→Zeberio

Bideoa | Zeberioko Zubialde eskolak karnabal mitologikoak ospatu ditu aterpean

Zubialdeko ikasle eta irakasleek karnabalak antolatzea posible dela erakutsi digute berriro ere, osasun saileko segurtasun neurriak errespetatuz. Pasa den ostiralean, otsailak 12, Gorbeia parke naturaleko Lamiak, Basajaunak, deabruak eta Galtzagorriak ikusi ziren euskal dantzetan, kantuka eta saltoka. Zeberioko Udalak herriko karnabalak bertan behera uztea eta ez ospatzea gomendatu zuen Udaleko komunikatu baten bidez otsailaren 11n, baina Zubialdeko eskolak irtenbidea eman zion arazo horri eta gaur egungo egoerarekin bateragarria den ekitaldia antolatu zuen eskolan.

“Aurtengo karnabalak inoiz baino bereziagoak izan ditugu eskolan, aurreko urteetakoekin alderatuz”, adierazi du Nuria Korta zuzendariak. Eskolako karnabaletan sekulako muntaia antolatzen dute urtero, baina aurten, Koronabirusak eragindako egoerarekin bateragarria den ekitaldi xumea prestatu zuen zentroak hilaren 12an: publikorik gabeko formatu txikiko karnabalak.

Aterpea, izaki mitologikoen topagunea

“Hasiera bateko proposamena aratusteak eskolako gimnasioan antolatzea bazen ere, espazio eta edukiera aldetik ezinezkoa zela ikusi genuen”, azaldu du Sendoa Miranda Vilches musika irakasleak eta hezkuntza laguntzaileak. “Karnabalak ospatu ahal izateko eskolako aterpea aukeratu dugu orduan”. Bertako airea etengabe berritzen denez eta burbuila taldeen ikuskizunak antolatuz posiblea izan zen ekitaldi txikia gauzatzea. Hirugarren zikloko ikasleen Gorbeia Parke Naturaleko proiektutik abiatuta, haurrek izaki mitologikoen mozorroak jantzi eta euskal dantzetan aritu ziren ostiral goizean.

Arrastian, Juan Manuel Etxebarriarekin bideo-deia izan ostean txokolatea edan zuten haurrek burbuila taldeak errespetatuz, nor bere klasean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak