→Zeberio

Zeberiok Covid-19aren aurkako osasun-neurriak egokitu ditu azaroko jarduerei begira

Zeberioko Udalak Covid-19aren aurkako osasun neurriak egokitu ditu hilabete honetan egin behar diren kultura jarduerei begira.

Olentzero, musukoa jantzita, Zeberioko frontoian // Geuria

Zeberioko Udalak Covid-19aren aurkako osasun neurriak egokitu ditu hilabete honetan egin behar diren kultura-jarduerei begira. Pasa den azaroaren 17an martxan jarri ziren Osasun Saileko neurri berriak, eta horien arabera, 5.000 biztanletik beherako udalerriek beraiek erabaki beharko dute zein motatako jarduerak bertan behera utzi edo atzeratu behar diren. Jarduerak bere horretan mantentzen badira, segurtasun neurriak indartu beharko direla azaldu zuen Osasun Sailak. Zeberion 1.059 lagun bizi dira gaur egun: “Gure egoera guztiz aldatu daiteke egun batetik bestera, pertsona gutxi bizi direlako herrian”, azaldu du Karlos Idirin Zeberioko alkateak. “Herritar positibo batek 92 puntuko eragin tasa gehitzen dio herri osoari gutxi gorabehera. Horregatik gabiltza horrelaxe Zeberion”.

Azken datu ofizialen arabera (azaroak 18), Zeberioko intzidentzia-tasa 276koa da eta azken astean positibo bat antzeman dute herrian: “Azaroari dagokionez, hiru kultur jarduera faltan ditugu gaurtik hilabete bukaera arte”, azaldu du Zeberioko alkateak. Hiru jarduera horiek Kantu Koloreren kontzertua eta Gorka Aguinagalderen ‘El Regrueso de Patxi’ bakarrizketa (azaroak 26) eta Nekazaritza eta eskulangintza azoka dira (azaroak 28). Zeberioko alkateak azaldu du hiru ekitaldiak egiteko asmoa dagoela egoera mantentzen bada: “Kantu Kolore eta Gorka Aguinagalderen jarduerei dagokienez, eserlekuen tartea handituko dugu, arazoak ekiditeko”, izan dira Idirinen hitzak. Ekitaldi biak aterpean antolatu dituzte eta edukiera 60 lagunekoa izango dela aurreratu du alkateak.

Haurrak, herriko frontoian, iazko Olentzero egunean // Geuria

Azokari dagokionez, aire zabalean prestatutako jarduera dugu, eta iazkoa “egoera epidemiologiko txarragoan” antolatu zela azaldu du Karlosek: “Iaz bezala, edukiera eta sarrera zein irteera kontrolatuko dugu, Osasun Sailaren prebentzio neurriei era zorrotzean so eginez”.

Abendu kulturala

Datorren hilabeteari begira, abenduko jarduerak “airean” daudela azaldu du Zeberioko alkateak. “Hurrengo astean zinegotziekin bilera daukagu udaletxean eta bertan hilabete osoko jarduerak banan-banan aztertuko ditugu, euren bideragarritasuna jakiteko.

Elektrotxaranga, kontzertuak eta eskulangintza azoka antolatu dituzte Zeberion

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak