→Zeberio

Olatz Etxebarria: «Ikusgarritasuna behar dugu; kanpotik asko datoz gure eredua ikusi eta ikastera»

Zer gertatzen da uda heltzean, oporretara joateko prest, hozkailua ireki eta barazkiak bertan ikusten ditugunean? Nola lor daiteke neguan, ortuak hain emankorrak ez diren sasoian, gertukoak diren produktu horiek edukitzea supermerkatu handietara joan ordez? Kontserbak egoera horiei irtenbidea emateko bidea dira. Produktuak eraldatzen dira, baina kontserbatu ere bai. Zeberion herritarrez osatutako kolektibo batek Maskilu kontserba lokala sortu zuen 2015ean eta, marmeladekin hasi baziren ere, gaur egun baserriko era askotako kontserba-produktu agro-ekologikoak ekoizten dituzte. Olatz Etxebarria Olabarria (Zeberio, 1972) Maskiluko kidea da kontserba lokala martxan jarri zenetik, eta berarekin berba egin dugu Ermitabarriko proiektuaren inguruan.

Olatz bere marmeladak erakusten, Ermitabarrin // Geuria

Zer da Maskilu? Zeberioko Udalak 2015. urteko legegintzaldian abiarazitako proiektua dogu, kolektibo baten eskutik. Udalak ortu batzuk zituen zonalde honetan eta horiek gazteen bidez ‘berpiztu’ nahi zituen, nolabait esanda. Apartamentuekin gauza bera gertatu zen, eta jende gaztea etorri zen bizitzera goiko solairura. Horrela, apartamentuetako gazte horiek ortu bat kudeatzeko aukera zuten. Maskiluren kasuan, zeberioztar batzuk elkartu eta kontserbak egiteko kolektiboa sortu genuen. Udalak abiarazitako lehiaketa publikoa irabazi eta gaur egungo museoaren parean dagoen lokalean hasiera eman genion proiektuari. Ondoren, inbertsioak egiten eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailagaz berba egiten hasi ginen, proiektua bideratzeko.

Zenbat jende dago proiektuaren atzean? 2015ean hasi ginenean hamaika lagun ginen guztira. Gaur egun gehiago gara, kide batzuek euren esparrua zabaldu dutelako eta marmeladez gainera proiektu berriak sartu direlako Maskilun: saltsa pikanteak, espezia berriak… Gaur egun hamabost pertsona inguru gara.

Eta zenbat denbora daramazu bertan? Ni hasieratik nabil Maskilun, baina duela urte bi hasi nintzen marmeladak ekoizten. Lehen etxean sortzen nituen beste pertsona askok bezala. Jendeak ere ortu propioak dauzka eta euren baserriko sasoiko produktu freskoez osatutako saski horiek kontsumo taldeen bidez saltzen dituzte. Gertatzen dena zera da: udan, jendea oporretan doala eta ekoizle askok euren produktuak saldu barik uzten dituzte, soberakin handia sortuz. Gainera, neguan, mota askoko produkturik ez daudenez, saskiak nahiko pobre lotzen dira. Hori dela eta kontserbak egiten ditugu Maskilun, eskualdeko produktu horiek edonoiz kontsumitu ahal izateko: tomateak, lekak, zerbak…

Zeintzuk dira Maskilun arrakasta gehien dituzten produktuak? Marmeladak, ezbairik gabe. Hala ere, pasteurizatzeko makinak ate berriak zabaldu dizkigu eta askotariko kontserbak sor ditzakegu horren bidez: tomate saltsak, kalabaza edo kuia-pureak, penkak, pistoa… Hala ere, mermeladaz berba egiten dugunean, ohikoaz gainera azukre bariko edo gutxikoak ere ekoizten ditugu, esaterako. Ozpinetako kontserbak ere sortzen ditugu: gindillak, azenarioak, erremolatxak…

Olatz, Maskiluko sukaldean // Geuria

Non saltzen dituzue kontserba hauek? Ekoizle bakoitzak beren bezero propioak ditu kontsumo taldeetan, baina merkatuak ere leku ederrak dira kontserben salmenta bideratu ahal izateko. Nik San Migelen kokatutako kontsumo taldearekin egiten dut lan. Hasieran, hamaika herritar inguru zeuden izena emanda eta orain hogei inguru daude bertan. Hasierakoak mantentzen ditugu eta berriak gehitu dira. Azken boladan jende gazteak izena eman du bertan, eta egia esateko, gustura daudela dirudi. Normalean saskiak, arrautzak, ogia, esnekiak eta fruta da gehien eskatzen dutena. Bestalde, Maskiluko kide batzuk, kontsumo taldeez gain, denda jakin batzuetan saltzen dituzte kontserbak: nire kasuan, Arrankudiagako denda batean saltzen ditut baserriko produktuak. Bezero horiez gain, bada marmeladak egiten ari garela lokalera bertara hurbiltzen den bezero kuxkuxerorik ere!

Produktu asko dira. Nondik datorkizue horiek ekoizteko ideiak? Ahal dugunean bidaiak egiten ditugu produktu berriak sortu ahal izateko ideiak batzeko. Duela gutxi Frantzian izan ginen, eta askotan egiten dugun bezala, bertako kontserbak ikusita ideia berriak ekarri genituen gurera.

Maskilu existitu baino lehen kontserbak egiten zenituen baserrian? Nik baserrian betidanik egin ditut marmeladak, tomatea eta lekak. Kontsumo propiorako sortu izan ditugu urtez urte. Maskilu sortzean kontserba horiek saltzeko aukera zabaldu zitzaigun.

Kontserbak egiteaz gainera, bestelako jarduerarik egin al dozue Maskilun? Bai, noski! Kolektiboko kide batzuek ‘Ni STEM Emakumea Naiz’ bezalako ekimenetan hartu dute parte, umeei zuzendutakoa. Elhuyarrek umeentzako ikastaro batzuk antolatu zituen Zeberion, eta ostean gurera etorri ziren, bisitan.

Nolako egoera bizi dute nekazal produktuak saltzetik dirua irabazi nahi duten gaur egungo gazteek? Nekazariok kanpoko pertsonen laguntza behar dugu gure produktuak behar bezala saltzeko. Horrek esan nahi du kontsumo taldeetan jende gehiagok parte hartu beharko lukeela. Bizi dugun garai honetan bitartekaririk gabeko salmenta zuzena da gakoa, baina horretarako jendea kontzientziatu beharra dago produktu lokalak kontsumitzeko. Halaber, denda txikiak ere oso aproposak dira produktu lokalak bideratzeko.

Maskiluri dagokionez, ezer faltan botatzen al dozue? Sukalderako tresneria gehiago izatea oso ondo etorriko litzaiguke, zukua ekoizteko makina… Ez dira gauza handiak, baina praktikoak eta gure ekoizpena zabaltzeko eta handitzeko balioko lukete. Momentura arte egin dugun inbertsio handiena pasteurizagailua izan da, zalantza barik.

Nolako inbertsioa? Handia. Horretarako, kolektibokook crowdfunding kanpaina berezia sortu genuen, eta hona hemen pasteurizagailua!

Maskiluko produktuak, poteetan // Geuria

Egun, Udalaren laguntza duzue? Maskiluk ikusgarritasuna behar du eta gehiago mugitu beharko litzatekeela pentsatzen dut. Duela gutxi Zeberioko mapa bat publikatu zuen Udalak eta bertan Saldariango Aitor Azkueta agertzen zen, eta Ermitabarri aldean museoa. Gu museo parean gaude eta aipatu ere ez gintuzten egin. Adibide bat da, besterik ez. Estatu mailan kontserba lokalak sortzeko asmoa duten ekimen ugari daude eta horietako asko Maskilura datoz gure eredu ikusi eta egiten dugunarekin ikastera.

Zer egin dezakezue ikusgarritasuna handitzeko? Alde batetik, proiektu bat daukagu eskuartean: gosari agro-ekologikoak prestatu nahi ditugu kanpoko jendeak ikus dezan Zeberion zer nolako produktuak ditugun. Horrekin batera marmeladak nola egiten ditugu irakatsi genezake, adibidez. Den dena, Ermitabarriren eskaintza turistikoaren esparruan, gure produktuak eta herria uztartu daitezkeela uste dugu. Bere osotasunean ikusita, proiektu sendoa izan daiteke. Bestetik, azokak. Hilabetean behin azoka bat egin zitekeen problemarik gabe, ziur nago hortaz. Ugaon, esaterako, pilo bat saltzen da. Baina oro har azokak galdu egin dira, eta pena da, hor saltzen baikenuen gehien. Ugaoren kasuan, Emakume Nekazarien Azoka antolatzeari oso ondo deritzot, baina zentzuz jokatuz antolakuntza aldetik. Aurten, esaterako, emakume gehiegi egon dira gozoak saltzen, eta bestelako produktuetan, ordea, gutxi.

Izatez betidanik baserritarra izan zara zu, Olatz? Gurasoek baserria daukate eta horretan eman dugu bizitza, bai. Hala ere, ni izatez sukaldaria naiz eta unibertsitateko kafetegian lan egin nuen: duela hamahiru urte lan barik lotu nintzen, eta egoera hartatik irteteko duela hamaika urte San Migeleko kontsumo taldeagaz hasi nintzen, eskualdeko baserrietako produktuak bertan saltzeko, hipermerkatuei aurre egiteko asmoz. Azken batean, eskualdeko produktuak freskoenak dira eta gainera, diru horrekin bertako nekazarien soldatak ordaintzen ditugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak