Hemeroteka

Egunik txarrena Basaurin

Roman Garcia (eskuman) lagunekin, El Crucen, 1937an // Roman Garcia, Artxiboa

1937ko ekainaren 15ean, Franco jeneralaren armadaren Nafarroako Brigadak Basauritik gertu zeuden, baina hala ere, Bilborko denda batean egiten nuen lana betetzera joan nintzen, egunero joaten nintzen bezala. Egoera larria zegoen herrian, eta egun hartan, arratsaldean, nagusiarekin kontsultatu ondoren, Basaurira itzultzea erabaki nuen. Aita ordena publikoko lana betetzen ari zen Basaurin, eta ama, anaia eta arrebak leku ezezagun batean zeuden, Udalaren aginduei jarraituz, herritik irten zirelako egoeraren larritasunaren aurrean.

Bilbon, San Anton zubi enblematikoa gotortua zegoen bere zoladurako galtzadarriekin. Ibaiaren ezkerreko ertzera igaro nintzen, nire beharra justifikatu ondoren, Urazurrutiatik Basaurira tranbian itzultzeko. Hamar bat lagun igo ginen tranbiara, gidariak bidaia ez zuela bermatzen esan zuen arren, egoera kaotikoa eta oso arriskutsua baitzen.

Abusu-La Peñan, bizilagun batzuk babeslekuetarantz korrika zihoazela, behetik hegan iritsi zen hegazkina, eta tranbiaren gainetik metrailatu zuen. Gidaria bizkortu eta gelditu egin zen Arrigorriaga eta Bilbo lotzen zituen zubia igaro eta gutxira. Berehala tranbiatik jaitsi eta Ferrocarriles Vascongados (Euskotren) tunelera iritsi ginen. Bertan hartu genuen babesa hegazkina desagertu zen arte, eta ondoren bidaia jarraitu ahal izan genuen. Ez zuen luze iraun. ‘Zubi Berria’ zeharkatu eta, handik gutxira, lasaitasun handiz, El Boquete tunelean sartu ginen. Tranbia ez zen handik pasa, Nafarroako Brigadetako artilleriak eragotzi baitzuen.

Azken tranbiako bidaiariok ikaratuta ikusten genuen, tunelaren ahotik, Basauri jasaten ari zen bonbardaketa. Etxera iritsi nahi nuen. Nola? Nire aita non egongo zen? Hiru ordu ziren Bilbotik abiatu ginenetik. Bonbardaketa amaitu eta tuneletik irten nintzen etxera bidean. 16 urteko mutiko baten zangoek garatu zezaketen arintasun guztiarekin irten nintzen tuneletik, eta ‘Ferrocarril del Norte’ delako (Renfe) trenbidera iritsi nintzen. Berehala, igoera aldapatsu batean zehar, obusen eta haien txistu ikaragarrien azpian, ‘Judasen Harria’ren arraildurek osatzen zuten tuneltxora iritsi nintzen. Bilborako noraznkoan Basauriko azken etxeen azpian dago, Kaleron. 

Egun hartan, eguzkiak zeruan distiratzen zuen arren, zeinen egun beltza izan zen! Tercio Lácarreko erreketeak Ganguren mendilerrotik jaisten ziren Basauri konkistatzeko, Bilbo inguratzeko behar zuten hurrengo urratsa. Artilleriak eta hegazkingintzak beren helburuak betetzeko bidea errazten zieten. Hogei bat lagun, izuturik, aterpe natural hartan biltzen ginen. Obusek gu babesten gintuzten arroken kontra jotzen zuten. Keak, bolbora usainak, jaurtigaiek han bildutakoen negarrak eta madarikazioekin nahastuz lehertzean ateratzen zuten zarata ikaragarriak orkestra infernal bat osatzen zuten. Arratsaldea jausten ari zen bonbak botatzeari utzi ziotenean. Bazirudien beren helburuak bete zituztela.

Denek ez zuten gure zorte bera izan. Pertsona talde bat berehala iritsi zen babesleku seguruenera: Abusu-La Peñako tunelera, alegia. Hiru anai-arreba, familia bateko arinenak, sartu ziren aterpe hartan; atzetik ama zetorren, alaba bat magalean zuela, eta, haiengandik hurbil, amona, biloba besoen artean zeramana. Ez ziren iritsi tunel salbatzailera. Obus bat eurak baino azkarragoa izan zen. Haren sarreratik hurbil, gorputz txikituek izutu egin zituzten barruan zeuden hiru haur haiek, ama, amona, anaia eta arreba hilik ikusi zituztenean.

Banan-banan atera ginen tunel salbatzaile hartatik. Nik nire etxerako biderik laburrena hartu nuen, ‘El Cruce’ ondoan. Tunela eta nire etxea bereizten zituen 500 metro horiek beldur, horditasun eta sonanbulismo egoeran egin nituen. Zehazki ez dakit nola definitu nire gogo-aldartea. Gogo-aldarte horiek nire buruan gertatzen ari ziren, etxera iritsi arte ikusi nuen ikuskizun danteskoa ikustean: gudariak edo miliziano zaurituak, metrailak txikitutako mandoak, ur-hornigailuak hodi hautsietatik jalgitzen, tresna eta arropa hautsi eta sakabanatuak etxe erdi hondatuen artean, eta errepidea hutsik, pertsona edo ibilgailurik gabe.

Azkenean etxera heldu nintzen. Osorik zegoen, eta aita ere onik. Ebakuatu egin behar genuen. Erreketeak Basaurin sartu ziren eta Uribarrin zeuden. Aitak ezin zuen, nagusien aginduak espero baitzituen. Zorte ona izan nuen, udaletxeko kamioneta, dokumentuz kargatua eta Justo Artetak gidatua, Bilbora zihoalako. Agur esan genion elkarri. Gauerdia zen, ilargirik gabeko gaua. Furgonetako ohean sartu nintzen. Handik agur esan nion aitari, harik eta gau beltz hark irentsi zuen arte.

Testua: Roman Garcia Gonzalez (1920-2015)
‘Basauri Antzinako’ liburua,
GEURIAk euskaratua

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak