→Zeberio

Zeberioko Udalak ez du jai ekitaldirik deituko aurtengo Sandonietan

Osasun agintariek emandako gomendioak jarraituz, irailaren 2aren bueltan ospatzekoak ziren San Antolin jaiak bertan behera uztea erabaki du Udalak.

Iazko Sandonien pregoilariak / Geuria

Lehen unean, egoerara egokitutako jaiak antolatzeko aukera hobetsi bazuten ere, osasun agintariek emandako gomendioak jarraituz, irailaren 2aren bueltan ospatzekoak ziren San Antolin jaiak bertan behera uztea erabaki du Udalak. “Eguneroko bizitza baldintzatu duten neurrien, mugikortasun-mugen eta gure ohiko jardueran aldaketa handiak izan diren hilabeteen ondoren, ‘normaltasun berri’ hau iritsi da, eta badirudi dena osasun-larrialdia deitu aurreko egoerara itzuliko dela. Aldi berean, kutsatzeen gaineko albisteak ageri dira mundu osoan, agerraldi txiki eta handiei buruzkoak. Hori horrela, Udalak, osasun agintariek emandako gomendioei jarraituz, San Antolin jaiak bertan behera uztea erabaki du”, adierazi du idatzi baten bidez Udalak.

“Erantzukizun sozial eta politikoz jokatu behar dugu salbuespenezko egoera honi erantzuteko. Egoera honetan, gure konpromiso nagusia osasun publikoa eta gure bizilagunen osasuna babestea da, batez ere adineko pertsonena, oso sentikorrak baitira Covid-19aren ondorioetarako”, gehitu dute udal ordezkariek.

SEGURTASUN NEURRIAK. Ekainaren erdi aldean ospatzekoak ziren Ermitabarriko San Antonio jaiak ere bertan behera utzi zituen Udalak. Hala ere, behin osasun krisiaren itxialdia bukatuta, jende asko batu zen auzoan, jai gosez, nahiz eta jaiek egitarau edo ekintza ofizialik ez izan.

Gauzak horrela, aurten Udalak ez du jai-ekitaldirik deituko sandonietan, eta herritarren “ardura eta elkartasuna” eskatu ditu. “Batez ere gure herriko gazteena, haien gogo eta kezken aurrean guztion segurtasuna nagusitu dadin”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak