur musika-zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa kudeatzen du Elsak eta atzera begirada bota dio musikariak hainbat proiektu interesgarri eskuen artean dituelarik. 

Musikaz bizi zarela esatea hitz potoloak dira, Elsa.
Bai!, esparru batean edo bestean bada ere, musikaren inguruan egin dut lan betidanik. Musika egiteaz gainera musika zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batean nabil lanean eta bertan bestelako zerbitzuak azpikontratatzen ditut ezkontzetarako eta bestelako ekitaldietarako.

Nola hasi zinen musikan?
Nire kabuz ikasten hasi nintzen, nerabezaroan. 18 urtegaz ikasketa klasikoak egin nituen bertan ez zegoelako eskola modernorik. Horregatik, solfeoagaz hasi nintzen eta hiru urte igarota instrumentua aukeratu ahal izan nuen. Gaur egun, ostera, haurrak solfeoagaz batera instrumentua aukeratzen dute. Horregatik esaten dut musikan ‘berandu’ hasi nintzela.

Zuk berez bestelako estiloak gustuko zenituen klasikoa baino.
Musika modernoa gogoko izan diut betidanik: jazza, esaterako. Baina garai hartan hemen ez zegoen jazz eskolarik. Bestelako aukerarik ez zegoenez, saxoaren ikasketa klasiko guztiak burutu nituen eta Bilboko kontserbatorio batean sei urtez saxofoi irakasle lanak egin ostean, asebetetzen ez zidan lana zelaz jabetu nintzen, eta gainera denbora asko ematen nuen horretan. Irakaskuntza alde batera utzi eta Iñaki Salvador eta eta Andreig Oleignizajck bezalako irakasleakaz jazza ikasten hasi nintzen.

Tartean musika zenbait musika proiektu interesgarri sortu zenituen jazzaren inguruan.
Hala da, aipagarriak dira emakumeek soilik ekoiztutako ‘Girls in Band’ izenekoa. Proiektu hura Juan Claudio Cifuentesi omenaldia egiteko sortu nuen, Estatu mailan telebista zein irratiaren bidez jazza gehien hedatu zuen gizona. Omenaldia Bilboko Haceria Jazz Klubean egin genion. Girls in Band proiektuagaz 50. hamarkadako Hard Bop estiloa lantzen dugu. Beste proiektu aipagarri bat Organizing Hammond deritzona da, berezitasun bezala Hammond teklatuaren vintage soinua daukana.

Bestalde, duela hiru urte jabetu nintzen jam sessionetan nahigabe dantzatzen hasten nintzela. Banekien swinga dantzatzeko dantza mota bat zegoela Gasteizen: Lindy Hopa. Orduan, Gasteizen hiru hilabetez ikerketa egin ostean lehen Lindy Hop jarduera ekarri nuen Bilboko Garabiara. Aretoa bete nuen ekitaldi huragaz. Saio hartatik Bilboko Lindy Hop eszena jaio zen, gero eta entzutetsuagoa dena gaur egun eta dagoeneko dantza eskolak sortu dira nire  ekimen hartatik abiatuta. Hortik Bilbao Lindy Band eta Bilbao Jazz Band swing tradizioko taldeak sortu nituen, dantza egiteko sortuak bata zein bestea. Lindy Hop estilo honek mutilak oholtzara igo zituen dantzatzera, eta hori ez da batere arrunta Bilbon! (barreak). Ondorio bezala, Swing Side elkartea sortu zen eta bertan nago sartuta, gaur egungo pandemiak dantzan egiten uzten ez badigu ere. Neure kabuz jotzen dudanean García abizena kendu eta Elsa Lizundia Quartet izeneko taldean jotzen dut.

Aipatutako proiektu horietatik zeinek dauka gaur egun aurrera egiteko aukera gehien?
Girls in Band. Frogatu dugu kontzertuak egitea eta ez kutsatzea posiblea dela, eta era honetako ekimenek harrera ona dute museo edo kultura areto zabaletan. Erraz saldu daitekeen produktua dugu eta jendeari asko gustatzen zaio, oro har. 

Nolako eragina izan dute teknologia berriek zure bizitza profesionalean?
Musikaren garai loriatsua bizi nuen 18 urtetik 35ak bete arte. Teknologia berrien etorrera dela eta DJaren figuraren agerpenagaz, herriz herri jairik jai doazen orkestren figura horiek desagertzen hasi ziren. Momentura arte, zuzenekoak egiten irabazi izan dut dirua, baina aldaketa teknologikoak nolabait lan egiteko modua aldatu didate eta aipatutako musika-zerbitzuen enpresa sortu behar izan nuen, musikaz garai berri hauetan bizi ahal izateko. 

Zu berez era horretako orkestra batean lan egin zenuen.
Bai, Bilboko Carrusel Orkestran, 15 pertsonek osatutakoa. Haizeen taldean soilik bost pertsona geunden. Horiez gainera abeslari bat, korista bi, hiru dantzari… talde horregaz kilometro ugari egin genituen eta dirutza irabazi nuen.

Saxoa eta baxua orkestran jotzeaz gain bestelako lanik egin duzu musikaren esparruan?
Epe labur batean izan bazen ere, Dinamita pa los Pollos taldeko korista baten ordezkoaren lanak burutu nituen. Bi urte eman nituen lan horretan. Garai hartan Bilboko pop-rock estiloko taldetan nenbilen, musika modernoaren hastapenetan, jazzagaz hasi baino lehen.

Nolakoa da jazza eta Zeberio kontzeptuak uztartzea?
Jazz taldeak etxera dakartzat eta poz pozik daude hona etortzeagatik! (barreak). Lasaitasuna nagusi da Zeberion eta guk zarata gutxi egiten dugu, baserriko hormak oso lodiak direlako. Etxera bateria, pianoa, baxua, oboea… ekartzen ditugu eta ondo baino hobeto ematen ditugu orduak jotzen. Entseguak egin behar direnean elkarren artean lotu eta set list bat oinarri bertara etorri eta inprobisazio saioak prestatzen ditugu.

Zu berez Trapagan jaiotakoa zara. Hiria faltan duzu?
Zeberion zoriontsua naiz eta Bilbon entseguak egiteko leku asko badaude ere hona ekartzen ditut musikariak beti. Azken batean, Zeberio ordu erdi eskasera dago.

Nolakoa izan zen 2021a zu bezalako musikari batentzat eta zer eskatzen diozu 2022ari?
Iaz SGAEk bere Ibiltari Jazz programazioaren lehen zikloa kudeatzeko aukeratu ninduen. Aurten bigarrena antolatu behar dute eta espero dut esperientzia berriro errepikatzea.

Hori ezin dezake edonork esan, Elsa.
Jazzetik lasai bizitzea ezinezkoa dela esango nuke, dagoeneko. Pandemia aurreko garaian zaila bazen… orain zailagoa da! Ez dago kontzertuak eskaintzeko aukerarik. Iñaki Salvadorrek, esaterako, musika irakaskuntzagaz uztartzen du. Ez dira garai onak musikarientzat, ezta pentsatu ere!

Nola definituko zenuke zure lan egoera gaur egun?
Gauza gehiago egitea gustatuko litzaidake, egia esateko. Pandemia hasi zenetik sektore kaltetuena gara, ostalaritza eta ekitaldien antolakuntzaren parean. Ostalariek, gorriak igaro arren, euren establezimenduetako pertsianak ireki ahal izan dituzte eraman ahal izateko produktuak eskaintzeko. Guk ezin izan dugu horrelakorik egin, ostalaritzaren gehigarriak baino ez garelako, antza.

Eta pandemiak, bestelako negozioei bezalaxe, ez dizu berrasmatzeko aukerarik eman, online formatuko klaseak emanez, esaterako?
Izan liteke, baina ez dut irakaskuntzara itzultzeko asmorik, momentuz bada ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak