☉ Zeberio
Meri, Mari eta Lari antzezlana egingo dute asteburu honetan, Zeberioko Zubialden

Urriaren 30ean, 18:30ean Meri, Mari eta Lari familia-teatroa antolatu dute Maria Urcelay aktoreak eta Galder Pérez gidoigileak Zeberioko Zubialde auzoko frontoian. Ikuskizuna adin guztientzako lagunenei zuzenduta dago eta segurtasun guztiak betez prestatuko dute: “Frontoiak 260 pertsonentzako edukiera dauka eta Koronabirusa dela eta kopuru horren erdia baino ezin daitekeenez eskaini, 130 leku egongo dira”, adierazi du Karlos Idirin alkateak: “Eskolan 100 ume daude, eta ez dugu uste 130 lekuak beteko direnik”.
Haurdunaldiko galdera famatua
Meri haurdun dago eta Mari lagunarekin topo egiten du. Duela denbora asko ez diote elkarri ikusi eta Marik ez zekien Meri haurdun zegoela, eta haurdunaldiko galdera ohikoena egiten da: “Neska ala mutila izango da?” Zer dela eta galdera hori? Galdera hori haurrak berak erantzungo du etorkizunean. Nahi duena izango da: amesgilea, dantzaria, pelotaria, borrokalaria… Horregatik, Meriren haurrari Lari deituko diote.
Meri, Lari eta Lari antzezlanean genero-aniztasunaren inguruko ipuinak eta abestiak egongo dira. Familia-ereduez, beldurra galtzearen eta orokorrean askatasunaz hitz egingo dute kontakizun hauek. Entzungo diren abestiak Yogurinha Borovarenak dira, Sentipenak Askatu diskotik ateretakoak.
Ikuskizunera joan ahal izateko izena eman beharko da webgune honetan.
☉ Zeberio
Gaztela eta Leongo mendietara egingo dute irteera Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek
Irteeran izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

Austarri Mendi Taldeak irteera berria programatu du Gaztela eta Leoneko mendietara. Oraingo honetan Cadagua (411mt), Canto Muriel (896mt), Cantonad (820mt) eta Lezana (366mt) tontorretatik igaroko dira egun bakarreko irteeran, irailaren 21ean.
“Mendi-ibiliak maite dituztenentzako gune interesgarri baten parte dira. Mendi horietara igotzeko, pagadi-basoez gozatzeko eta Kadagua ibaiaren sorrera bisitatzeko ibilbide zirkularrak egiten dituzte. Tontorren gailurretik Peña Mayor eta Mena Harana bezalako tokiak ikus daitezke. Ibilbideak mendi-mazelak inguratzen ditu, bide arabiarretik igarotzen da eta Cantonad eta Canto Muriel tontorretara igotzen da”, azaldu dute.
Autobusa 08:00etan abiatuko da irailaren 21ean Zeberioko plazatik. Mendizaleek egin beharreko ibilbidea 14 kilometrokoa izango da. Izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre egin daiteke Hogarrean (barikuetan, Hogarrean, 20:00etatik 21:00ak arte) edo telematikoki: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz. Telefonoz egiteko aukera dago ere. Horretarako, interesdunek 665 735 054 edo 656 415 595 telefono zenbakiekin ipini behar dira harremanetan.
☉ Zeberio
Telefono mugikorrari etekina ateratzeko tailerra prestatu dute adinekoentzat, Zeberion
Tailerra Hogarrean prestatu dute, irailaren 16an eta 18an, 17:00etatik 19:00ak bitartean

Zeberioko Udalak, Kutxabankeko ‘Herriz Herri’ programaren bidez, telefono mobila erabiltzeko egun biko tailerra prestatu du irailaren 16an eta 18an, Hogarrean, 17:00etatik 19:00ak bitartean.
Tailerrak operazio praktikoak egiten irakatsiko dizkie adinekoei: Whatsappa erabiltzea, BIZUMak egitea, Osakidetzako aplikazioa modu egokian erabiltzea… Ikastaroa doakoa da eta 946 481 079 telefonoaren bidez eman daiteke izena.
☉ Zeberio
Urtea amaitu baino lehen prest egongo da Zeberioko Ermitabarri auzoko pilotalekua
Udalak 70.000 euro bideratu ditu proiektu honetara. Espero dute pilotalekua 2025a amaitu baino lehen erabilgarri egotea

Uda igarota, Zeberioko Udalak Ermitabarriko frontoiko lanei ekingo die “urtea amaitu baino lehen pilotalekua prest egoteko, ondo bidean”. Horiek izan dira Ekain Goti Zeberioko alkatearen berbak. “Enpresa bati esleitu diogu proiektua eta asmoa datorren hilabetean lan egiten hastea da”.
“Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, azaldu zioten udal ordezkariek GEURIAri joan den urtarrilean.
Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu dute Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak. Udalak 70.000 euro bideratu ditu (BEZ barik) proiektu hau 2025a amaitu baino lehen burutu ahal izateko. “Asmoa eraikina bera eguneratzea da, laburbilduz”.

Frontoia, gaur egun // Geuria
Ermitabarriko frontoia eguraldi txarra egiten duen egunetan erabilezin zegoela nabaritu zuten joan den urtean udal ordezkariek eta euria egiten duen egunetan ura erretenetik iragazten da. Ondorioz, frontoiko zoruan putzuak egiten dira.
Lanek hilabeteko lanak izango izango dituztela aurreikusi dute Udaletik: “Ez da egitura osoaren lan handi bat izango, konponketa txikiak egitea baizik: aulkiak ipintzea, markagailu berria ekarri eta instalatzea… ziurrenik aldi berean lan egin ahalko dute gremioek, epeak arinduz”.
☉ Zeberio
Zeberioztarrek 105 urte bete berri dituen Presaldeko Bizenta zoriondu dute hilabete hasieran
Irailaren 1ean bete zituen 105 urte Bizentak eta gaur egun udalerriko pertsona zaharrena da

Bizenta Ipiña Hierro-Olabarria auzotarrak 105 urte bete ditu joan den irailaren 1ean. Gaur egun Zeberioko biztanle zaharrena da Areiltzako Presalde auzoan jaiotako bizilaguna.
Zeberioko udal ordezkariak, berria jakin bezain pronto, Bizentarengana hurbildu ziren zorionak ematera: “Bizenta Ipiña andereari: Zeberioko Udaletik ohore handia da guretzat, Areiltzako Presalden jaiotako Bizenta Ipiña Hierro-Olabarriari, bere jaiotzaren 105. urteurrenean agur bat, musu bat eta lore hauek eskaintzera etortea. Udalaren izenean eta Zeberioko biztanleen ordezkari moduan, zure senide maiteenen artean zera opatu gura deutsugu: osasuna, alaitasuna eta egun gehiagotan zure bizitza luzeaz disfrutatzea. Zorionak Bizenta!”, izan dira zoriondu zuten udal ordezkarien berbak.
Zorionak, Bizenta!
☉ Zeberio
Zeberion ere Palestinan jasaten ari diren genozidioa salatzeko burrunba egingo dute
Zeberion ekimenean parte hartzeko deialdia egin dute udaletxeko plazan. Deialdia irailaren 5ean izango da, 19:00etan

‘Genozidioa stop!’ lelopean burrunbak antolatu ditu Gernika-Palestina Herri Ekimenak, Gazako genozidioa salatzeko.
Deialdiak irailaren 5ean egingo dituzte 19:00etan, herrietako udaletxeen aurrean. Zeberion ekimenean parte hartzeko deialdia egin dute udaletxeko plazan.
Horrela dio Gernika-Palestina ekimenak bere webgunean: “Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. Gernika berririk ez oihukatzeko beharra dugu, beraz, euskal herritarrok. Ezin dugu holakorik
onartu”.
“Sarraski horren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea, bakea, justizia eta itxaropenezko etorkizuna eskaintzea”.