El Social
73. zenbakia. 2006/06/30
Iñaki Erdoiza
1937ko ekainaren 15ean Francoren tropak Basaurin sartu ziren eta egun bat geroago Bilbo hartu zuten. Azken aldian herri mugimendu asko daude Gerra Zibilean garaitutakoen biktimen oroimena berreskuratu nahian. Gure herrian ere errugabe askok jasan zituzten gerrako bidegabekeriak eta Mancha Aguirrebeitia anaien historia adibide krudela da, eta, haiek bezala, gatazka hartako biktima guztiek merezi dute auzokook ez ahaztea.
1937ko ekainaren 15ean tropa frankistek Basauri etengabe erasotu zuten Bilborako bidean zihoazenean. Kaleroko bizilagunak, bonbardaketetan zehar, Feve-ko trenbideko tunelera joaten ziren aterpera. Egun hartan, bonbak jaurtitzen ari zirela, bizilagunak korrika joan ziren berriro aterpera, euren etxebizitzak eta ondasunak atzean utzita. Mancha Aguirrebeitia familiako amama, ama, bi neskatila eta hiru mutiko ere babeslekura bidean zeuden (aita eta anaia nagusia frontean zeuden). Hiru seme-alaba (bi mutil eta neska bat) tunelera sartu ziren, baina une horretan jaurtikitako obus batek bete-betean harrapatu zituen amama, ama (39 urte), 13 urteko arreba eta 7 hilabeteko anaiatxoa, eta bertan hil zituzten.
Tunelera sartzea lortu zuten hiru anai-arrebak harrituta begiratu zuten haien familia nola desagertzen zen istant batean. Izeba batzuekin eta gainontzeko bizilagunekin ordu batzuk egon ziren tunelean bonbardaketak amaitu arte, eta ondoren Bilbora oinez abiatu ziren. Ume hauen zoritxarra ez zen bertan amaitu. Handik egun gutxira, Bilbo nazionalen eskuetan erori ostean, jakin zuten beren aita, Maximo Mancha Carreza, 1938ko martxoaren 12an fusilatu zutela frankistek Derion.
Txertoa
Hiru anai-arrebak Asturiasera eraman zituzten, eta gero, Frantziara bidali zituzten. Handik penintsulara itzultzea erabaki zuten eta Kataluniako Granollers herrira eraman zituzten. Kataluniako egonaldian, hiru anai-arrebei txerto batzuk jarri zizkieten, baina neskari gaizki eragin eta ondorioz hil egin zen. Mancha Aguirrebeitia familiatik bi senide baino ez zeuden bizirik: Enrique, 15 urtekoa, eta Felipe, 7 urtekoa. Frontean zegoen anaia zaharra ere bazuten, baina ez zuten berriro haren inguruan ezer jakin. Ziur asko gerra garaian hilko zen, baina ez da inoiz dokumentu ofizial batean agertu.
Bi anaia horien gorabeherek bi urte iraun zuten, eta, ondoren, Basaurira itzuli ziren euren izebekin bizitzera. Baina erregimen frankistaren presioak haien gainean jarraitu zuen, batez ere Enriquerengan, espetxera izan baitzen. 1937ko ekainaren 15 hark beti markatu izan du bi anaia horien bizitza, eta oraindik ere Kaleron bizi dira, mingostasunez gogoratuz bonba batek familiaren bizitza nola okertu zuen, ez arterik ez zatirik izan gabe.
Denbora luzeegian Enriquek eta Felipek ezin izan dute gertatu zitzaienaz hitz egin, eta, haiek bezala, Gerra Zibilaren ondorioak jasan zituzten Basauriko beste familia askok ere. Bada garaia bizipen horiek guztiak elkar ezagutzeko, argitara ateratzeko, inoiz errekonozimendurik eta babesik izan ez zuten biktima horien guztien omenaldi izan daitezen, eta ondorengo belaunaldietakook gertaera horien guztien berri izan dezagun eta gertatu zenaz memoria izan dezagun.
Oharra: artikulu hau idazteko, Enrique eta Felipe Mancha Aguirrebeitia, Roman Garcia eta Josean de Diegoren laguntza ezinbestekoa izan da. Eskerrik asko guztiei.
