Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak

Editoriala | Ura | Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak

'Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak' / Igor Ramos Peula / Geuria

Ura behar dugu. Ur barik ez dago bizirik. Ez naiz Lurra planeta sortu zen garaiari buruz ari. Orainari buruz ari naiz. Animaliek ura behar dute gertu. Pandemian etxean sartu gintuztenean, apurka-apurka berreskuratu zituzten lapurtu genizkien larreak eta mendiak. Gizakiok ere ura bilatzen dugu, egunero. Pandemian arrapaladan atera ginen gure herriaren ertzak arakatzera, eta asfaltotik kanpo dauden mugetan pilatu ginen denok. Eta han zeuden haize freskoa, basoak eta errekak. Ura behar dugu. Naturarekin lotuta gaude, nahitaez.

“Zergatik ari zarete Etxerreko putzuari buruz?”. Hamaika aldiz egin digute galdera hori lan hau prestatzen ari ginela. Eta erantzuna honakoa da: gure bioaniztasuna berreskuratzeko aukera guztiak baliatu behar ditugu. Guztiak. Eta Etxerreko putzua horren adierazle garbia da. Ez da Hego Uribe eskualdean dugun parajerik ederrena, ezta zingirarik handiena ere, baina bada gizakiaren eragin krudelena jasan duena: harrobiaren eztandak, hondakin kimikoak, uholdeak, azpiegitura handiak, lantegi kutsakorrak… Urteetan tratu txarrak jaso dituela esan dezakegu, eta hala ere, aurrera ateratzeko gaitasuna eduki du. Birgaitzeko. Bera bakarrik berreskuratzeko. Laguntza barik. Urak gure alde egin du lana. Eta guk eskerrak bueltan eman gura dizkiogu, modu xume batean, monografiko honen bidez. Ez da asko, baina bada zerbait.

Etxerreko putzua aitzakia hartuta, naturaren aldeko aldarria da monografiko hau. Kontzientziak pizteko aurrerapauso bat, gure ondorengoei lagako diegun munduaren inguruko hausnarketa. Aurrekontuak, politikak, diskurtsoak eta erabakiak. Horiei buruz ere berba egiten da monografikoan. Erakundeen erabakiak, baita norbanakoenak ere. “Urbanismoa gerra bat izan da eta gu gerrako biktimak gara”. Hala dio datozen orrialdeetan topatuko duzun solasaldi batek. “Marko normatiboa alde, diskurtsoak alde, baina ezer gutxi aldatu da hemen”, dio beste batek.

Inoiz ez da berandu zure inguruan duzun natura babesteko, zaintzeko eta indartzeko. Inoiz ez da berandu, baina egin dezagun behingoz. Gutariko bakoitzak zaindu dezala etxe ondokoa, borroka dezagun zentzuz eta zintzotasunez gizartearen oinarrizko ongizatearen alde.

Orain.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak