→Zeberio

Juanjo Hidalgo: “70 bat auzoz eta 15 baselizaz osatutako unibertsoa da Zeberio. Non ikus daiteke hori?”

Juanjo Hidalgo, Olabarrietako Santo Tomasen / Geuria

2020a urte zoragarria izaten ari ez bada ere, urte aproposa da atzera begiratu eta gure ondarea inoiz baino hobeto ezagutu ahal izateko. Aurten, 20 urte bete ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaian, eta Zeberiok Ermitabarri auzoa deskubritu dugu Juanjo Hidalgo irakasle, historialari eta arkeologo laudioarraren bidez, Olabarrietako Santo Tomas. Fedearen Bitartez Boteretik Heztea izeneko ibilaldi historikoarekin. Ibilbide honek Erdi Aro berantiarretik aro modernoraino garamatza, Ermitabarri auzoko jaiotzaz gain bere bilakaera erakutsiz, botere politiko, sozial eta ekonomikoaren ardatz bihurtu arte.

Juanjo Hidalgo, Olabarrietako Santo Tomaseko arkupean / Geuria

Noiztik datorkizu historiarekiko grina?
Txikitatik piztu zitzaidan. Gaztea nintzela Gorbeiara joan ohi nintzen Felix Muguruza lagunarekin (ikerlaria eta filologoa) artzaintza lanbidea eta bizimodua ikertzera. Mendia izugarri gustatzen zait eta urte asko daramatzat artikuluak publikatzen, hitzaldiak ematen… Gaur egun, klaseak emateaz gainera, historialaria naiz eta betidanik egin ditut ikerketak zein arkeologia-lanak: Untzuetako gaztelua, Amurrioko erromatar garaiko aztarnategi batean eman ditut azken hamar urteak…

Nola heldu zara Zeberiora?
Alkatea harremanetan jarri zen nirekin, Ermitabarri auzoko bisita-gidatuak egitera gonbidatuz: Olabarrietako Santo Tomas eliza eta bere arkupea, Ermitabarri auzoa… antzinako tradizioaren inguruko historia kontatuz. Monumentuez gainera, ikusten dena eta ikusten ez dena kontatuz. Unibertso bat da Zeberio. Bertan 70 auzo baino gehiago eta 15 baseliza dauz- ka. Non ikusi daiteke hau?

Nola antolatu dituzu bisitak?
Bisita gidatuak era arinean antolatu daitezkeen arren, nik historia sakonean begiratzea gustuko dut. Badago gaztelaniazko esaera zahar bat “Caminar a hombros de gigantes” esaten duena. Oso gustuko dut. Ikerkuntzaren arloan, zu baino lehenago beste batzuek ikerketa-lanak egin dituztela esan nahi du. Zeberion, dagoeneko, badira bertako historia ikertu duten historialari ugari, eta euren lanez baliatu naiz bisita gidatu hauek antolatzeko: Kepa Pérez Urraza, Manu Etxebarria, Jürgen Lange… Azken hau benetan berezia da, alemaniarrak Zeberiori buruzko doktoretza-tesia egin zuelako. Bertara etorri eta hemen geratu zen. Eman dezake Zeberio herrixka bat baino ez dela, baina ikerketa lan ugari egin dira leku honen eta bertako jendearen inguruan.

Udaletxea, frontoia eta herriko plaza auzo batean eta eliza beste auzo batean daukan herria dugu Zeberio.
Ez da arraroa botere zibila eta eliza-boterea bereizita egotea. Dena den, garai batean, Zeberioko udaletxea Olabarrietako Santo Tomas elizako arkupean bertan zegoen. Elizate honetan antolatzen ziren herri-bilerak, gaur egungo osoko bilkuretan egiten den bezalaxe. Topaketa horietan botere zibila eta eliza-boterea arkupe berean biltzen ziren.

Arkupe honek berebiziko garrantzia dauka bisita gidatuetan.
Berez, hilerria izan zen. Eliza barruan lurperatu baino lehen, arkupean hilobiratzen ziren hildakoak. ‘Ciminterio’ esaten zitzaion gazteleraz lehen arkupeari. Antzina, arkupe honek hiru funtzio betetzen zituen: Herri batzarrena, prozesioena eta lurperatzearena. Gainera, bertan jaiak, dantzak… ospatzen ziren. Gaur egun, ostera, ez dira aipatutako ekitaldiak egiten.

Historia lurrean dago oraindik
Bertako harriak horren adierazgarri dira. Errekarriak erabili zituzten, eta langileak ez ziren Zeberiokoak. Lan hau egiteaz arduratzen zena maisu harriztatzailea izan ohi zen, titulu oso bereziko ogibidea. XVI. mendean Kalahorrako diozesiko bisitaria etorri zen Olabarrietako Santo Tomasera eta arkupea ikusi zuenean deskalabru hutsa zela esan zuen. Garai hartan hildakoak eliza barruan lurperatzen zirenez, arkupea erabat abandonatuta geratu zen, basazko zoru irregularrean, eskeletoak agerian zeudelarik, besteak beste. Orduan, bisitariak arkupea harriztatzeko agindua eman zuen.

Zein izen nabarmenduko zenituzke Olabarrietako elizako historian?
Martin de Gorostiza, arkupearen harriztaduraz arduratu zena eta Martin de Zubiate, elizako erretaularen egilea. Pertsona bi hauek oso entzutetsuak izan ziren antzina. Horrez gain Gabriel de Kapelastegi egon zen. Berak antzinako egurrezko kanpandorrea bota eta harrizkoa jarri zuen.

 

Juanjo Hidalgo / Geuria

Zergatik da hain berezia Ermitabarri?
Eliza eta bere propietateengatik bereziki, bere boterea Usansolora arte heltzen baita. Eliza normal batek urtean 5.000 erreal ateratzen zituen bere probetxurako. Olabarrietaklo Santo Tomasen kasuan, etekina 40.000 errealekoa izan ohi zen. Ermitabarrin, bestalde, mendia, abereak eta alokatzen ziren etxeak zeuden.
Horrez gain, Ugaotik Arratiara doan Errege-Bidea igarotzen zen bertatik. Zeberio aldean Elizbaso izeneko basoa zegoen, eta bertan Paduako San Antonio baseliza eraiki zuten, gaur egun Taberna Zaharraren ondoan kokatuta dagoena. Errege Bidetik merkantziak igaro ziren eta horrek negozioa ekarri zuen. Kostu izugarria izan zuen tenplu zoragarri hori eraikitzeak. Paduako San Antonioko baselizaren inguruan jaio zen Ermitabarri auzoa. Bertako etxeak XVIII. mendetik aurrera eraiki ziren. Aurrerago Taberna Zaharra eta Bolatokia eraiki ziren, 1802an. Bolatokia, etxeekin egiten zen bezalaxe, alokatu egiten zen dirua lortzeko eta gazteek sarritan erabili ohi zuten. Ermitabarri enpresa bat bezala antolatu zen.

Bisita gidatuak arrakastatsuak izan dira.
Interes handia sortu dute, bereziki gure arbasoek bizi izandako gertakizunak kontatzen ditugulako. Jendea txundituta geratzen da bertako historia ezagutzen duenean.

Zelakoa da bisitarien profila?
Emakume gehiago datoz, gizonak baino. Adinari dagokionez, normalean, historiarekiko jakinmina 30 urtetik aurrera piztu ohi da, eta bisitari gehienak 40-50 urte ingurukoak dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak