Sareak

☉ Zeberio

Satrustegira eguneko irteera prestatu du Zeberioko Austarri Mendi Taldeak

Datorren martxoaren 13an, domeka, egun osoko irteera prestatu du Zeberioko Austarri Mendi Taldeak Satrustegira. Ibilbidea Satrustegitik (416mt), Satrustegiko Haitzetik (1.204mt) eta Ihabaretik igaroko da (464mt) eta 13kmko distantzia egingo dute mendizaleek

|

Satrustegi // Mendiak.net

Datorren martxoaren 13an, domeka, egun osoko irteera prestatu du Zeberioko Austarri Mendi Taldeak Satrustegira (Nafarroa). Ibilbidea Satrustegitik (416mt), Satrustegiko Haitzetik (1.204mt) eta Ihabaretik igaroko da (464mt) eta 13kmko distantzia egingo dute mendizaleek. Mendi taldekoek azaldu dute aukeran dagoela ibilbidea Satrustegi – Irañeta – Ihabar egitea.

Hitzordua martxoaren 13an izango da, domeka, 07:45etan, Zubialdeko plazan. Interesdunek martxoaren 10a baino lehenago izena eman dezakete austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz edo 665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakietara deituz. Bazkideek 8 eta 4 euro ordaindu beharko dute (helduek eta haurrek) eta bazkideak ez direnek 10 eta 5 euro.

Paradisu naturala

Satrustegi mendilerro ikusgarria Andia mendilerroaren jarraipen naturala da, ekialderantz, eta gailurrera iristen da, mendilerroari izena ematen dion gailurrera iritsiz. Hegoaldean Olloko harana dago eta iparraldean Sakanakoa eta alde bakoitzean paisaia zeharo ezberdinak eskaintzen ditu: Hegoaldean, Andiako goiko kotetatik askatzen diren larre zabalak ikus ditzakegu, ezpelak hartzen dituen mendi-mazelak dituztenak. Iparraldean, ordea, haranetik erortzen diren horma bertikalez eta gainaldeko pagadi hostotsuez osatuta dago paisaia.

Gandorrak ez du inolako arriskurik eguraldi onarekin lehorrean. Topa daitekeen arazo bakarra landaredia bera eta oinak birrintzen dituen lur deserosoak dira. Hala ere, onena gandorrera itsatsita jarraitzea da, ezpela saihesteko. Horretarako batzuetan amildegitik zentimetro gutxira ibili beharko da mendizalea. Beste aukera bat amildegitik urruntzea da, ezpeletik barrena: aukera deserosoagoa izan daiteke, baina seguruagoa aldiberean.

Erliebe politenak erdialdeko kotetatik ikus daitezkela esaten da, Satrustegiko haitzetik, izan ere (1.204mt). Bertan buzoia ipintzen saiatu ziren 1.979an, baina azkenean Idoitxikin ipini zuten (1.272mt), Satrustegiko haitzetik ia 2 kilometrora.

☉ Zeberio

Sei emakumeren testigantza iraganeko Zeberio ulertzeko

Berdintasun Sailak bultzatutako dokumental batek 72 eta 99 urte bitarteko sei emakumeren testigantzak jaso ditu ikus-entzunezko lan batean

|

Dokumentalean agertuko diren emakume batzuk // Geuria

XX.mendeko lehen erdialdera bidaiatzeko aukera izango dute zeberioztarrek aurtengo martxoaren 8an: Udaleko Berdintasun Sailak bultzatutako dokumental baten bidez, 72 eta 99 urte bitarteko 6 emakumeren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezko lan batean.

Bada, ez da nostalgian oinarritu den proiektu bat izan, aitzitik, emakumeen eta oro har Zeberioko gizartearen memoria kolektiboari aitortza egiteko asmoa du abiapuntu eta helburu.
Herritar askorentzat urruna eta ezezaguna den errealitate eta bizimodu batez aritu dira kamera aurrean, dotore bezain umoretsu, luze eta zabal, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak.

Haurtzaro laburra

Elkarrizketa sorta hau bi egunetan eta giro goxoan burutu dute otsailean zehar; Ibilbide desberdineko emakumeak elkartu dituzte, askotan isilean edota etxeko lau hormen artean geratu den herri kontakizun hori berreraikitzeko. “Herriko memoria kolektiboa aberastea da asmoa”, diote sustatzaileek, horretarako emakumeen izenak, izanak eta ahotsak erdigunera ekarriz.

Zeberioko Udala: “Herriko memoria kolektiboa aberastea da asmoa”

Solasaldi horietan, haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak izan dituzte abiapuntu, eskolako urteetatik hasita: joan-etorri askotan luze eta nekagarriak, frankismoaren hezkuntza eredu itogarria, -neskak eta mutilak banatzen zituena, “Cara al sol abesteko bakarrik batzen ginen”-, edota euskararekiko gorrotoa eta irakasleen zigor fisikoak… horiek eta beste asko izan dituzte hizpide dokumental honetako protagonistek.

Haurtzaro laburrak izaten ziren emakume horienak, eta ikasten jarraitzeko aukerak zeharo murrizten zitzaizkien adin batetik aurrera. Nerabezaroan sartu orduko lan munduak azpiratzen zituen. Gehienak zaintza lanetara edo etxeko zeregin gogorretara bideratzen zituzten; Etxe barruan erropa garbiketa, ur garraioa, edo soloko lan neketsuak zegozkien emakumeei. Ardura horiek, ezinbestekoak bai gizartearen eta bai familiaren biziraupenerako, ez dira orain gutxi arte kontutan hartu, eta ikusezinak izan dira gizartearentzat.

Etxetik kanpo, XX.mendeko erdialdean ohikoa zen landa eremuko emakume gazteak, artean 14 edo 15 urte zeukatenak, krida (kriada hitzaren aldaera bat) moduan joatea herri handiagoetako etxeetara.

Eliza, kontrola eta gaztaroa

Gaztaroaz hitz egitean, elkarrizketatuen memorian iltzatuta ageri da elizaren eta erlijioaren eragin nabarmena. Orduko ohiturak, jaiak eta aisialdia elizak baldintzatzen zituen erabat; apaizen kontrolak eta genero rolek mugatutako espazioak ziren bidenabar.

Adibiderako, protagonista batek aletu duen gertakaria: “Larunbatean gaueko bederatziak baino beranduago heltzen baginen etxera, hurrengo sermoian apaizak errieta egiten zigun. Gure bizitzen gaineko erabateko kontrola zeukaten”. Garai latzak bizitzea egokitu zitzaien, eta, hala ere, sei emakume hauen testigantzei umorea eta bizipoza darie, baita halako aldarte ironiko bat ere.

Etorkizunari begiratzeko leihoa

Dokumental hau, beste ezeren gainetik, itxaropenerako leiho bat da: Sei protagonista hauen hitzek oihartzun berezia izan beharko lukete gazteenen artean, askatasuna opari bat ez dela gogoraraziz. Irudi bakoitzak, dokumentalean zuri beltzean ageri diren argazkiek bezala, gaurko Zeberio koloretsua eraiki dutenen lana omenduko du.

Ikus-entzunezko honek bidea erakusten du: atzera begiratzea ezinbestekoa da izan ginenaz jabetzeko eta izan nahi dugunaz hausnartzeko. Herriaren memoria bizirik mantentzea denon ardura da, erakundeetatik hasita. Martxoaren 8an, Zeberio ez da soilik morez jantziko, bere historiaren zati batekin ere adiskidetuko da.

Irakurlea ohartuko zen moduan, testu osoan zehar ez dugu spoiler bakar bat ere egin, Edurne Aretxaga Zalbideak, Felisin Eguzkiza Eguzkizak, Mari Beldarrain Etxebarriak, Fina Salzedo Ellakuriak, Mª Karmen Olabarri Etxebarriak eta Ana Maria Artiñano Ellakuriak esandakoak ezagutzeko modurik onena martxoaren 8an dokumentala ikustea baita.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Metalezko hesiak ipini dituzte gidarien segurtasuna bermatzeko Zeberioko Zubialde eta Zubibarri auzoetan

Zeberioko Udalak 22.000 euro bideratu ditu auzo bietako berritze lan hauetara

|

Metalezko hesi berriak, Zubialden // Geuria

Udalak metalezko hesi berriak ipini ditu Zubialde eta Zubiberri auzoetan, trafiko istripuak egon ezkero, ezbeharrak ekiditeko. Zubialdekoa 70 metroko luzeeraduna da eta Zubibarrikoa, ostera, 110 metrokoa. Udalak 22.000 euro bideratu ditu berritze lan hauetara.

Auzo bietako hesiak porlanezkoak ziren eta Zeberioko Udaletik GEURIAri azaldu lez, urte asko zituzten dagoeneko. Zubialdeko hesiari dagokionez, iazko azaroan auto batek istripua izan zuen bertan eta hesia guztiz hondatuta utzi zuen.

Zubialdeko porlanezko hesia, istripua gertatu ostean // Geuria

Zubialdeko hesia Bi-3524 errepidean kokatuta dago, eta eginkizun nagusia foru errepidea eta Zeberio erreka bereiztea da, ibilgailuek horren kontra jotzeko balizko kasuan, luizitik jausi eta uretara erortzea ekiditeko, hain zuzen ere.

Zeberioko Udala: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”

“Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”, arrazoitu zuen Ekain Goti Zeberioko alkateak joan den hilabetean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko udal liburutegiak antolaketa berria estreinatuko du martxoaren hasieran

“Prozesua aurrera doa baina azken ukituak falta dira”, azaldu dute udal ordezkariek

|

Udaletxeko goiko solairuan dago udal liburutegia // Geuria

Azken hilabeteetan herritarrentzako bilera irekiak egin dituzte Zeberioko udal liburutegiari itxura berria emateko.

Izan ere, antolaketa, kudeaketa eta ordutegiari begira aldaketak proposatu dituzte. Joan den urtarrilaren 14an bigarren bilera irekia antolatu zuten liburutegian bertan.

“Prozesua aurrera doa baina azken ukituak falta dira”, azaldu dute udal ordezkariek. Asmoa martxoko lehen astean hastea da antolaketa sistema berriarekin.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Austarri Mendi Taldeko mendizaleek buzoia ipiniko dute Kortaburu gailurrean

Asmoa eguerdi aldera Kortaburura heldu, buzoia ipini, bokata jan eta Zeberiora bueltatzea da

|

Untzueta mendia // Geuria

Martxoaren 22an egun erdiko irteera egingo dute Austarri Mendi Taldekoek Kortaburu gailurrera, Untzuetatik hurbil, eta buzoia ipiniko dute bertan.

Untzuetatik iparraldera (770 m) askatzen den kordaleko gailurrik nabarmenena da, Nerbioi eta Zeberio haranak banatzen dituena. Ibilbideak bat datoz Untzuetara iparraldetik igotzen direnekin, dela Arrankudiagatik, dela Ugaotik.

Ibilaldi herrikoia da, askotan Arrankudiaga edo Ugaotik Untzuetara egiten den igoerarekin konbinatua, ikuspegi panoramikoak eta aztarna historikoak eskainiz. Asmoa eguerdi aldera Kortaburura heldu, buzoia ipini, bokata jan eta Zeberiora bueltatzea da.

Irteera honetarako ez da beharrezkoa izena ematea. Informazioa handitzeko ipini harremanetan austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

‘Ardoa eta Arrainaren Ibilbidea’ren etapa bat egingo dute hilabete honetan Zeberioko mendizaleek

Ibilbidea otsailaren 22an antolatu dute eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da

|

Laguardiako mahastiak // euskadi.eus

Austarri Mendi Taldeak ‘Ardoa eta Arraina’ bezala ezaguna den GR38 ibilbideko etapa bat egingo du otsailaren 22an, eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da. Etapa hori Lagran eta Pariza artekoa izango da.

Etapa ederra izango dela azaldu dute Austarritik, “pago eta ezpel baso xarmangarri bat eta gorosti ale eder bat zeharkatuko ditugu”.

Desnibela leuna da. Lañuko irteeran, bertako haitzuloak ikusiko ditugu. Labar-kobazulo artifizialak dira, IV. mendekoak. “Hurbiltzea eta bisita egitea merezi du”. Etaparen gainerakoa lursail-sailetatik doa Pariza herriraino, eta han amaituko dugu ibilbidea.

Guztira 13,31 kilometroko luzeera izango du mendizaleek egin beharreko ibilbideak, 275 metroko desnibel positiboa eta 952 metroko garaiera erdietsiko dute. Ibilbidea norabide bakarrekoa izango da eta ordu bi eta 20 minutuko iraupena izatea aurreikusi dute.

Izena emateko austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatzi edo 665 735 054 / 656 415 597 telefono zenbakietara deitu beharko dute interesdunek. Mendi taldearen lokalera hurbildu daitezke ere interesdunak ostiraletan, 20:00ak eta 21:00ak artean.

Ardoa eta arraina, ardatz

Oiongo mahasti-lurraldeetatik Bermeoko mendateraino, GR 38k Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko aukera ematen du, era askotako paisaia liluragarriak gurutzatuta. Ardoaren eta arrainaren ibilbidea zazpi etapatan banatuta dago (zazpi egunetan egin daiteke) eta Oionen hasi eta Biasterin amaitu egiten da.

Euskadi.eus webgunearen arabera, ibilbide osoan zehar, gainera, gure arbasoen historia ezagutzeko parada izango dugu. Lehenago, mandazainek erabilia, oraindik ere galtzadari badario bide horretan barrena zebiltzan salgaien urrina. Mandazainak Bermeoko, Ondarroako eta Lekeitioko portuetatik abiatzen ziren, mandoak arrain freskoz eta gatzetan jarritako arrainez zamatuak zihoazela. Itzulbidean, berriz, gurdiak gariz, gatzez, ozpinez eta ardoz zamatzen zituzten.

Turismorako eta kulturarako baliatu den ibilbide honek, beraz, garai bateko ospea berreskuratu du, gure mende honetako ibiltari berriei esker. Guztira, 166 km dira.

Ibilbidea Oionetik abiatu eta Biasterirantz doa, mahasti zabal amaigabeen artean. Behin Toloño Mendiko erliebe zutak gainditua, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako Lautadan.

Uribarri Ganboako urtegiaren paretik doa eta, ondotik, garai bateko “Vasco-navarro” trenbidearen ibilbideari jarraitzen zaio. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik aurrera egin, Arabari agur esan, eta Otxandiok Bizkaiko ongietorria emango digu. Urkiolako inguru ikusgarrian gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaisten da, eta handik Oizko erliebeetaraino igoko gaitu. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, bideak Bermeo herriraino gerturatuko gaitu, eta herri hori gure bidaiaren helmuga izango da.

Ondarroako eta Lekeitioko portuek ere merkataritza-ibilbideak egin zituzten eta, XV. mendetik XVIII. mendera arte, barnealdeko lurraldeekin harremanetan aritu ziren. Bi bideak Santutxun elkartzen ziren; handik, Oiz mendiko oinetara joan eta Bermeotik zetorren ibilbidearekin bat egiten zuten.

Itsasoa, padurak, Toloño Mendilerroko beheko magalak, Urkiolako bazter malkartsuak… Ibilbideak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu, denak bisitariak liluratzeko modukoak.

Osorik irakurri