→Galdakao

Iritzia | Galdakaoko Elkarlaguntza Astea, komunitate iraultzailearen eztanda

Elkarlaguntza Asteari amaiera emateko San Juan sua piztuko dute ekainaren 26an // Argazkia: Elkarlaguntza Astea

2017an Elkarlaguntza Sarea sortu genuenetik bost urte pasa dira jadanik. Aurten zenbaki borobila ospatzen dugu, hasierako ilusio berarekin eta indar handiagoarekin!

Joan den urtean lehen aldiz ospatu genuen Elkarlaguntza Astea tradizio bilakatzeko asmoz, aurtengo ekainean ere gure ibilbidea ospatu eta hauspotu nahi dugu. Horregatik, astebetez gure lan ildoak biltzen dituen egitaraua prestatu dugu.

Pasa den urteko Elkarlaguntza Asteari errepasoa eginez, gogoratzen dugu astea Etxebizitza Sindikatuaren ekarpenarekin hasi genuela. Urtebeteko ibilbidean ikusi genuen desjabetuon artean etorkinak direla arazo hau latzen pairatzen dutenak. Horregatik, etorkinen bizipenak eta errelatoak entzuteko plaza osatu genuen, kolonialismoak irekitzen dituen zauriak behatu eta horiek sendatzeko harremanak sendotuz. Aurten, ildo beretik, inmobiliarien arrazakeriaren kontrako kalejirarekin hasiko gara.

Bigarren egunean gurasotasuna eta militantziari erreferentzia eginez, umeentzako ibilbidea antolatu genuen, elkartasun altxorraren bila. Guraso izatea militantziarekin bateragarria izateko, haurren zaintzarako espazio kolektiboak (patriarkatuak mediatu gabeak) eta haurren hezkuntza iraultzailea bermatzeko tresnak eraikitzea ezinbestekoa da. Txikitatik eta nahi dugun arte, militantzia sakrifizio eta diziplina ariketaz gain, eguneroko bizitzeko modu izan daitekeelako, eta izatea nahi dugulako. Aurten ere arlo hori jorratzeko ginkana eta txorimalo tailerra egingo dugu.

Ekoizpen komunalei buruz hausnartzeko tartea ere izan genuen, bi egunetan zehar. Lehenengoan, ekoizpen komunalen gaineko hausnarketa egin genuen: zaintza eta elkarlaguntza merkantzien logikaren aurrean. Roll-playing baten bitartez errealitatean bi logika hauek nola funtzionatzen duten bizi izan genuen. Horri buelta emateko tresna ditugun ekoizpen komunaletan ere aritu ginen. Aurten ere auzolana izango dugu, eta bertan batutako uztarekin sukaldatzeko tailerra egingo dugu, sukaldatzea ere sozializatu beharreko ezinbesteko lan bat delako. Teoriatik praktikarako jauzia ezinbestekoa da iraultzan sinistu eta hura gizarte osora zabaldu nahi duen ororentzat. Era berean, praktika batek oinarri ideologiko sendoak izan behar ditu, bere norabidea galdu ez eta indar zapaltzaileen kontra joango bada, era berean herri botere askatzailea eraikiz.

Emakumeon abangoardia paperari ere garrantzia ematen diogu gure sarean. Emakumeok espazio guztietan isilaraziak, mespretxatuak eta bazterrean utziak gara, eta horri buelta emateko, ezinbestekoa da gune iraultzaileetan emakumeok ahaldundu eta lehen lerroa hartzea. Hausnarketa hauei jarraituz eta gure sarean dugun papera aztertuz egin genuen hitzaldi kolektiboa sareko hainbat emakumek, elkarlaguntzatik ekonomia feministari buruz hausnartuz, aintzat emanik ekonomia harreman sozialak egituratzeko modu bat dela, eta horietan patriarkatuaren aurkako borroka transbertsala izan behar dela. Aurten gorputza, lana eta identitatea zapalkuntza honen aurrean nola moldatzen diren aztertu ahal izango dugu mahai-inguru batekin.

Azken bi egunetan ibilbide, ekoizpen eta tailer gehiago eta parrandarako aukera ere izan genuen, eta aurten ere hala egingo dugu, dantza, ikuskizun eta musikarako tarteekin, bazkaltzeko eta sua elkarrekin pizteko (metaforikoki zein literalki).

Horrelako aste batek, denboran laburra izanagatik ere, kohesiorako gaitasun itzela du, gure egunerokoan dugun inertziatik ateratzen gaitu eta kolektiboan sinestera garamatza, denbora mota desberdin bat eratuz. Urteroko astebete horrek (urte osoan zehar elkarrekin dugun egunerokoarekin batera), memoria kolektiboan batasunerako, elkar zaintzarako eta elkarrekin antolatzeko txingarra pizten du; urtean zehar dugun elkarbizitzaren eta borrokaren eztanda bat da, beste hainbeste jarraitzeko indartzen gaituena, ilusioa suspertzen duena eta elkarri batzen gaituena. Gudu-zelaian gure burua kokatu, kideak ondoan ikusita arnasa sakon hartu, eta elkarrekin bataila bat eta beste bat irabazteko prestatzen gaitu. Laster, beraz, hurrengo eztanda izango dugu, eta horretarako ere prestatzen ari gara. Aipatutako ekintzez gain, egunero elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dugu. Zatoz gurekin komunitate iraultzailea eratzera!

Mahai-inguruak, erakusketak eta bazkariak antolatu dituzte Galdakaon Elkarlaguntza Astearen baitan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak