→Zeberio

Lurdes Etxezarreta: «Gure haurrek, umeek eta gazteek dagoeneko euskararen ezagutza badute; ez nuke esango galzorian dagoenik»

Euskaraz egiten dugunok askotan sufritu izan dugu estres linguistikoa. Badakizu zer den? Lurdes Etxezarreta AHIZE-AEKko hizkuntza aholkulariak ondo azaldu digu.

Lurdes Etxezarreta // Geuria

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Estres linguistikoa esaten zaio norekin, non, noiz, zein hizkuntza aukeratu erabaki beharrari. Hizkuntza bakarra dakienak ez du estres linguistikorik pairatzen. Euskara ahaldunok, ordea, askotan sufritu izan dugu eta izaten dugu estres linguistikoa. Lurdes Etxezarreta (Larrabetzu, 1975) AHIZE-AEKko hizkuntza aholkularia da, eta adibide batekin azaldu digu estres linguistikoa zer den: “Bilbora zoaz erosketa bat egitera, denda batean ilara egiten duzu, eta ari zara pentsatzen: ‘dendariari nola hitz egingo diot, euskaraz ala gazteleraz? Euskaraz jakingo du ala ez du jakingo?’. Horrek sortzen du nolabaiteko ezinegona edo deserosotasuna”. Hori da estres linguistikoa. Gai horretaz hitz egiteaz gain, EUSliderrak tailerrez edota hizkuntza ohiturez berba egin dugu Etxezarretarekin.

Zer da estres linguistikoa?
Estres linguistikoa da hizkuntza bat baino gehiago dakigun pertsonok sufritzen dugun estresa. Adibide batekin azalduko dizut: Bilbora zoaz erosketa bat egitera, denda batean ilara egiten duzu, eta ari zara pentsatzen: “dendariari nola hitz egingo diot, euskaraz ala gazteleraz? Euskaraz jakingo du ala ez du jakingo?”. Horrek sortzen du nolabaiteko ezinegona edo deserosotasuna, eta ondorioz hautua egin beharra. Hizkuntza bakarra dakienak ez du estres linguistikorik sufritzen. Bi hizkuntza eta, batez ere, hizkuntza gutxitua den kasuetan, adibidez, euskaran, estres hori egoera gehiagotan ematen da.

Zein izaten da normalean euskaldun baten hautua?
Normalean hautua izaten da errazenera jotzea. Gatazkarik ez duzu nahi, ez dituzu azalpenak eman nahi, eta hortaz, gaztelerara jotzen duzu.

// Geuria

Telefonoz deitu behar duzunean ere gertatzen da horrelakorik.
Bai. Osakidetzara deitzen duzu, medikuarekin hitz egin nahi duzulako. Eta deia egin aurretik ari zara pentsatzen zein hizkuntzatan egin hasierako berba. Gertatzen da telefonoaren beste aldean dagoenak euskaraz jakitea, baina oso gutxi; orduan, azkenean erabakia izaten da gazteleraz egitea.

Eta arazoa ez da euskaraz hitz egiten duenarena.
Estres linguistikoa sortzen da pertsona ezezagunekin. Aurrean ditugun pertsonak ezagutzen ez ditugunean eta ez dakigunean zein den beraien ezagutza edo beraien ohiko hizkuntza. Askotan beste pertsona horren itxuragatik aurreiritziak ditugu, eta horregatik guztiagatik sortzen da estres linguistikoa.

Estres linguistikoaz ari garenean, zer nolako perfila da gehien sufritzen duena?
Azken finean estres linguistikoa ideia orokor bat baino ez da. Dena batuko nuke erabileran. Euskararen erabilera behera egiten ari da edo gutxiago erabiltzen da batez ere kalean; ikusi besterik ez dago azkeneko neurketak eman duen datua: leku askotan behera egin duela euskararen erabilerak, nahiz eta azken urteetako beherakada hori pixka bat eten den. Azkenean erabilerarekin zerikusia daukan kontua da. Baldintza askok eragiten dute erabileran, eta horietako bat da estresa. Baina estresa bezala izan daiteke deserosotasuna. Adibidez, oso ondo moldatzen ez zarenean, gutxiago ausartzen zara euskara erabiltzera. Orduan, horrek ere ez erabiltzea dakar edo hautu bat egin behar duzunean, kontzientzia kontu bat: hauekin bai, haiekin ez…

Orduan edonori gerta dakioke hau.
Bai. Ume eta gazteei ez hainbeste, normalean kontzientzia bat behar duzulako. Estres linguistikoa izaten dugu normalean euskaldun osoak garenok. Ez nuke esango adinaren arabera gertatzen denik.

Esparru geografikoa ere kontuan hartzen da, ezta? Zeberio, adibidez, orokorrean herri euskalduna da.
Ezagutza badago eta hori ere gero eta argiago daukagu. Zeberion eta inguruan umeek D ereduan ikasten dute, eta horrek, teorian, ezagutza bermatzen du. Adin batetik behera ezagutza bermatuta dago; arazoa erabilera da. Datuek esaten dute Zeberio nahiko herri euskalduna dela, % 70aren bueltan, baina esango nuke erabilera oso eskasa dela. Are gehiago, Zeberion gertatu da halako efektu bat oso urte gutxitan non erabilerak izugarrizko beherakada izan duen. Datu hori oso esanguratsua da, oso herri gutxitan gertatu da horrelako bat-bateko aldaketa.

Zergatik izango da hori?
Arriskatuko nintzateke esatera, ez baititut ezagutzen zehazki bertoko datuak: baina baliteke izatea kanpoko jende asko etorri delako hona bizitzen. Eta badiotsut: ez dut uste arazoa ezagutza denik, baizik eta jarrera kontua.

Noiztik gertatzen da euskararen estres linguistikoa?
Ikerketa batzuk egin ziren eta izen hori eman zitzaion. Nik behintzat ez dakit noiz hasi zen. Gertatzen dena da gero eta ikerketa gehiago daudela erabileraren inguruan.

EUSliderrak programaz galdetuko banizu.
EUSliderrak hizkuntza-ohitura berriak sortzeko proiektu bat da. AHIZE AEKko hizkuntza aholkularitza zerbitzua da eta duela urte batzuk ikerketa proiektu batean parte hartu zuen hizkuntzaren erabileraren inguruan. Nik AHIZEn egiten dut lan. Hasiera batean lan-esparruan abiatu zen proiektua eta ikertzen hasi ginen hizkuntza ohituretan. Soziolinguistika Klusterrarekin batera ikerketa-lan bat egin genuen 2008an eta esperientzia pilotua egin genuen Berrizko Udalean. Gustatu zitzaien proiektua eta Berrizko institutuan martxa jar ote genezakeen eskatu ziguten. Laguntza eskatu genien EHUko Psikologia fakultateko irakasle batzuei eta oinarri metodologikoak eskaini zizkiguten. AHIZEk euskararen normalizazioan urte asko darama lanean eta eskarmentu hori batuta sortu genuen 2011n gaur egun EUSliderrak bezala ezagutzen dugun proiektua.

Zehazki, zertan datza?
Hizkuntza-ohitura berriak sortzeko tailerrak dira. Hezkuntzan ematen ditugu tailerrak, batez ere institutuetan eta DBHko 3. mailan. Era berean, beste esparru batzuetan ere eskaintzen ditugu tailerrak. Azkenean, oinarri metodologikoa bera da eta helburua hizkuntza-ohitura berriak sortzea denez, metodologia oinarri hartzen dugu, diskurtsoa eta formatua pixka bat aldatuta.

Institutuez gain, aipatu duzu beste esparru batzuetan ere eskaintzen dituzuela EUSliderrak tailerrak.
Bai. Institutuez gain, enpresestan, udaletan eta administrazioan langileekin antolatzen ditugu EUSliderrak tailerrak. Orain kirolaren esparruan ari gara martxan jartzen. Arlo horretan kezka bat dago: gazteen erabilera, alegia. Gazteek gero eta gutxiago erabiltzen dute euskara, eta lehen esan bezala arazoa ez da ezagutza, baizik eta erabilera. Horrekin kezkatuta gaude guztiok eta horregatik ari gara EUSliderrak gazteak mugitzen diren esparruetan praktikan jartzen.

// Geuria

Zeintzuk dira lortu dituzuen emaitzak?
Institutuetan eta ikastetxeetan galdetegi bat pasatzen diegu ikasleei, tailerra jaso aurretik eta tailerra jaso ondoren. Bertan aztertzen ditugu erabilerarekin lotura duten hainbat aldagai. Besteak beste, estres linguistikoa, deserosotasuna, kontzientzia, jarrerak, ezagutzak, aurreiritziak… Ez diegu galdetzen zergatik ez duten erabiltzen, baina kokatzen dugu euskara hizkuntzen munduan; ez euskara-gaztelera parametro horretan. Horrek aurreiritzi batzuk apurtu egiten ditu. Ikusten duguna da tailerra jaso ostean erabileran gorakada ematen dela; hau da, emaitza positiboa dela. Gazteek modu kontziente batean esaten dute gehiago erabiltzen dutela.

Katalunian, adibidez, oso barneratuta dute katalanera, automatikoki hitz egiten dute. Handik ikasi beharko genuke hemen?
Katalunian hizkuntza politika oso aurreratua dute gurearekin alderatuta. Askoz ere transgresoreagoak dira, edo behintzat gehiago landu dute. Gu begira gaude gauza askotan. Eta Katalunian ere gero eta kezkatuago daude; gauza ez da horren argia eta nik uste dut bertan ere beheranzko joera izango dutela. Euskarak begiratzen du beste herrialde batzuetara, guri begiratzen diguten bezala. Izan ere, beste herrialde batzuetan alderantziz gertatzen da. Begira, kale-erabileraren neurketak eman duen datu esanguratsu bat aipatuko dizut, hizkuntza gutxituak dauden beste herrialde batzuetan gertatzen ez dena: hemen, belaunaldi berriek, hau da, haurrek, umeek eta gazteek ezagutza maila altua dute, eta horrekin nolabait bermatzen ari gara momentuz euskara ez dela galduko. Beste herrialde batzuetan piramidea alderantziz dago: hizkuntza mantentzen dute adinez nagusiak direnek; gazteek ez dute jasotzen. Orduan, hiztun horiek galdu ahala, hizkuntza galdu egingo da.

Beraz, itxaropen txiki bat egon badago.
Bai. Ondo legoke beste ikuspuntu horretatik gauzak ikustea. Gure haurrek, umeek eta gazteek dagoeneko euskararen ezagutza badute. Euskara ez dago galzorian edo behintzat bidea ez da beste herrialde batzuetako bera.

Euskaraldia ekimenak horretan lagundu dezakeela uste duzu?
Argi dago Euskaraldiak zerbaitetarako balio izan duela. Azken finean ariketa sozial bat da, jende askok parte hartu du, eta balio izan du identifikatzeko nor den euskalduna. Euskaraldiak, adibidez, estres linguistikoarena oso modu onean identifikatu du. Bakoitzak daraman txapa ikusita ez dago estres linguistikorik.

Agian txapa eraman beharko dugu gainean beti.
Ez, ez dago txapa beti eraman beharrik. Badaude beste modu batzuk txapa eraman behar barik, eta hor badaude hainbat dinamika. Adibidez, lehenengo hitza beti euskaraz esatearena. Lehenengo hitza eta bigarrena ere euskaraz izatea, noski. Anekdota bezala, behin barnetegian izan nuen Nafarroako ikasle bat. Foruako barnetegian izan zen eta esaten zuen Gernikan ez zuela euskaldunik topatzen, bertako herritarren hasierako hitza beti zela ‘Hola’, berak ‘Kaixo’ esaten zien arren. Noski, gero konturatu ginen askok ‘Kaixo’ beharrean ‘Hola’ esaten dutela. Ikasle honek uste zuen euskaraz ez zekitela.
Beste estrategia bat da norbera ahalduntzea. Azkenean zuk sinetsi behar duzu, zu izan behar zara koherente zure buruarekin. Eta zuri euskaraz egin diezazuten ere eskatu, astiro bada ere.

Hautua egitea da gakoa, beraz.
Hautu bat egin behar da, lanketa bat egin behar da eta helburu txikiak jarri behar dira pixkanaka-pixkanaka hizkuntza ohitura berriak sortzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak