→Zeberio

Zeberioko Haurreskolak plazak betetzea espero du datorren ikasturterako

Zeberioko Haurreskolak guztira 10 plaza eskaintzen ditu, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako. Iaz zortzi haur egon ziren matrikulatuta, eta aurten momentuz bi daude, “iaztik datozena”, diote.

Zubialde auzoan dago Zeberioko Haurreskola // Argazkiak: Zeberioko Haurreskola

Haurreskola publikoetan izena emateko epea zabaldu du dagoeneko Partzuergoak. Hego Uribe eskualdean hamaika dira dauden haurreskola publikoak, tartean Zeberiokoa. Zubialde auzoan dago kokatuta. “Haurreskola txikia da, baina ingurune erabat naturalean dago. Haurren erritmoak erabat errespetatzen ditugu eta naturarekin kontaktuan gaude”, diote Zeberioko Haurreskolatik.

Zeberioko Haurreskolak guztira 10 plaza eskaintzen ditu, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako. Iaz zortzi haur egon ziren matrikulatuta, eta aurten momentuz bi daude, “iaztik datozena”, diote. Haurreskola bat zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak gutxieneko kopurua du ezarrita, eta gutxienez hiru haur egon behar dira matrikulatuta haurreskola irekitzeko.

Matrikulazio epean familia gehiagok izena ematea espero dute Zeberioko Haurreskolatik, eta horretarako bideo bat prestatu dute. Haurreskoletan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte. “Batez ere Zeberioko haurrak hartzen ditugu, baina ondoko herrietan plazak bete badira, hona ere etor daitezke. Zeberiokoek, noski, lehentasuna dute”, diote.

Aurreikuspenen arabera, irailaren 4an hasiko dira haurreskolak zerbitzu ematen. Zeberioko Haurreskolaren kasuan, astelehenetik ostiralera dago zabalik, 07:30etik 17:00etara.

Haurreskoletan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak