→Zeberio

64 eguzki-panel jarriko dituzte Zeberioko udaletxe eta kultur etxeko teilatuetan

38.800 euroko inbertsioa egingo du Zeberiok udaletxe eta kultur etxeko teilatuetan burutuko den energia berriztagarriaren aldeko proiektu honetan

Zeberioko udaletxea (ezkerraldean) eta kultur etxea (eskumaldean) // Geuria

Zeberioko Udalak eguzki-panelak jarriko ditu udaletxeko eta kultur etxeko teilatuetan: “Proiektu honen helburua energia elektrikoa erostea saihestea da”, azaldu du Karlos Idirin alkateak. Zeberioko Udalak azaldu du eguzki-panelak jartzearen lanak urte bukaeran hasteko asmoa duela eta 2022ko martxorako den-dena bukatuta egoteko.

Guztira 38.800 euroko inbertsioa egingo du Zeberiok udaletxe eta kultur etxeko teilatuetan burutuko den energia berriztagarriaren aldeko proiektu honetan eta herriko alkateak “proiektu oso interesgarri” bezala definitu du.

Zeberioko udaletxeko teilatua, egun hauetan // Geuria

15,80 kwko potentzia produzituko duten 40 panel jarriko dituzte guztira udaletxeko teilatuan, “Udal eraikineko beharrizanak asetzeko behar besteko energia”, argitu du alkateak. 21.048 euroko inbertsioa egin du Udalak udaletxeko lan hauetarako, BEZa barne. Udalaren arabera, inbertsio honen amortizazioa 7 urtekoa izango da eta urtean 15.785kwko energia garbia produzituko dituzte panelek eta urtean 4.643 Co2 kilo eta 726 zuhaitzen mozketa saihestuz urtero.

Kultur etxea // Geuria

Kultur etxean 9,48kwko potentzia sortuko duten 24 eguzki-panel jarriko dituzte. Guztira 13.776 euroko inbertsioa egin du Zeberioko Udalak eraikin honetan. Urtean 1.238 eguzki-orduko energia jaso ahal izango dituzte panel hauek (udaletxeko eraikinean bezala), 9.127kwko energia garbia sortuko dute urtean eta panel hauen amortizazioa 8 urtekoa izango da. Zeberioko Udalak egin duen ikerketa baten arabera, panel hauen erabilerak 2.684 kilo Co2 emisio saihestuko dute urtean atmosferan: “Beste modu batean esanda, 420 zuhaitzen mozketa ekiditearen baliokidea litzateke”, azaldu du alkateak.

Zeberioko udaletxea // Geuria

Eskolan, laster

Zeberioko Udalaren asmoa da hurrengo urteko aurrekontuetan eskola berrietako teilatuan ere eguzki-panelak jartzea. “Helburua eskola barriak energetikoki autosufizienteak izatea da, baina hurrengo aurrekontuetan sartu beharrekoa izango da, aurtengo diruarekin inbertsio hori egitea posible ez delako”, azaldu du Idirinek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak