Iritziak

Berba faltziformeak

Arnasten dugun heinean, bizirik gaude. Bizirik gaude, batez ere, gure odolean igerian dabiltzan globulu gorriak oxigenoa garraiatzeko gai direlako gorputzeko txokorik gordeenetara. Biologoek globulu horiei eritrozito deitzen diete. Bitxia badirudi ere, eritrozitoak izterretan sortzen dira, gerritik gertu. Poiesiak antzinako grezieraz sortu esan nahi zuenez, eritrozitoak sortzeko prozesuari eritropoiesia deitzen zaio. Sinplea. Tartean arazoren bat badago –genetikoa, gehienbat – erditzen ditugun eritrozitoek ezingo dute arnastu behar bezala, desitxuratuak, deformeak, faltziformeak jaioko baitira.

Eritrozitoak fabrikatzeari eritropoiesia deitzen zaio, hortaz, poiesiak grekoz sortu esan nahi zuelako. Ibilbide morfologiko berbera jarraitu dute hematopoiesiak, leukopoiesiak eta baita poesiak berak ere. Alegia, poesia da hitzen bitartez artea sortzeko abilezia; berbak ehundu egiten ditu poetak, odola balitz bezala, torrente literarioa elikatzeko. Gure femurren puntan dauden ama-zelulek nola erditzen dituzten gure odol-zelulak, hala erditzen ditu poetak testuak, kontu handiz.

Sormen horrek eman izan die bizia historian zehar aurki ditzakegun arnasgune ederrenei. Garairik gordinenetan, garairik ilunenetan, garairik odoltsuenetan, tragikoenetan, alkoholikoenetan, ulertezinenetan, poesiak lagundu dio poeta eta irakurle askori egunerokotasunetik ihes egiten; poesiak puztu dizkie birikiak, uzkurtu dizkie giharrak eta sutu dizkie konstanteak. Poesia izan da, azken batean, gizartea bizirik zegoen eta dagoen seinale.

Gaur egun, ordea, hitzen bitartez eragiteko abilezia hori ez ote dago desitxuratuta, deformatuta? Kazetaritza kritikoak, iraultzaileak eta suspertzaileak lekua utzi die arin eta merke egindako lanei. Gero eta bonbona gutxiago dugu eskura guztiz inguratu gaituen eta ito behar gaituen erreka-laino anestesiko honetatik ihes egiteko; eta, laster, arnasteko arazoak dituzten gaixoen antzera, lozorro sakona besarkatu besterik ez dugu izango, anemia faltziformeak jota.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak