→Etxebarri

Gutuna | Euskaraldia aurrera!

Etxebarriko Euskaraldia batzordea 2018ko udaberrian eratu zen eta ordutik talde egonkorra izan dugu herrian, kide aldaketaren bat gora behera. Kideen artean denetarik daukagu, batzuk elkarte eta taldeetan parte hartzen dute, beste batzuk herritar gisa hurbildu dira. Lanerako jarrera eta umorea azpimarratuko genituzke, eta batez ere denboran zehar mantendu den konstantzia. Ez da erraza halako konpromisoa edizio batez eta beste batez mantentzea. Giro onean egoteak asko laguntzen du dudarik gabe.

2020ko jardunean aurrez egindakoa azpimarratuko genuke eta herriko entitateekin harremanetan jartzeko ahalegina. Aurrez aurreko bisitak egin ditugu eta banan-banan informazioa eskura eman dugu herriko denda eta komertzioetan. Era berean, telefono bidez eta email bidez harremanetan jarri gara merkatariekin.

Covid garaia ez da samurra izan, hala ere, hasieratik gure helburuei jarraitu behar geniela erabaki genuen eta helburu xumeak jarrita aurrera egin dugu. Udaberri partean konfinamendu garaian bilera telematikoetara ohitu ginen. Irailaren hasieran presentzialki elkartu ginen berriz, eta denok eskertu genuen, erabakiak ere errazago hartzen dira eta aurrera egitea errazten du. Argi dugu ezin izango dugula aurreko edizioekin alderatu, baina argi dugu abenduaren 3a heltzen denean egindako lanaz oso harro egon beharko dugula, emaitzak alde batera utzita.

Egun hauetan ekainean egindako bisitak eta bidalitako informazioa freskatzen ari gara eta datozen egunotan Ariguneen izen ematean hori nabarituko dela uste dugu. Arigune gisa izena eman eta emango duten entitateak gonbidatuko ditugu ekitaldi batera irailaren 23an kiroldegian 19:00etan. Bertan izango dugu Etxebarriko Euskaraldiako Entitateen aurkezpena eta familia argazkia aterako dugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak