Gutunak

Gutuna | Julen Gonzalez eta Ainhoa Jugo: ‘Ezkutuko salbuespen egoera’

ekoizpen prozesuak aurrera jarraitzen du zenbait lantegietan // Argazkia: Science in HD, Unsplash

Julen Gonzalez eta Ainhoa Jugo herritarrek Gazte Koordinadora Sozialistak agertu dituen neurriak ekarri nahi izan dituzte lerro hauetara. GKSk aipatu dituen lau irizpideez gain, euren hausnarketa labur bat idatzi dute:

Astebete igaro da etxean konfinatzeko agindua eman zigutenetik eta astebete igaro dugu etxeko leihotik begira gaudela. Bizi dugun ezohiko krisi honek, gure egunerokoa errotik aldatu du eta batzuk, egunerokoan erreparatzen ez ditugun eta orain ez ditugun gauzei begira pasatu ditugu egunak. Ezustean harrapatu gintuen guri ere, lehen egunetan; zer pentsatu, zer egin eta lagunekin hitz egiterakoan zer erantzun ere ez genekiela. Baina, eta zer dago guzti honen atzean? Nor da egoeraren erantzulea? Nola da posible aisialdia ukatu eta ekoizpen prozesua martxan jarraitzea?

Argi dagoena da, sortu berri zaigun egoera sozioekonomikoa latza dela. Nonahi entzuten ditugu lan erregularizazio espedienteak burutzen dabiltzala (ERE edo ERTE deritzenak). Esate baterako, INDITEX-ek 37.000 langiletik gorari eragingo dion espediente bat burutuko du. Hau da, Gizarte Segurantzaren eskuetan utziko ditu, Amancio Ortega jaunak bere poltsikotik (soberan duen arren) ordaindu beharrean. Hurrengo hilabeteetan Estatuak bere gain hartu beharko ditu milaka langileren soldatak, goi burgesiak bere irabazi tasa mantentzeko behar adina mekanismo dituelako. Pedro Sanchez erreguka ari zaie enpresariei langileak kaleratu ez ditzaten, eta bitartean 100.000 milioi euro bideratuko ditu enpresa handiak “mantentzera”.

Aste honen hasieran Mercedes, IVECO eta bestelako enpresako langileek ekoizpena gelditu dute, gutxieneko osasun neurriak betetzen ez diren bitartean lanera itzuliko ez direla adieraziz. Baina Eusko Jaurlaritza eta bere ordezkaria den, Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapenaren sailburuak, jarduera mantentzeko, industria babes ekipoez hornituko dutela jakinarazi du. Hau da, milaka langile kutsatzeko arriskuan jarriko ditu, goi burgesiaren aginduei men eginez. Sinesten ez bagaituzue, horra hor, gure eskualdean adibidea, Basauriko Sidenor. Hori gutxi balitz, martxoaren 22an bertako langile batek istripua sufritu zuen lanean zebilela.

Testuinguru honek, egunez egun bizi diren langileak ere ukitu ditu. Besteak beste, etxe garbitzaileak, kontratu tenporaletan dabiltzan gazteak, probaldi, praktiketako kontratatuak… kaleratuak iza(te)n dira. Ondorioz, alokairua, ura, elektrizitatea (bizitzeko beharrezkoak ditugun gutxienekoak) ordaintzeko ezintasunean aurkitzen dira. Baita ere, bere erasotzailearekin bizi diren emakumeak. Infernua besterik ez den etxean konfinatuta egotera behartuak. Martxoaren 22an argitaratu zen EAEn larrialdi egoera adierazi zenetik, indarkeria matxista kasuek gora egin dutela.

Larrialdi egoera beharrean, salbuespen egoera baten aurrean aurkitzen garela esan dezakegu. Klase izaera oso definitu bat duen egoeran gainera. Badakigu nortzuk garen kaltetuak, bizitzeko gurea den gauza bakarra saltzera behartuak gaudenak, langile klaseko kideak. Goi burgesia, gerturatzen ari den atzerapen ekonomikoaren lehen oinarriak ezartzeko, koiuntura berria baliatzen ari da. Hainbarik, langile klaseko kideoi, konfinamendu gogorrenean aurkitzen garen honetan, ofentsibari aurre egiteko baliabide eta antolakuntzarik gabe utzi gaituzte. Horregatik, Gazte Koordinadora Sozialistak martxan jarri berri duen kanpaina politikoak berebiziko garrantzia du. Zeinaren bitartez, salbuespen egoeraren klase izaera (burgesiaren ofentsiba) aditzera ematearekin batera, egunez egun bizi dugun aislamendutik begiak altxatu eta datorkigunari aurrez-aurre heltzeko bidea marrazten digu. Hurrengo lau puntuen baitan laburbiltzen da:

1) Salbuespen neurri politikoak bertan behera utzi eta askatasun politikoa bermatzea

Konfinamendua aitzakitzat jarduera politikoa ukatu digute. Besteak beste, biltzeko askatasuna bertan behera utziz. Hori, ekoizpen prozesuak aurrera jarraitzen duen bitartean (jarduera eten egin den tokietan langileen espontanietateagatik izan da, eta ez mediku eta adituen iritzia gailendu delako). Honek bi gauza agerian uzten ditu: 2007ko krisi kapitalistari gehituko zaion egungo krisiak. langileriarengan joko du. Eta honen bitartez burgesiaren erasoetatik defendatzeko baldintzak kendu dizkigute.

2) Koronabirusaren kausen, dimentsioen eta eraginen egia ezagutaraztea

Kapitalak, gizartearentzat lagungarriak izan beharko liratezkeen produktuen ekoizpenaren esfortzua eta dirua, arma biologikoak, elikagai transgenikoak etab. sortzera bideratzen ditu. Horren eta komunikabideen desinformazioaren aurrean ondorengoa eskatzen dugu: arazoaren jatorria eta ondorioen aurreikuspena zein den eta Espainiako Estatuak ezarri eta ezarriko dituen ondorio ekonomiko eta sozialak zeintzuk izango diren azaltzea.

3) Langile independentziaz burgesiaren ofentsiba ekonomikoak eta politikoak gelditu

Goian aipatu bezala, ondorio guztiak bete-betean sufrituko dituena langileria izango da. Guk izango bai dugu gaixotasunarekin kontaktu gehien, egoerari aurre egiteko baliabide gutxien ditugulako. Eta burgesiak indartzeko baliatuko du. Horregatik beharrezkoa da langileriaren independentzia organikoa indartzea; hau baita gure interesen defentsa bermatzeko era bakarra.

4) Osasun irizpide unibertsala lehenetsi burgesiaren interes partikularren gainetik

Interes ekonomikoak osasun interesen gainetik jarri ditu burgesiak eta honen lekaioa den Espainiar Estatuko gobernuak. Honen aurrean guk argi dugu, osasun irizpide unibertsala.

Kanpaina politiko honek abstrakzioetatik oso urrun, sakbuespen egoerari modu egokian aurre egiteko gutxienekoak ezartzen dizkigu. Hau da, COVID-19ak sortutako osasun krisiaren jatorri eta ondorioen egia jakin behar dugu, ez gaitzatela tontotzat hartu. Ezin digute gure politika egiteko esparrua ukatu, burgesiaren interesen arabera ekoizpen prozesuak martxan jarraitzen duen artean. Gure senide eta lagunen osasuna arriskuan jarriz eta erasoetatik defendatzeko ezintasun absolutuan gaudelarik. Horrez gain, egoera hau koiunturala izatetik oso urrun, gure bizitzetan gelditzera dator. Esan bezala, gerturatzen dagoen atzerapen ekonomikoaren lehen zantzuak bizitzen ari gara. Horregatik, langileon auto antolakuntza indartzea beharrezkoa da. Epe laburreko elkar zaintza bermatzeaz gain, burgesiaren ofentsibari aurre egiteko gaitasunak gureganatuko bai ditugu.

Ez gara nekatuko esateaz; larrialdi egoeraren aurrean, osasuna, egia, askatasun politikoak eta langile antolakuntza.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak