→Zeberio

Urkiolagirrera irteera antolatu dute Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek

Egun osoko irteera prestatu dute Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek Urkiolagirrera, datorren maiatzaren 15ean. 08:00etan Zubialdeko plazan lotu dira mendizaleak eta hortik autobusean abiatuko dira Urkiola parke naturalera.

Anboto, Otxandio inguruetatik ikusita // Geuria

Egun osoko irteera prestatu dute Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek Urkiolagirrera, datorren maiatzaren 15ean. 08:00etan Zubialdeko plazan lotu dira mendizaleak eta hortik autobusean abiatuko dira Urkiola parke naturalera.

Urkiolatik abiatu (750mt) eta Urkiolagirre (1008mt), Anbototik igaro ostean (1331mt) Otxandiora (560mt) helduko dira. Ibilbidea 13 kilometrotakoa izango da.

‘Damaren’ etxea

Austarri Mendi Taldeko kideak inguruaren nolakotasunaz mintzatu dira mendi taldearen blogean: “Anboto mendia izen bereko mendilerroa menderatzen duen tontorra da. Bizkaiko laugarren mendirik garaiena da. Araba eta Gipuzkoako mugak oso gertu ditu, hiru herrialdeen arteko lurraldean dago. Euskal sinesmen zaharren arabera, Mari jainkosa gorenaren egoitzetako bat da. Horregatik, jainkosak ‘Anbotoko Dama’ edo ‘Anbotoko Señorie’ izena hartzen du. Gailurra hodei artean duenean, Mari bertan dagoela esaten da. Arrasate aldean, oskorri denean ere gauza bera esaten da”.

Ikuspuntua aldatuz, asko aldatzen da. Anboto mendian euskal mitologiaren elezahar asko biltzen dira, eta magaleko leize eta harpeak gizakien babeslekua izan dira aurrehistorian, baina baita garai gertuagoetan ere. Esate baterako, sorginen eta Durangoko herexen kontrako jazarketetan, XV.en mendean. Leize hauek izan ziren jendearen babesa Inkizizio zein Gaztelako Erregearen zerbitzarien aurrean.

Aipagarriak dira eskualdean dauden santutegi eta basaeliza kristau pila. Urkiolako San Antonioko santutegitik hasita, Santa Barbara, Kristo-andako, San Kristobal, Santa Polonia eta Arrazolako San Migel. Baita  Ipisteko harriko hilarria, Artolatx gotorlekuaren hondakinak eta bereziki Anbotoko Damaren leizea.

Ibilbide nagusia Anbototik igarotzen bada ere, bigarren aukera bat proposatu dute taldekoek: Urkiola – Urkiolagirre – Otxandio (Anbototik igaro barik).

Izena emateko azken eguna maiatzaren 12a izango da. Izen emate horiek aurrez aurre egin daitezke Zeberioko Hogarrean barikuetan, 20:00etatik 21:00ak arte) eta baita modu telematikoan, austarrimenditaldea@gmail.com e-postara idatziz. Lekua erreserbatzeko aukera ere badago, eta zenbaki bi ipini dituzte horretarako: 665 735 054 eta 656 415 597.

Bazkideek 8 eta 4 euroko prezioa ordaindu beharko dute (helduak eta haurrak) eta bazkideak ez direnek 10 eta 5 euro.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak