→Zeberio

Hego-haize bortitzak intxaurrondo bat bota du Zeberioko Entelladorena auzoan

Entelladorena auzoko intxaurrondoa, errepidean botata / Zeberioko Udala

Gau haizetsua bizi zuten bart Zeberioko auzotarrek: Alerta laranjako hego-haize bortitzak hainbat kalte eragin zituen herrian: “Gau benetan luzea izan zen atzokoa” adierazi du karlos Idirin alkateak. 22:00etan BI-3524 errepide nagusiko mantentze-lanak hasi zituzten, errepide nagusian zonaldeko zuhaitzen zatiak jausten hasi zirelako. Bertara hurbildu zen Ertzaintzako agente biz osatutako patrulla bat eta Zeberioko Udaleko langile bi.

“Gauerdian haize bolada bortitzenak izan genituen”, jakinarazi du Idirinek. 23:30ak aldera, haize boladek intxaurrondo handi bat errepidera bota zuten Entelladorena auzoan eta Ertzaintzak trafikoa moztu behar izan zuen goizaldeko 01:00ak arte. Gaur goizean alerta laranja igaro eta herriko errepideak erabilgarri badaude ere, 35km/h haizeteak espero dira Zeberion, eta lasaitasuna herrira itzuli bada ere, Iberdrolako teknikariak jo eta su ari dira herriko hainbat lekutan argindarra berreskuratzeko lanetan. Suhiltzaileek egoera txarrean lotu diren errepide bazterreko zuhaitz-enborrak mozten ari dira, egoera arriskutsuak ekiditeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak