Gutunak

Iritzia | Eskola telematikoen mugak agerian

Covid-19aren garapenarekin batera, alarma egoera dekretatu du ia mundu osoan burgesiak. Koronabirusak exigitzen duen kontentzio egoera izatetik urrun, gaur egun indartzen ari den krisialdi ekonomikoaren aurrean klase menperatzailearen interesak babesteko diseinatutako salbuespen egoeran bizi gara. Testuinguru honetan, burgesia langileriaren aurkako erasoaldi berri bat garatzen ari da, bere irabazi gaitasunen berrantolaketa orokorrarekin langileria proletarizazio prozesu sakon batean hondoratuz.

Hala nola, krisi kapitalistarekin batera akumulazio ziklo berri baten osaketarako baldintzak ezartzen ari dira, soldatapeko lanaren konposizioan aldaketak eraginez. Hau gauzatu dadin, behar-beharrezkoa zaio burgesiari hezkuntza kapitalista. Hortaz, erreforma sakonak ezartzen joango dira langileriaren heziketa prozesua burgesiaren metaketa beharrei subordinatzeko.

Egoera ezegonkor honen erdian aurkitzen gara ikasleak; datozen egunek ez dute itxura hoberik, etorkizuna beltz ikusten jarraitzen dugu. Gaur-gaurkoz, ez dakigu azterketak nolakoak izango diren, ez dugu gure behar akademikoak asetzeko bide errealik, hurrengo urtean gure familiek hainbeste behar duten beka jasoko dugunaren zalantzak bonbardatzen digu burua… Izan ere, ikasketa prozesua ikasleon beharretara egokitu beharrean, ebaluazio jarraiarekin aurrera jarraitzea erabaki dute ikasle langileok izan ditzakegun zailtasun materialak kontuan hartu gabe (ordenagailurik ez izatea, etxean Wi-Fi-rik gabe egotea, ikasketekin laguntzeko zailtasunak izatea…). Honek guztiak Hego Uribe gure eskualdean izaten ari den eragina edo talka aztertzeko, inkesta bat publiko egin genuen ikasleei galdera batzuk erantzuteko eskatuz.

Inkesta honen bitartez, egun hauetan ikasketa prozesua modu ez-presentzialean eta telematikoki egiteak ikasle askori suposatzen dizkien zailtasunak adierazi eta eskola telematikoen mugak agerian utzi nahi izan ditugu. Inkestak elementu asko mahaigaineratzen dituenez, hiru datu konkretu aztertzea erabaki dugu egoera honetan ikasle langileok bizi dugun egoera modu labur batean sintetizatzeko.

1. Inkesta erantzun duten ikasleen % 16ak Internet sarbide txarra dauka eta ikasleen %24ak uste du baliabide informatiko ezegokiak dituela azterketak egiteko. Lehen aipatu bezala, familia batzuetan gertatzen ari den moduan, ikasketa ez-presentzialak suposatzen dituen baliabide material eta teknikoak askotan faltan daude eta, honen ondorioz, ikasle langile askoren ikasketa prozesua etetera bultzatzen ari dira.

2. Irakasleen % 41,6ari eskola emateko modua ezegokia iruditzen zaio. Honen guztiaren beste adierazle bat, eskola telematikoak dira. Ebaluazio jarraia inplantatzeko ziurtasun ezaren aurrean, eskola telematikoen mugak argi gelditu dira. Ordenagailuaren hoztasunaren eta lehen aipatutako zailtasun material guztiak direla eta, ikasle asko beraien zalantzak argitzeko zailtasun handiak izaten ari dira, askotan etxean daukaten ingurua  ikasteko egokia ez delako. Horrenbestez, ikasgaiak egunean eraman eta azterketak suposatzen dien konpetentzia akademikoei egokitzeko zailtasun nabaria du ikasleriaren zati handi batek.

3. Ikasleen % 9,5ak bakarrik jasotzen du selektibitatearen inguruko informazioa beraien institutuetatik. Egoera honek dakarren duen arazo handienetako bat, selektibitatea da. Gehiengoak, euren institutuetatik jasotzen duten informazio faltaren aurrean, beraien kabuz bilatu behar izaten dute berririk edo nobedaderik dagoen.

Egoera hauek guztiak kontuan hartuta, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) egun ikasle langileok ditugun zailtasun akademikoetan laguntzeko IKASLE BABES SAREA sortu du. Salbuespen egoera honetan sortu duten sarea gehien behar dutenen mesedetara jartzea erabaki dute. Konfinamenduan hezkuntza instituzioek hartu dituzten erabakien ondorioz, ikasle langileoi zailtasun handiak sortu dizkigute gure ikasketa akademikoak gauzatzeko. Beraz, egun hauetan ikasketak nahi bezala garatu ezin dituztenak babestearen beharrezkotasuna azpimarratzen dute, ikasleek dituzten ezin ulertuetan laguntzeko helburuarekin beti ere. Testuinguru honetan eta sarearen baitan, bi baliabide sozializatu dituzte: APUNTE BANKUA eta LAGUNTZA AKADEMIKOA.

LAGUNTZA AKADEMIKOAk ikasgai ezberdinetan dudak dituzten ikasleei ditugun gaitasunen araberako laguntza emateko helburua dauka, honetarako ikasgaika lan talde ezberdinak sortu dira ikasleei beraien zalantzak argitu edo ezin ulertuetan laguntzeko. Laguntza eman edo jasotzeko 688 646 697 telefonoarekin kontaktuan jarri edota uibnazionala@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.

APUNTE BANKUA, egun ikasketa prozesuak orokorrean ikasle langileoi ekartzen dizkigun, eta egun hauetan areagotzen ari diren, zailtasun akademikoak kolektiboki lantzeko helburua dauka. Honetarako unibertsitateko graduetako eta batxilergoko ikasgai ezberdinetako apunteak biltzen ari dira. Aldiz,  apunteak lortzeko,  UIB-ren sare sozialetako Mega karpetan aurkitu daitezke eta zureak elkarbanatzeko, ostera, lehen aipatutako emaileri konpartitzea besterik ez dago.

Amaitzeko, aste luze eta gogorrak pasatu diren honetan, gure askatasun politikoak urratu dituzten bitartean, agerikoa da, burgesia bere interesak babesteko eta, era berean, pandemiak azeleratu duen krisi honetan bere irabazi gaitasunak berregituratzeko helburuarekin langileriaren aurkako ofentsiba batean murgiltzen ari dela. Ezinbestekoa zaigu, hortaz, egoera honi aurre egiteko langileriaren bizi baldintzak defendatzeko antolakuntza formak sortu eta elikatzea, zinez, langileriaren antolakuntza politikoa baita miseriari aurre egiteko modu bakarra ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak