→Zeberio

Ume eta helduentzako 10. Kartel-Lehiaketak abiarazi dituzte Zeberioko Sandoniak iragartzeko

Sandoniak, 2019an // Geuria

Zeberioko Jai Batzordeak eta Udalak umeentzako eta helduentzako 10. kartel-lehiaketa prestatu du datorren irailaren 1etik 4ra ospatuko diren Sandonien egitarauak ilustratzeko.

Umeen lehiaketa

Umeen lehiaketari dagokionez, herriko 14 urte arteko haurrek euren kreatibitatea martxan jarri beharko dute DIN A3 batean jaietako diseinu-lana proposatzeko. Horretarako, egile bakoitzak gehienez lan bi aurkeztu ahal izango ditu formatu bertikalean. Kartela hutsik udaletxean bertan jaso dezakete umeek eta baldintza modura mihisearen azaleraren 1/3 bat libre uztea da, bertan iragarriko dituztelako jaietako umeen jarduerak.

Bestalde, SANDONIAK 2022 eta UMEEN EKINTZAK testuak agertu beharko dira gaztetxoen proposamenetan. Kolore eta teknika egilearen araberakoa izango da eta Udalak eskatu du lan horiek originalak izan behar direla.

Lanak uztailaren 28ra arte entregatu ahalko dira Zeberioko udaletxean bertan eta ez dute egilearen sinadurarik izan behar: “Gutun-azal itxi batean sartu beharko dira egilearen datuak, telefono zenbakia eta NANaren fotokopiagaz. Lan bakoitzari gutun-azal anonimoagaz batera zenbaki bat emango diote, gero identifikatu ahal izateko”, azaldu dute Udaleko ordezkariek.

Sandoniak, 2019an // Geuria

Helduen lehiaketa

Nagusien kasuan, 10. Kartel-Lehiaketa ‘Bardintasuneraz Bideratuz’ programan kokatu beharrekoa da, eta honako hauek dira parte-hartzaileek bete behar dituzten irizpideak:

  • Emakumezkoen eta gizonezkoen artean bazterkeria alboratzen eta berdintasuna bultzatzen duten egoerak sustatzea
  • Lanak originalak izatea
  • Teknika eta kolorea: librea
  • Egile bakoitzak lan bi aurkeztuko ditu gehienez jota
  • Tamaina: 700×500 mm, bertikalean. Umeen lehiaketan bezala, tarte bat libre utzi beharko da jaietako egitarau laburtua idatzi ahal izateko
  • Diseinuan agertu beharreko testuak: ‘ZEBERIOKO SANDONIAK 2022‘ eta ‘Irailaren 1etik 4ra
  • Lanak aurkezteko azken eguna eta lekua: abuztuak 5, Zeberioko udaletxean

Sari bi banatuko dituzte: lehen saridunak 70 euro irabaziko ditu eta bigarrenak 30 euro. Epai-mahaia Jai Batzordeak aukeratutako 5 kidek osatuko dute, horietako lau kultura eta gizarte esparruarekin loturadunak eta bat arte ederrekin lotura duena.

Kartel irabazlea Zeberioko Udalaren jabetzakoa izatera igaroko da eta kartel horren gaineko ustiapen-eskubideak lagatzat joko dira erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoko modalitatean”, azaldu dute Zeberioko Udaletik.

Kartel lehiaketetatko oinarriak Zeberioko Udalaren webgunean topa ditzakezu.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak