☉ Zeberio
Roberto Calleja: «Lehen begi-kolpean, metaleroa baino Zeberio punkiagoa dela esango genuke»
Elizabeltz, Basaki, 4 Villains eta Rat-Zinger taldeek ekainaren 18ko jaialdia girotuko dute. Aurtengoa pandemiak eragindako geldialdiaren osteko lehen edizioa dugu eta formatu handiagoa prestatu dute antolatzaileek.

Metalaren usaina gero eta gehiago nabari da herrian. Datorren ekainaren 18an Zeberio Metala ospatuko dute Zubialden, pandemiak eragindako urte biko geldialdiaren ostean. Jaialdia antolatzen duen Onakaos Kultur Elkarteko (OKE) Roberto Calleja (Bilbo, 1969) eta David Brufau (Sant Martí de Tous, Bartzelona, 1976) kideekin berba egiteko tartea izan dugu. Jaialdia 2013an abiarazi zenetik urteroko hitzordu guztietan izan dugu Euskal Herriko metal taldeen kontzertuak eskaintzen.
Azken bi edizioak bertan behera uzteak eragin positiboren bat izan badu, hori publikoaren musika-gosea areagotu izana dela diote Onakaoseko kideek. Urteek aurrera egin ahala indartzen ari den jaialdia dugu Zeberio Metala, eta aurten formatu handian itzuliko da, musika-gose hori asetzearren.
Zer nolako kartela dugu ekainaren 18ko hitzordurako?
Roberto Calleja: Aurten Elizabeltz, Basaki, 4 villains eta Rat-zinger taldeak izango ditugu oholtzan.
David Brufau: Horietako batzuk aurretik ezagutzen genituen eta beste batzuk gustatzen zitzaizkigun. Gure ustez talde egokiak dira gure jaialdirako: hurbilekoak, batzuk euskarazkoak… Kartel polita lotu da azkenean! Rock ‘n‘ roll!
Zenbat urte daramatzazue Zeberio Metal jaialdia antolatzen?
R.C.: 2013. urtean hasi ginen eta azken bi urte hauetan soilik gelditu gara, pandemiaren ondorioz, noski.
Urte biko etenaldiaren ostean bueltan da Zeberio Metala. Pozik?
D.B: Taldeen ahaleginari esker posible izan da 2020ko kartela ia osorik mantentzea. Poz-pozik gaude musikariek egindako ahaleginagatik, lan horregatik ez balitz Zeberio Metala bezalako doako jaialdia mantentzea ezinezkoa litzatekeelako.
Nolako tartea du metalak Zeberio bezalako herrian?
R.C: Zeberion metalzaleak egon badaude. Apur bat sakabanaturik egonda, Zeberio Metalak aukera ematen digu bat egiteko. Horrez gain, herritarrek, oro har, begi onez ikusten dute edozein kultur-eskaintza eta ongi etorriak garela pentsatzen dugu.

Onakaos Kultur Elkarteko kideak / Geuria
Jaialdiaren hasieratik egiten duzue lan bertan?
R.C: Lehenengo edizioetan nik bakarrik eraman nuen aurrera Zeberio Metala, baina formatu txikiagoan. 2019ko jaialdiari begira Onakaos Kultur Elkartea sortu zen eta horrela posible izan da formatu handiagoan lan egitea.
Nola sortu zen metal jaialdi bat non eta Zeberion egiteko ideia?
R.C: Ideia zoro hauek, hasiera batean, pertsona batek edo bik izaten dituzte eta aurrera eramaten dituzte; gero, pixkanaka-pixkanaka, kontu interesgarria dela iritzita, jendea hurbiltzen hasten da eta taldea sortzen da.
Nortzuk osatzen duzue Onakaos Kultur Elkartea?
R.C: Onakaos Kultur Elkartea Zeberio Metalaren aitzakiapean jaio bazen ere, urtean zehar bestelako kultur jarduerak eramaten ditugu aurrera. Metalak, rockak eta, oro har, musikak erakarritako norbanakook osatzen dugu OKE.
David, zu Bartzelonatik etorritakoa zara. Nola heldu zinen OKEra?
D.B: 2019an hasi nintzen Zeberio Metalen, Roberrekin batera, eta egia esateko aldaketa nabarmena eman genion jaialdiari soinuari eta eszenaratzeari dagokionez, besteak beste. Publikoaren eta, bereziki, herriaren aldetik harrera ona izan zuen eta horregatik Onakaos Kultur Elkartea sortzea erabaki genuen. Horrela, jende gehiagok parte hartzeaz gain, Zeberio Metal jaialdiaz gainera bestelako kultura jarduerak antolatzen ditugu herrian.
Zeberio Metalez gainera, nolako kultur jarduerak antolatu dozuez Onakaosetik?
R.C: Musika emanaldi desberdinak egin ditugu, pandemia bitartean Zeberioko asteburu kulturaletan parte hartu dugu, liburu aurkezpenak egin ditugu, viniloa ere pintxatu dugu herrian, eta aurten erreka garbiketa eta bigarren eskuko merkatu txiki bat antolatzea dugu helburu, besteak beste. Kontuan hartu behar da elkartea sortu zenean hasi zela Covid-19 pandemiaren kontua eta oso aukera gutxi izan ditugula ezer antolatzeko.
Nolako taldeak igaro dira jaialditik?
R.C: Asko, estilo ezberdinetakoak. Azken urtean, Sinmas, Budasam Ready Aim fire, Huts eta Auritz taldeek jo zuten. Eta aurreko urteetan, Alma Culter, Ost, Niketz, Sabotage, Lion Heart, Disaster now, etorkizun beltza, Ferosz, Alex&CO, Fear Crowd, Zein da zein eta Solte, besteak beste.

Onakaos Kultur Elkarteko kideak / Geuria
Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue bertan joko duten taldeak?
R.C: Euskal Herrian sortzen diren taldeak entzuten eta jarraitzen ditugu eta interesgarriak izan daitezkeela pentsatzen badugu, gonbita luzatzen diegu. Gure asmoa bertoko taldeak laguntzea eta ezagutaraztea da, taldeen eskura baldintza egokiak jartzea emanaldi borobila izan dadin. Euskal Herrikoak izateaz gain, badira kontuan hartzen ditugun beste faktore batzuk taldeak aukeratzeko orduan: euskararen presentzia (beti ekartzen dugu talderen bat euskaraz egiten duena) eta nesken parte hartzea: zaila bada ere, beti saiatzen gara neskez osatutako talderen bat ekartzen.
Metalzalea al da Zeberio, oro har?
R.C: Ez nintzateke hori esatera ausartuko. Lehenengo kolpean punkiagoa dela esango nuke. Zeberiotik punk banda asko pasatu dira eta horrek bere arrastoa uzten du. Baina lehen esan bezala, herritarrek pozik hartzen dute edozein jarduera kultural eta parte hartzeko prest azaltzen dira.
Metala oso estilo zehatza eta ‘itxia’ dugu. Zergatik hau eta ez beste estilo zabalago bat?
R.C: Lehen aipatu bezala, ideia zoro hauek pertsona batengandik edo birengandik sortzen dira, eta kasu honetan horrela izan zen. Eta pertsona horiek metaleroak badira…
D.B: Azken batean dena ez da metala jaialdi honetan; kultur-ekintza bezala ikusten dugu Zeberio Metala, eta bertan jarduera ezberdinak egiten ditugu: gastronomia jarduerak, jokoak, zozketak… helburua Zeberiora jai-eguna ekartzea da, musika onagaz.
Zer nolako aurrekontua duzue jaialdi osoa antolatzeko?
R.C: Dirua beti izaten da kontuan hartzeko gai garrantzitsua. Taldeak ordaindu behar dira, musika ekipoa, soinua, argiak, eszenatokia… Gure kasuan, Zeberio Metalean eguneko barra eta merchandasinga izaten dira diru-iturri garrantzitsuak. Horrez gain, Udalaren diru-laguntza ere badago eta, esaterako, Gabonetan loteria ateratzen dugu. Horrek guztiak laguntzen digu jaialdiak eskatzen duen zenbatekora hurbiltzen.
Zenbat jende hurbildu ohi da Zeberio Metalera urtero?
R.C: Lehen urteetan herriko jendea hurbiltzen zen jaialdira, 100 pertsona inguru. Baina 2019an formatua handitu eta kanpoko jende dezente hurbildu zen, 300 pertsona inguru.
Onakaos Kultur Elkarteko zenbat lagunek egiten dute lan jaialdi honetan?
R.C: Elkartea dozena bat lagunek osatzen dugu, baina jaialdiko data hurbildu ahala ingurukoei laguntza eskatzen hasten gara, barran txandak egiteko, esaterako, eta, azkenean, 30 bat pertsonak-edo egiten dute lan jaialdian.
Erreferentziazko jaialdirik baduzue Zeberiokoa antolatzeko orduan?
R.C: Egia esan, ez. Formatu txikian, Ermitabarriko tabernan sortu zen Zeberio Metala. Gero Batzokitik ere igaro da. Plazako Hogarrean ere egin zen urte batean, Eskola Zaharreko aterpean… Esan nahi dudana da leku ezberdinetan, formatu ezberdinetan egin dela eta ez dugula inoiz izan erreferentziazko jaialdi bat. Aurten formatu handiagoan dator jaialdia, baina auskalo datorren urtean!

Onakaos Kultur Elkarteko kideak / Geuria
David Brufau eta zure kasuan, Roberto, zeintzuk dira zuen betekizunak jaialdian?
R.C: Denetarik egiten dugu: taldeekin eta teknikoekin harremanetan jarri, merchandisinga antolatu… Jaialdiaren egunean bertan Onakaoseko beste kideekin batera barra muntatu eta behar den lan guztietan parte hartzen dugu. Egia esan, nahiko modu koralean funtzionatzen dugu eta ez dugu lan ezberdinen banaketa zorrotza egiten.
D.B: Ni taldeekin eta soinu teknikariarekin harremanetan jartzen naiz. Hala ere, denetarik egiten dugu denok, Roberrek esan bezala.
Eskualdean MAZ Basauri, Galdakaoko Kaiola, Etxebarriko Ehuneko Bat eta Ugaoko Sareafest bezalako jaialdiak ditugu. Zein da zuen pertzepzioa horien inguruan?
R.C: Jendea musika-gosez dabilela pentsatzen dugu. Zuzeneko hauek, bizi izan dugun pandemiaren ostean, berriro giza-harremanak eta lehengo bizimodua berreskuratzen lagunduko dutela espero dugu. Inguruan jaialdi asko egingo direla ikusteak poztasuna ekartzen digu.
Mezurik baduzue metal bandentzat etorkizuneko edizioei begira?
R.C: Onakaos Kultur Elkarteak gonbita luzatu nahi dio musikazale orori jaialdi honetara hurbil dadin. Giro atseginean gozatzeko egun-pasa potentea eta metaleroa eskaintzen dugu. Horrez gain, gosea asetzeko asmoz, Paella txapelketa ere antolatuko dugu egun berean.
☉ Zeberio
Sei emakumeren testigantza iraganeko Zeberio ulertzeko
Berdintasun Sailak bultzatutako dokumental batek 72 eta 99 urte bitarteko sei emakumeren testigantzak jaso ditu ikus-entzunezko lan batean

XX.mendeko lehen erdialdera bidaiatzeko aukera izango dute zeberioztarrek aurtengo martxoaren 8an: Udaleko Berdintasun Sailak bultzatutako dokumental baten bidez, 72 eta 99 urte bitarteko 6 emakumeren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezko lan batean.
Bada, ez da nostalgian oinarritu den proiektu bat izan, aitzitik, emakumeen eta oro har Zeberioko gizartearen memoria kolektiboari aitortza egiteko asmoa du abiapuntu eta helburu.
Herritar askorentzat urruna eta ezezaguna den errealitate eta bizimodu batez aritu dira kamera aurrean, dotore bezain umoretsu, luze eta zabal, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak.
Haurtzaro laburra
Elkarrizketa sorta hau bi egunetan eta giro goxoan burutu dute otsailean zehar; Ibilbide desberdineko emakumeak elkartu dituzte, askotan isilean edota etxeko lau hormen artean geratu den herri kontakizun hori berreraikitzeko. “Herriko memoria kolektiboa aberastea da asmoa”, diote sustatzaileek, horretarako emakumeen izenak, izanak eta ahotsak erdigunera ekarriz.
Zeberioko Udala: “Herriko memoria kolektiboa aberastea da asmoa”
Solasaldi horietan, haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak izan dituzte abiapuntu, eskolako urteetatik hasita: joan-etorri askotan luze eta nekagarriak, frankismoaren hezkuntza eredu itogarria, -neskak eta mutilak banatzen zituena, “Cara al sol abesteko bakarrik batzen ginen”-, edota euskararekiko gorrotoa eta irakasleen zigor fisikoak… horiek eta beste asko izan dituzte hizpide dokumental honetako protagonistek.

Haurtzaro laburrak izaten ziren emakume horienak, eta ikasten jarraitzeko aukerak zeharo murrizten zitzaizkien adin batetik aurrera. Nerabezaroan sartu orduko lan munduak azpiratzen zituen. Gehienak zaintza lanetara edo etxeko zeregin gogorretara bideratzen zituzten; Etxe barruan erropa garbiketa, ur garraioa, edo soloko lan neketsuak zegozkien emakumeei. Ardura horiek, ezinbestekoak bai gizartearen eta bai familiaren biziraupenerako, ez dira orain gutxi arte kontutan hartu, eta ikusezinak izan dira gizartearentzat.
Etxetik kanpo, XX.mendeko erdialdean ohikoa zen landa eremuko emakume gazteak, artean 14 edo 15 urte zeukatenak, krida (kriada hitzaren aldaera bat) moduan joatea herri handiagoetako etxeetara.
Eliza, kontrola eta gaztaroa
Gaztaroaz hitz egitean, elkarrizketatuen memorian iltzatuta ageri da elizaren eta erlijioaren eragin nabarmena. Orduko ohiturak, jaiak eta aisialdia elizak baldintzatzen zituen erabat; apaizen kontrolak eta genero rolek mugatutako espazioak ziren bidenabar.
Adibiderako, protagonista batek aletu duen gertakaria: “Larunbatean gaueko bederatziak baino beranduago heltzen baginen etxera, hurrengo sermoian apaizak errieta egiten zigun. Gure bizitzen gaineko erabateko kontrola zeukaten”. Garai latzak bizitzea egokitu zitzaien, eta, hala ere, sei emakume hauen testigantzei umorea eta bizipoza darie, baita halako aldarte ironiko bat ere.

Etorkizunari begiratzeko leihoa
Dokumental hau, beste ezeren gainetik, itxaropenerako leiho bat da: Sei protagonista hauen hitzek oihartzun berezia izan beharko lukete gazteenen artean, askatasuna opari bat ez dela gogoraraziz. Irudi bakoitzak, dokumentalean zuri beltzean ageri diren argazkiek bezala, gaurko Zeberio koloretsua eraiki dutenen lana omenduko du.
Ikus-entzunezko honek bidea erakusten du: atzera begiratzea ezinbestekoa da izan ginenaz jabetzeko eta izan nahi dugunaz hausnartzeko. Herriaren memoria bizirik mantentzea denon ardura da, erakundeetatik hasita. Martxoaren 8an, Zeberio ez da soilik morez jantziko, bere historiaren zati batekin ere adiskidetuko da.
Irakurlea ohartuko zen moduan, testu osoan zehar ez dugu spoiler bakar bat ere egin, Edurne Aretxaga Zalbideak, Felisin Eguzkiza Eguzkizak, Mari Beldarrain Etxebarriak, Fina Salzedo Ellakuriak, Mª Karmen Olabarri Etxebarriak eta Ana Maria Artiñano Ellakuriak esandakoak ezagutzeko modurik onena martxoaren 8an dokumentala ikustea baita.
☉ Zeberio
Metalezko hesiak ipini dituzte gidarien segurtasuna bermatzeko Zeberioko Zubialde eta Zubibarri auzoetan
Zeberioko Udalak 22.000 euro bideratu ditu auzo bietako berritze lan hauetara

Udalak metalezko hesi berriak ipini ditu Zubialde eta Zubiberri auzoetan, trafiko istripuak egon ezkero, ezbeharrak ekiditeko. Zubialdekoa 70 metroko luzeeraduna da eta Zubibarrikoa, ostera, 110 metrokoa. Udalak 22.000 euro bideratu ditu berritze lan hauetara.
Auzo bietako hesiak porlanezkoak ziren eta Zeberioko Udaletik GEURIAri azaldu lez, urte asko zituzten dagoeneko. Zubialdeko hesiari dagokionez, iazko azaroan auto batek istripua izan zuen bertan eta hesia guztiz hondatuta utzi zuen.

Zubialdeko hesia Bi-3524 errepidean kokatuta dago, eta eginkizun nagusia foru errepidea eta Zeberio erreka bereiztea da, ibilgailuek horren kontra jotzeko balizko kasuan, luizitik jausi eta uretara erortzea ekiditeko, hain zuzen ere.
Zeberioko Udala: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”
“Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”, arrazoitu zuen Ekain Goti Zeberioko alkateak joan den hilabetean.
☉ Zeberio
Zeberioko udal liburutegiak antolaketa berria estreinatuko du martxoaren hasieran
“Prozesua aurrera doa baina azken ukituak falta dira”, azaldu dute udal ordezkariek

Azken hilabeteetan herritarrentzako bilera irekiak egin dituzte Zeberioko udal liburutegiari itxura berria emateko.
Izan ere, antolaketa, kudeaketa eta ordutegiari begira aldaketak proposatu dituzte. Joan den urtarrilaren 14an bigarren bilera irekia antolatu zuten liburutegian bertan.
“Prozesua aurrera doa baina azken ukituak falta dira”, azaldu dute udal ordezkariek. Asmoa martxoko lehen astean hastea da antolaketa sistema berriarekin.
☉ Zeberio
Austarri Mendi Taldeko mendizaleek buzoia ipiniko dute Kortaburu gailurrean
Asmoa eguerdi aldera Kortaburura heldu, buzoia ipini, bokata jan eta Zeberiora bueltatzea da

Martxoaren 22an egun erdiko irteera egingo dute Austarri Mendi Taldekoek Kortaburu gailurrera, Untzuetatik hurbil, eta buzoia ipiniko dute bertan.
Untzuetatik iparraldera (770 m) askatzen den kordaleko gailurrik nabarmenena da, Nerbioi eta Zeberio haranak banatzen dituena. Ibilbideak bat datoz Untzuetara iparraldetik igotzen direnekin, dela Arrankudiagatik, dela Ugaotik.
Ibilaldi herrikoia da, askotan Arrankudiaga edo Ugaotik Untzuetara egiten den igoerarekin konbinatua, ikuspegi panoramikoak eta aztarna historikoak eskainiz. Asmoa eguerdi aldera Kortaburura heldu, buzoia ipini, bokata jan eta Zeberiora bueltatzea da.
Irteera honetarako ez da beharrezkoa izena ematea. Informazioa handitzeko ipini harremanetan austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.
☉ Zeberio
‘Ardoa eta Arrainaren Ibilbidea’ren etapa bat egingo dute hilabete honetan Zeberioko mendizaleek
Ibilbidea otsailaren 22an antolatu dute eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da

Austarri Mendi Taldeak ‘Ardoa eta Arraina’ bezala ezaguna den GR38 ibilbideko etapa bat egingo du otsailaren 22an, eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da. Etapa hori Lagran eta Pariza artekoa izango da.
Etapa ederra izango dela azaldu dute Austarritik, “pago eta ezpel baso xarmangarri bat eta gorosti ale eder bat zeharkatuko ditugu”.
Desnibela leuna da. Lañuko irteeran, bertako haitzuloak ikusiko ditugu. Labar-kobazulo artifizialak dira, IV. mendekoak. “Hurbiltzea eta bisita egitea merezi du”. Etaparen gainerakoa lursail-sailetatik doa Pariza herriraino, eta han amaituko dugu ibilbidea.
Guztira 13,31 kilometroko luzeera izango du mendizaleek egin beharreko ibilbideak, 275 metroko desnibel positiboa eta 952 metroko garaiera erdietsiko dute. Ibilbidea norabide bakarrekoa izango da eta ordu bi eta 20 minutuko iraupena izatea aurreikusi dute.
Izena emateko austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatzi edo 665 735 054 / 656 415 597 telefono zenbakietara deitu beharko dute interesdunek. Mendi taldearen lokalera hurbildu daitezke ere interesdunak ostiraletan, 20:00ak eta 21:00ak artean.
Ardoa eta arraina, ardatz
Oiongo mahasti-lurraldeetatik Bermeoko mendateraino, GR 38k Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko aukera ematen du, era askotako paisaia liluragarriak gurutzatuta. Ardoaren eta arrainaren ibilbidea zazpi etapatan banatuta dago (zazpi egunetan egin daiteke) eta Oionen hasi eta Biasterin amaitu egiten da.
Euskadi.eus webgunearen arabera, ibilbide osoan zehar, gainera, gure arbasoen historia ezagutzeko parada izango dugu. Lehenago, mandazainek erabilia, oraindik ere galtzadari badario bide horretan barrena zebiltzan salgaien urrina. Mandazainak Bermeoko, Ondarroako eta Lekeitioko portuetatik abiatzen ziren, mandoak arrain freskoz eta gatzetan jarritako arrainez zamatuak zihoazela. Itzulbidean, berriz, gurdiak gariz, gatzez, ozpinez eta ardoz zamatzen zituzten.
Turismorako eta kulturarako baliatu den ibilbide honek, beraz, garai bateko ospea berreskuratu du, gure mende honetako ibiltari berriei esker. Guztira, 166 km dira.
Ibilbidea Oionetik abiatu eta Biasterirantz doa, mahasti zabal amaigabeen artean. Behin Toloño Mendiko erliebe zutak gainditua, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako Lautadan.
Uribarri Ganboako urtegiaren paretik doa eta, ondotik, garai bateko “Vasco-navarro” trenbidearen ibilbideari jarraitzen zaio. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik aurrera egin, Arabari agur esan, eta Otxandiok Bizkaiko ongietorria emango digu. Urkiolako inguru ikusgarrian gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaisten da, eta handik Oizko erliebeetaraino igoko gaitu. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, bideak Bermeo herriraino gerturatuko gaitu, eta herri hori gure bidaiaren helmuga izango da.
Ondarroako eta Lekeitioko portuek ere merkataritza-ibilbideak egin zituzten eta, XV. mendetik XVIII. mendera arte, barnealdeko lurraldeekin harremanetan aritu ziren. Bi bideak Santutxun elkartzen ziren; handik, Oiz mendiko oinetara joan eta Bermeotik zetorren ibilbidearekin bat egiten zuten.
Itsasoa, padurak, Toloño Mendilerroko beheko magalak, Urkiolako bazter malkartsuak… Ibilbideak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu, denak bisitariak liluratzeko modukoak.












