→Zeberio

‘Mugimendu Garaikidea’ ikastaroan izena emateko epea zabaldu du Naia Negredo zeberioztarrak

Naia Negredo zeberioztarrak bigarren urtez antolatu du ‘Mugimendu Garaikidea’ izeneko dantza garaikidearen inguruko ikastaroa, Zubialde eskolan.

Mugimendu Garaikidea klaseak // Naia Negredo

Naia Negredo zeberioztarrak (Ondarroa, 1987) bigarren urtez antolatu du ‘Mugimendu Garaikidea’ izeneko dantza garaikidearen inguruko ikastaroa, Zubialde eskolan. Lehen klase eguna urriaren 6an izango da.

Ikastaroa 16 urtetik gorako lagunentzat diseinatu du Negredok eta klaseek atal bi izango dituzte: lehen natalean beroketak eta prestaketa fisikoa landuko dute ikasleek, potentzia fisikoa eta abiadura landuz. Irakasleak azaldu du prestaketa fisikoa bereziki landuko duen atala dela. Bigarren atalean dantza garaikidean murgilduko ditu ikasleak, hainbat teknika irakatsiz: “Esaldi koreografikoak, akrobaziak eta kapoeira ariketak landuko ditugu, besteak beste”.

Naia Negredoren klaseak // Naia Negredo

Naia mugimendu eta dantza garaikidean jantzia da, eta ikastaro hau Zeberion bigarren urtez antolatzeaz gainera urteak daramatza Bilboko La Karola espazioan klaseak ematen eta Buenos Airesen lan egindakoa dugu: “Mugimendu Garaikideak izenak beldurra eman dezake lehen begirada batean, baina Zeberioko klaseak hastapenekoak dira eta ikasleen gaitasunetara doituko ditugu”, azaldu du irakasleak. “Dantzatzen ez jakiteari beldurra dio jendeak, eta nik beldur hori galdu eta klaseetara etortzera animatzen diet, Zeberioko klaseetako maila erraza izango da eta”.

Ikastaroa 6-8 lagunez osatutako taldeentzat prestatuko ditu Zeberioko Zubialde eskolan asteazkenero, 18:00etatik 20:00ak arte. Izena emateko 688 63 19 60 telefono zenbakira deitu behar du interesdunak.

Ikastaroaren kartela // Naia Negredo

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak