→Zeberio

Roberto Calleja: «Lehen begi-kolpean, metaleroa baino Zeberio punkiagoa dela esango genuke»

Elizabeltz, Basaki, 4 Villains eta Rat-Zinger taldeek ekainaren 18ko jaialdia girotuko dute. Aurtengoa pandemiak eragindako geldialdiaren osteko lehen edizioa dugu eta formatu handiagoa prestatu dute antolatzaileek.

David Brufau eta Roberto Calleja, aurrean; eta Onakaos elkarteko beste kide batzuk / Geuria

Metalaren usaina gero eta gehiago nabari da herrian. Datorren ekainaren 18an Zeberio Metala ospatuko dute Zubialden, pandemiak eragindako urte biko geldialdiaren ostean. Jaialdia antolatzen duen Onakaos Kultur Elkarteko (OKE) Roberto Calleja (Bilbo, 1969) eta David Brufau (Sant Martí de Tous, Bartzelona, 1976) kideekin berba egiteko tartea izan dugu. Jaialdia 2013an abiarazi zenetik urteroko hitzordu guztietan izan dugu Euskal Herriko metal taldeen kontzertuak eskaintzen.

Azken bi edizioak bertan behera uzteak eragin positiboren bat izan badu, hori publikoaren musika-gosea areagotu izana dela diote Onakaoseko kideek. Urteek aurrera egin ahala indartzen ari den jaialdia dugu Zeberio Metala, eta aurten formatu handian itzuliko da, musika-gose hori asetzearren.

Zer nolako kartela dugu ekainaren 18ko hitzordurako?
Roberto Calleja: Aurten Elizabeltz, Basaki, 4 villains eta Rat-zinger taldeak izango ditugu oholtzan.
David Brufau: Horietako batzuk aurretik ezagutzen genituen eta beste batzuk gustatzen zitzaizkigun. Gure ustez talde egokiak dira gure jaialdirako: hurbilekoak, batzuk euskarazkoak… Kartel polita lotu da azkenean! Rock ‘n‘ roll!

Zenbat urte daramatzazue Zeberio Metal jaialdia antolatzen?
R.C.: 2013. urtean hasi ginen eta azken bi urte hauetan soilik gelditu gara, pandemiaren ondorioz, noski.

Urte biko etenaldiaren ostean bueltan da Zeberio Metala. Pozik?
D.B: Taldeen ahaleginari esker posible izan da 2020ko kartela ia osorik mantentzea. Poz-pozik gaude musikariek egindako ahaleginagatik, lan horregatik ez balitz Zeberio Metala bezalako doako jaialdia mantentzea ezinezkoa litzatekeelako.

Nolako tartea du metalak Zeberio bezalako herrian?
R.C: Zeberion metalzaleak egon badaude. Apur bat sakabanaturik egonda, Zeberio Metalak aukera ematen digu bat egiteko. Horrez gain, herritarrek, oro har, begi onez ikusten dute edozein kultur-eskaintza eta ongi etorriak garela pentsatzen dugu.

Onakaos Kultur Elkarteko kideak / Geuria

Jaialdiaren hasieratik egiten duzue lan bertan?
R.C: Lehenengo edizioetan nik bakarrik eraman nuen aurrera Zeberio Metala, baina formatu txikiagoan. 2019ko jaialdiari begira Onakaos Kultur Elkartea sortu zen eta horrela posible izan da formatu handiagoan lan egitea.

Nola sortu zen metal jaialdi bat non eta Zeberion egiteko ideia?
R.C: Ideia zoro hauek, hasiera batean, pertsona batek edo bik izaten dituzte eta aurrera eramaten dituzte; gero, pixkanaka-pixkanaka, kontu interesgarria dela iritzita, jendea hurbiltzen hasten da eta taldea sortzen da.

Nortzuk osatzen duzue Onakaos Kultur Elkartea?
R.C: Onakaos Kultur Elkartea Zeberio Metalaren aitzakiapean jaio bazen ere, urtean zehar bestelako kultur jarduerak eramaten ditugu aurrera. Metalak, rockak eta, oro har, musikak erakarritako norbanakook osatzen dugu OKE.

David, zu Bartzelonatik etorritakoa zara. Nola heldu zinen OKEra?
D.B: 2019an hasi nintzen Zeberio Metalen, Roberrekin batera, eta egia esateko aldaketa nabarmena eman genion jaialdiari soinuari eta eszenaratzeari dagokionez, besteak beste. Publikoaren eta, bereziki, herriaren aldetik harrera ona izan zuen eta horregatik Onakaos Kultur Elkartea sortzea erabaki genuen. Horrela, jende gehiagok parte hartzeaz gain, Zeberio Metal jaialdiaz gainera bestelako kultura jarduerak antolatzen ditugu herrian.

Zeberio Metalez gainera, nolako kultur jarduerak antolatu dozuez Onakaosetik?
R.C: Musika emanaldi desberdinak egin ditugu, pandemia bitartean Zeberioko asteburu kulturaletan parte hartu dugu, liburu aurkezpenak egin ditugu, viniloa ere pintxatu dugu herrian, eta aurten erreka garbiketa eta bigarren eskuko merkatu txiki bat antolatzea dugu helburu, besteak beste. Kontuan hartu behar da elkartea sortu zenean hasi zela Covid-19 pandemiaren kontua eta oso aukera gutxi izan ditugula ezer antolatzeko.

Nolako taldeak igaro dira jaialditik?
R.C: Asko, estilo ezberdinetakoak. Azken urtean, Sinmas, Budasam Ready Aim fire, Huts eta Auritz taldeek jo zuten. Eta aurreko urteetan, Alma Culter, Ost, Niketz, Sabotage, Lion Heart, Disaster now, etorkizun beltza, Ferosz, Alex&CO, Fear Crowd, Zein da zein eta Solte, besteak beste.

Onakaos Kultur Elkarteko kideak / Geuria

Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue bertan joko duten taldeak?
R.C: Euskal Herrian sortzen diren taldeak entzuten eta jarraitzen ditugu eta interesgarriak izan daitezkeela pentsatzen badugu, gonbita luzatzen diegu. Gure asmoa bertoko taldeak laguntzea eta ezagutaraztea da, taldeen eskura baldintza egokiak jartzea emanaldi borobila izan dadin. Euskal Herrikoak izateaz gain, badira kontuan hartzen ditugun beste faktore batzuk taldeak aukeratzeko orduan: euskararen presentzia (beti ekartzen dugu talderen bat euskaraz egiten duena) eta nesken parte hartzea: zaila bada ere, beti saiatzen gara neskez osatutako talderen bat ekartzen.

Metalzalea al da Zeberio, oro har?
R.C: Ez nintzateke hori esatera ausartuko. Lehenengo kolpean punkiagoa dela esango nuke. Zeberiotik punk banda asko pasatu dira eta horrek bere arrastoa uzten du. Baina lehen esan bezala, herritarrek pozik hartzen dute edozein jarduera kultural eta parte hartzeko prest azaltzen dira.

Metala oso estilo zehatza eta ‘itxia’ dugu. Zergatik hau eta ez beste estilo zabalago bat?
R.C: Lehen aipatu bezala, ideia zoro hauek pertsona batengandik edo birengandik sortzen dira, eta kasu honetan horrela izan zen. Eta pertsona horiek metaleroak badira…
D.B: Azken batean dena ez da metala jaialdi honetan; kultur-ekintza bezala ikusten dugu Zeberio Metala, eta bertan jarduera ezberdinak egiten ditugu: gastronomia jarduerak, jokoak, zozketak… helburua Zeberiora jai-eguna ekartzea da, musika onagaz.

Zer nolako aurrekontua duzue jaialdi osoa antolatzeko?
R.C: Dirua beti izaten da kontuan hartzeko gai garrantzitsua. Taldeak ordaindu behar dira, musika ekipoa, soinua, argiak, eszenatokia… Gure kasuan, Zeberio Metalean eguneko barra eta merchandasinga izaten dira diru-iturri garrantzitsuak. Horrez gain, Udalaren diru-laguntza ere badago eta, esaterako, Gabonetan loteria ateratzen dugu. Horrek guztiak laguntzen digu jaialdiak eskatzen duen zenbatekora hurbiltzen.

Zenbat jende hurbildu ohi da Zeberio Metalera urtero?
R.C: Lehen urteetan herriko jendea hurbiltzen zen jaialdira, 100 pertsona inguru. Baina 2019an formatua handitu eta kanpoko jende dezente hurbildu zen, 300 pertsona inguru.

Onakaos Kultur Elkarteko zenbat lagunek egiten dute lan jaialdi honetan?
R.C: Elkartea dozena bat lagunek osatzen dugu, baina jaialdiko data hurbildu ahala ingurukoei laguntza eskatzen hasten gara, barran txandak egiteko, esaterako, eta, azkenean, 30 bat pertsonak-edo egiten dute lan jaialdian.

Erreferentziazko jaialdirik baduzue Zeberiokoa antolatzeko orduan?
R.C: Egia esan, ez. Formatu txikian, Ermitabarriko tabernan sortu zen Zeberio Metala. Gero Batzokitik ere igaro da. Plazako Hogarrean ere egin zen urte batean, Eskola Zaharreko aterpean… Esan nahi dudana da leku ezberdinetan, formatu ezberdinetan egin dela eta ez dugula inoiz izan erreferentziazko jaialdi bat. Aurten formatu handiagoan dator jaialdia, baina auskalo datorren urtean!

Onakaos Kultur Elkarteko kideak / Geuria

David Brufau eta zure kasuan, Roberto, zeintzuk dira zuen betekizunak jaialdian?
R.C: Denetarik egiten dugu: taldeekin eta teknikoekin harremanetan jarri, merchandisinga antolatu… Jaialdiaren egunean bertan Onakaoseko beste kideekin batera barra muntatu eta behar den lan guztietan parte hartzen dugu. Egia esan, nahiko modu koralean funtzionatzen dugu eta ez dugu lan ezberdinen banaketa zorrotza egiten.
D.B: Ni taldeekin eta soinu teknikariarekin harremanetan jartzen naiz. Hala ere, denetarik egiten dugu denok, Roberrek esan bezala.

Eskualdean MAZ Basauri, Galdakaoko Kaiola, Etxebarriko Ehuneko Bat eta Ugaoko Sareafest bezalako jaialdiak ditugu. Zein da zuen pertzepzioa horien inguruan?
R.C: Jendea musika-gosez dabilela pentsatzen dugu. Zuzeneko hauek, bizi izan dugun pandemiaren ostean, berriro giza-harremanak eta lehengo bizimodua berreskuratzen lagunduko dutela espero dugu. Inguruan jaialdi asko egingo direla ikusteak poztasuna ekartzen digu.

Mezurik baduzue metal bandentzat etorkizuneko edizioei begira?
R.C: Onakaos Kultur Elkarteak gonbita luzatu nahi dio musikazale orori jaialdi honetara hurbil dadin. Giro atseginean gozatzeko egun-pasa potentea eta metaleroa eskaintzen dugu. Horrez gain, gosea asetzeko asmoz, Paella txapelketa ere antolatuko dugu egun berean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak