Labayru Ikastegiak eta eskualdeko Udalek elkarlanean dihardute herri bakoitzeko ondare etnografikoa, lexikala eta etnolinguistikoa ikertzen.
2009. urtean sortu zen Zuztarretatik Ahora proiektua, Nerbioi-Ibaizabal bailarako herri-jakituria eta kultura tradizioa batu eta berreskuratzeko helburuarekin. Ekimen honen bitartez, eskualdeko ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak), ondare lexikala (berbak, esaera zaharrak eta esamoldeak) eta ondare etnolinguistikoa (kantak, ipuinak eta bertsoak) batu dira.
Zuztarretatik Ahora proiektuaren barruan sartzen dira eskola-agendak, zabalkunderako webgunea eta kantak. Horiez gain, 2014an Zuztarretatik Oinez ekimena abian jarri du Labayru Ikastegiak, eskualdeko udal bakoitzaren Euskara zerbitzuaren laguntzarekin. Ibilbide toponimikoak ekoiztean eta grabatzean datza proiektua: jasotako irudi eta informazioarekin ibilbideko mapak sortu, grafismoak landu eta bideoen edizioa burutzen dute.
BASAURIKO ETA GALDAKAOKO IBILBIDE TOPONIMIKOAK
Dagoeneko Basauriko eta Galdakaoko ibilaldi toponimikoen bideoak aurkeztu dituzte. Bideoetan, ibilbidea erakustez gain, testigantzak txertatu dituzte eta inguruko lekuei buruzko informazioa ematen dute; hala nola, etxeak, bertako bizimodua, gerrako kontuak eta burdina ateratzen zenekoa.
Basauriko ibilbide toponimikoa San Migelgo Nekazarien plazan hasten da. Arrigorriagako bidetik abiatu eta Atxikorre eta Luzarra auzoetatik igarotzen da, Finagara heldu arte. Hemendik aurrera, bi aukera proposatzen dituzte. Alde batetik, Brisketatik aurrera, Malmasin mendiaren paretik, Basaurik eta Arrigorriagak bat egiten duten ingurutik joanda; eta bestetik, Basauriko lurretatik irten barik, bide biek bat egin eta gero, Castilloren magalera heltzen da. Miren Beti, Iñaki Dobaran, Patxi Ibarra, Luciano Ibarretxe eta Jose Luis Moja auzolagunen testigantzak biltzen ditu bideoak eta euren bizipenak kontatzen dituzte.
Galdakaoko ibilbidea, bestalde, Kurtzeko plazan hasten da eta Errekalde, Altamira eta Elexalde auzoetatik igarotzen da. Auzoetako etxeen, bazterren, eraikin eta lekuen, ohituren edo historiaren gainean hitz egin dute Luis Legarreta, Victor Bengoetxea, Justo Iraurgi, Kepa Artetxe eta Juan Cruz Asua herritarrek.
