→Basauri

Basauriko Urbi Institutuko ikasleek elkartrukea egingo dute maiatzean Portugaleko ikasleekin

Urbi Institutuko irakasleak Danimarkako institutuko bat bisitatu zuten otsailean // Urbi Institutua

Basauriko Urbi Institutuak bide luzea egin du Europako proiektuen garapenean. Badira zazpi urte Italian, Grezian, Belgikan eta Lituanian Urbiko ikasleak eta irakasleak bertako ikastetxeetara joaten hasi zirela, lankidetza, kalitatea, inklusioa eta ekitatea, bikaintasuna, sormena eta berrikuntza sustatzeko. Mugikortasun horiek Erasmus+ programari eta eTwinning plataformari esker egin ahal izan dira. 2021-22 ikasturte honetan lanean jarraitu dugu, eta lortutako emaitzak askotarikoak eta oso emankorrak izan dira, Urbi Institutuak duen Erasmus 2020-27 Egiaztapenari esker.

+Participatory Democracy, +Active Citizenship Erasmus+ proiektuaren barruan, atzerriko bi ikastetxerekin bi mugikortasun plan garatu ditugu; Portugaleko Vila Nova de Famalicão Camilo Castelo Branco institutuarekin eta Lituaniako Šiauliai hiriko Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxearekin, alegia. Irailean Estrasburgora joan ginen, eta urrian Lituaniara.

Irakasleen mugikortasunari dagokionez, Danimarkako Frederikshavn Handelskole institutua bisitatu zuten lau irakaslek otsailean. Apirilean bi irakasle Txekiar Errepublikako Pilsen hiriko Luďka Pika Gymnázium-era joan ziren. Bi bisiten helburua “behaketa bidezko ikaskuntza” edo “job shadowing” delakoa izan da, hau da, beste irakasle batzuek ematen dituzten eskolak zuzenean behatzea. Aurrez aurre bertako hezkuntza nolakoa den, zer teknika erabiltzen diren edo ikasleek nola ikasten duten ikustea da helburua. Era berean, ikasleek lantzen dituzten gaiak eta egiten dituzten jarduerak aztertzea ere. Horrekin guztiarekin, gure mugetatik haratago ikustea, balio berriak ikastea eta gure eskoletan zer aldatu edo zer hobetu ondorioztatzea lortzen da.

Urbi Institutuan apirilaren 26tik 29ra egingo den beste jarduera berritzaile bat Hizkuntza Klasikoen Irakaskuntzako Metodologia Aktiboko Lehen Ikastaroa izango da. Rogelio Toledo Berlinen bizi den irakasle mexikar adituak emango du ikastaroa, Urbiko ikasle eta irakasleei zein Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleei zuzenduta. Bestalde, maiatzaren 9tik 13ra, Urbiko ikasleek bosgarren eta azken elkartrukea egingo dute Portugalgo Camilo Castelo Branco Vila Nova de Famalicão Institutuan.

Urbiko Nazioartekotze Batzordeak kudeatzen dituen eta Europar Batasuneko Erasmus Programak onartu eta finantzatzen dituen jarduera horiek guztiak eTwinning proiektuek indartzen dituzte. eTwinning +Participatory Democracy +Active Citizenship proiektua, Lituaniako eta Portugalgo bazkideekin batera, eta indoMIT@S proiektua, txekiarrekin eta asturiarrekin batera.

IndoMIT@S proiektuan, ikasleek greziar zein erromatar mitologia klasikoan, asturiarrean, euskal mitologian eta txekiarrean agertzen diren emakumezko pertsonaiak aztertu dituzte, eta haien ezaugarri komunak eta bereizgarriak nabarmendu dituzte. Ondoren, nazioarteko lankidetza-taldeetan hamar  antimit@ sortu dituzte, kanon estetiko tradizionalak hausten dituztenak. Pilseneko ikasle txekiarrek Urbi Institutuko bi irakasleren bisita jaso dute, eta horiek proiektua bertatik bertara ezarri eta bultzatu dute. Zalantzarik gabe, Europako proiektu horiek guztiak dira Urbi Institutuak inguruko beste ikastetxeekin alderatuta dituen ezaugarri bereizgarrietako bat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak