→Zeberio

Beñat Garcia: “Pilota Kirol Kluba enborretik sortzeari beldur barik heldu behar genion”

Mandoia Zeberio Pilota Kirol Kluba maiatzaren 26an jarri zuten martxan, eskolaren ibilera 2019an hasi ostean. Eskolaz kanpoko jarduera bezala hasi zen, gazteei ostiralero ordu biko pilota klaseak emanez.

Beñat Garcia eta Iñigo Urkiaga, Zubialden // Geuria

Mandoia Zeberio Pilota Kirol Kluba maiatzaren 26an jarri zuten martxan, eskolaren ibilera 2019an hasi ostean. Eskolaz kanpoko jarduera bezala hasi zen, gazteei ostiralero ordu biko pilota klaseak emanez. Proiektuak itxura hartu du eta loratzen hasi da. Iñigo Urkiagak eta Beñat Garcia kideek diote, zuhaitzek bezala, pilota eskola behetik eratzen ari direla, haurrak gaztetatik jokalari profesionaletan hazteko helburuarekin. Eurekin egin dugu berba Zubialdeko frontoian eta eskolatik deia egin diete bi kideek herriko neska-mutil guztiei eurekaz pilotan jokatzeko.

Pilota eskola loratu da, baina urteak daramatzazue proiektu honekin buruan.
Iñigo Urkiaga: Proiektua 2019ko urriaren 31n hasi genuen. Lehenengo aldian gurasoekin batera hasi genuen taldea, ostiraletan entrenamendu saioak antolatuz.
Beñat Garcia: Klub moduan hasi baino lehen ostiraletan hasi ginen, kaptazio modura, jendeari pilotan hasteko gogoa sartuz. Ordu eta erdi edota bi orduko saioak antolatzen genituen. Egun horietan hementxe urtebetetzeak ospatzen direnez, 17:00etan hasten genituen kaptazio-klase horiek. Hurrengo urtean oinarriak sendotu genituen eta bilera bat egin ostean eskolaz kanpoko jarduera etiketa hori kendu eta klub izena jarri behar geniola erabaki genuen. Horrela, klaseetan ikasle kopuru zehatz batekin lan egiten hasi ginen.
IU: 2020ko urriaren 8an entrenamendu saioekin hasi ginen. Saio horiek garrantzitsuak izan ziren, bertan ikusten delako nork nahi duen eskupilotan jokatu eta nor zetorren jolastera, esaldiaren zentzurik onenean betiere.

Astiro-astiro proiektua itxura hartuz joan da.
IU: Pilotan jokatzeko entrenamendu saioetara joan eta kuota ordaindu nahi zuenak ez zion frontoira joateari utzi.
BG: Seriotasuna zen bilatzen genuena eta hori izan zen lortzeko modu bakarra.
IU: Klub bezala 2021eko maiatzaren 26an hasi ginen, estatutuak onartuta.
Eskola hau existitu baino lehen, Zeberioko gazteek zail izan dute beti pilota taldean jokatzeko, ezta?
BG: Ni berez Zaratamokoa naiz, baina Zeberiok izan duen arazorik handiena da hemen ez dela pilota eskolarik egon, eta ni domeketan hona etortzen nintzen jokatzera. Momentura arte inork ez du pilota eskola behar bezala kudeatu nahi izan, eta egun batean honen inguruan berbetan erabakia hartu genuen: erronka honi beldur barik heldu behar genion.

Iñigo Urkiaga eta Beñat Garcia kideak // Geuria

Eta zelan zabiltzate?
BG: Ez dauka itxura txarrik: 17 pilotari gabiltza klubean eta berau enborretik sortu behar dugu. Honek esan nahi du behetik datozenak, bost, sei, zazpi urteko haurrak pilotan janztea. Hortik aurrera zuhaitza haziko da. Egia da momentuz haurren lehen eta bigarren taldeak, alebinak ditugula. Baina tira, zuhaitza sendo hazteko behetik hasi behar gara, herritar guztiei zerbitzua emanez, pilota Zeberion geldituz eta kanpora joateko behar barik.

Pilotaria da Zeberio, gainera.
BG: Biharko Izar Gazteak Txapelketa antolatu genuen 2019an. Frontoia bete egiten zela ikusi genuen. Zaratamon egiten zen txapelketa genuen eta biak batzea erabaki genuen, eta 15 egunetik behin herri batean edo bestean antolatzen hasi ginen. Harrera hain ona izan zuela ikustean, kluba formalizatzeko erabakia hartu genuen. Ez genuen ezer galtzeko!

Kaptazio kanpainak egin zenituzten ate irekiekin, saio horiek Zeberion eta baita Ugaon ere iragarriz.
BG: Arrigorriaga, Galdakao eta beste leku askotan ez bezala, herri txikietan zerotik hasiko bagara jendea behar bezala erakarri behar da herrira. Ugaon Zeberion gertatzen dena errepikatzen da: azken batean ez dago pilota eskolarik bertan eta gazteak Arrankudiaga, Arrigorriaga edo Zaratamora joaten dira. Eurek gutxienez trena daukate leku batetik bestera joan ahal izateko. Zeberiokoak beti Igorrera joan ohi izan dira, bertan institutua daukatelako gazteek. Beste asko Zaratamora joaten ziren, eta momentu hartan nire buruari esaten nion: “Pilota maite duten haurrak badaude Zeberion!”.
IU: Biharko Izar Gazteak txapelketarekin egin genuen bezala, uztailaren 17an Masters CaixaBank txapelketa ekarri genuen herrira eta Urrutikoetxea bezalako lehen mailako pilotariak izan genituen Zeberion.

Kide biak, herriko frontoian // Geuria

Eta ikasturte berriari dagokionez ezer berririk prestatu al duzue?
IU: Lehen mailako nesken partida bi antolatuko ditugu urriaren 17an. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako jokalariak izango ditugu bertan.
BG: Berdintasunaren aldeko apustua egiten dugu beti. Karlos Idirin alkateak esan digu lehenengo entrenamendu saioetan neskak ere bazeudela, eta hori entzutea oso pozgarria da. Urriaren 17ko lehen mailako nesken partida horietan herriko neskak ikustea benetan zoragarria litzateke.

Neskarik izango al da aurten pilota eskolan?
BG: Momentuz ez dugu nesken izen ematerik, baina horretan gabiltza! Iraganean neskak egon badira, zergatik ez orain? Denbora kontua izango da, ziur.

Nolako lantaldea dago pilota eskolaren atzean?
IU: Zuzendaritza taldean zazpi lagunek egiten dugu lan.

Zer nolako lanak burutu behar ditu zuena bezalako pilota klub batek?
BG: Ni entrenamendu saioetan zentratzen naiz bereziki. Esperientzia propioak eman didana mahai gainean jartzen saiatzen naiz, eta administrazio lanak gainontzekoek egiten dute.
IU: Administrazio lanak, babesle eta bazkide berrien lorpena kanpainen bidez… Bazkide egiteko bi aukera daude: indibidualaren kasuan 40 euro dira urteko eta familiarra, 60 euro urteko.

Bazkide eta babesle gehiago izateko helburua lortzen duzuenean, zein izango da hurrengo urratsa?
BG: Hori esperientziak eta denborak esango digu. Umeen norabidea aztertzen joango gara. Hala ere, klub bezala daukagu zentratuta gure pentsaera. Dena den, esperientziak esan dit badagoela jendea astero partida jokatzeko konpromisorik ez daukana, baina entrenamenduetara etortzeko asmoa eta seriotasuna badaukana, intentsitatea mantenduz eta talde konpaktu baten parte izanik. Egia da seriotasun puntu hori denborak aurrera egin ahala askotan galdu egiten dela, arrazoi batengatik edo besteagatik. Inportantea da talde bereko jokalariak maila berean egotea. Hala ere, herri moduan aukera guztiak eskainiko dizkiegu jokalari guztiei.

Umeak pilotan jokatzera erakartzeko bestelako jarduerarik egitea pentsatu al duzue?
BG: Epe laburrera ez, baina harremana daukagu Danel Elezkanorekin, Mikel Urrutikoetxearekin, Oier Etxebarriarekin… eta Bizkaiko pilotari askorekin. Horiekin agian zerbait egin genezake etorkizunean. Gabonak aldera, txapelketarik ez dagoenean agian zerbait egiteko aukera izango dugu eurekin. Azken batean, hain hurbila den profesional baten aurrean pilotarekiko esperientzia gertutik bizitzea oso polita izan daiteke.

Zer nolako harremana daukazue Udalarekin?
BG: Orain arte Udalaren laguntza izan dugu materiala eta bestelako laguntza behar izan dugun bakoitzean. Maiatzetik aurrera Udaleko beste elkarte bat gara eta gainontzekoek dituzten onurak izango ditugu, diru-laguntzak barne.
IU: Frontoia denontzako zabalik dago, baina eskolak lehentasuna du bertan egin behar den edozertarako.

Pelota Eguna antolatu du Mandoia Zeberio Pelota Kirol Klubak hilaren 17an

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak