→Arrigorriaga

Hausnar dezagun: Gizonezkoen txokoak

Badira hainbat tradizio min ematen dutenak, ez direnak herri baten kulturaren erakusle hutsak. Badira hainbat tradizio inguruan arrastoa uzten dutenak, ez direnak ospakizun hutsak. Badira hainbat tradizio kulturaz haratago doazenak; zapalkuntza eragiten dutenak. Badira hainbat tradizio gaurko gizartera egokitu behar direnak.

Elkarte Gastronomikoek presentzia handia izan dute gure gizarte eta aisialdian. Betidanik ospatu ditugu poztasunak edota tristurak mahai baten inguruan, familia zein lagunez inguraturik. Eroso gaude espazio ezagun hauetan, gure saltsan, sobremesa luzeetaz disfrutatzen. Hori da hain zuzen ere gure izaera, gure tradizioa. Baina gure kulturak, gure izaerak ezin du sexurik izan. Gaur egun, oraindik, badira emakumeak bazkide bezala onartzen ez dituzten horrelako elkarteak, are gehiago, badaude emakumeak noiz, nola eta norekin sar gaitezkeen arautuak dituzten elkarteak. Arrigorriagan bada horrelakorik, Eperra aisialdi elkartea adibidez, eta onartezina da.

Emakumeak diskriminatzen dituzten espazio hauen aurrean ezin da beste nonbaitera begiratu. Gizonezkoa izateak ezin du pribilegio bat suposatu espazio hauetan parte hartzeko. Izan ere, tradizioa ezin da aitzakia bezala erabili emakumeak gutxiesteko. Euskal gizartean ez dute lekurik horrelako elkarteek eta denok, herritar zein administrazioek, ozen salatu beharko genituzke. Berdintasuna ezinbestekoa da gizarte aurrerakoi eta indartsu bat lortzeko, eta horretarako, elkarte hauen estatutuak aldatzea ezinbestekoa da. Ez gizonezko elkarte gastronomiko matxistei!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak