→Zeberio

Bideoa | XVIII. mendeko harlauzak topatu dituzte Zeberioko Ermitabarri auzoan Errege bidean

Zeberioko Udalak XVIII. mende amaierako harlauzak topatu ditu Ermitabarritik igarotzen den Galtzada Errealean garbiketa eta inausketa-lanak egiten ari zela. Langileak Karabiko gurutzagunearen eta Etxebarriako bidearen arteko 500 bat metroetan lanean ari ziren: “Galtzada Errealeko bidea erabat utzita zegoen tarte horretan eta garbiketa-lanak egitea erabaki genuen”, azaldu du Karlos Idirin Zeberioko alkateak.

Lan horietan sastraka eta soberako lurra kendu eta hodiak jarri dituzte. Garbitutako lursailaren gainean Arabako harrobi batetik ekarritako harri horiak jarri dituzte langileek, “oinez edo bizikletan dabiltzan erabiltzaileentzako egokia”. Lurra kentzen ari zirela, Galtzada Erreal originalean erabili zituzten harri zabalak topatu dituzte langileek: “Hamar bat metroko tartean agertu dira harri horiek eta, kendu baino, horiek eskuz garbitu eta agerian uztea erabaki dugu, herritarrek Galtzada nolakoa zen ikus dezaten”, gehitu du alkateak.

Juanjo Hidalgo historialari eta arkeologoa, Errege Bidean // Geuria

Topatutako harrien jatorriaz berba egiteko Juanjo Hidalgo historialari eta arkeologoagaz elkartu gara Galtzadako harriak topatu dituzten leku berean: “Ermitabarrin topatutakoak harlauzak dira, Errege Bidearen ertzak osatzen dituzten harriak”, azaldu digu Hildagok. “Topatutako harri hauek lerrokatuta daude eta horrelako lerro bik osatzen zuten galtzada, bidea egonkortzeko. Barrualdean txokorrak deritzoten harriak botatzen zituzten. Harriztadura hauek bideak denbora luzez ondo iraun zezan erabiltzen zituzten, hondatu ez zitezen”.

Hala ere, Laudioko historialariak azaldu du Errege Bidea baino lehen, Ermitabarritik igarotzen den erreka ondoko bide honetan ez zegoela inolako galtzadarik, eta bertatik artilea bezalako materiala garraiatzen zutela mandoetan: “Harrizko galtzada eta gurdien erabilera XVIII. mendeko kontua izan zen”, zehaztu du Hidalgok.
Galtzada Errealaren garbiketa lanetarako 17.854 euro bideratu ditu Zeberioko Udalak eta 15 eguneko lanak aurreikusi ditu, joan den maiatzaren 26tik hasita.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak