→Ugao

Gutuna | Korta

Jose Luis Kortajarena, gorriz, Ekaitz Mentxakaren ondoan / Utzitakoa

Joan den maiatzaren 28an Jose Luis Kortajarena hil zen, lau legegintzalditan Ugaoko alkate izan zena. Korta alkate zen ni 2003an Udalean hasi nintzenean.

Garai hartan, zinegotzi izatea ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Orain, atzera begiratu ondoren, ohartzen naiz gaur egun Ugao-Miraballesko alkatea banaiz, garai hartan berak nigan konfiantza izan zuelako dela.

Zalantzarik gabe, gure hiribilduak 90eko hamarkadan eta mende berriaren hasieran izan zuen hobekuntzan funtsezko pertsona izan da. Izan ere, gaur egun hain garrantzitsuak diren proiektuen buru izan zen, hala nola Arandia futbol-zelaia, udako igerilekuak eta aldameneko eremuen urbanizazioa, kiroldegia, egungo Udal Liburutegia edo Jane Jauregiaren birmoldaketa. Korta ere funtsezkoa izan zen Ugaok gaur egun duen korala izan dezan.

Beste ezeren gainetik, bere zintzotasuna, konpromisoa eta Ugao-Miraballesenganako maitasuna nabarmenduko nituzke. Alde egin du guri hutsune handi bat utzita, baina legatuak urte asko iraungo du. Eskerrik asko Korta. Agur alkate. Gure bihotzetan egongo zara betiko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak